Saioa hasi

PostHeaderIcon Emakume sortzaileen erakusketa Martxoaren 8a ospatzeko asmoz.

Margolanak, eskulturak, erliebe-lanak, tailak, piñatak, arropak, osagarriak... Debagoieneko emakumeek egindako askotariko  eskulanak erakutsiko dituzte Ibarraundi museoan martxoaren 8tik 18ra bitartean. Astegunetan 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:00etara eta asteburuan 11:00etatik 13:00etara izango da erakusketa zabalik. 

Bihar, martitzena, martxoak 8an inauguratuko duten erakusketan muntatzen. | Ikusi handiago | Argazki originala

"Zapatista elkartetik proposatu genuen, Udalean, emakume sortzaileak batzeko ideia. Urteroko Aste Zapatista antolatzeaz gainera, urtaro bakoitzean zerbait berezia antolatzeko gogoa piztu zitzaigun, eta Martxoaren 8a aitzakia ezin hobea iruditu zitzaigun. Ideia gustatu eta elkarlanean hasi ginen, herriko beste elkarte batzuengana ere hurbilduta", azaldu du Ahinara Zubizarretak, antolatzaile taldeko kideak.

Ahoz aho egin zuten sortzaileak batzeko deialdia, eta 20k baino gehiagok eman zuten baiezkoa. "Artista hitzaren harira eztabaida egon zen zeinen eta zelako lanak batu gura genituen zehazterakoan. Ez dugu mugarik jarri, zerbait erakusteko nahia zutenek izan dute bilduman parte hartzeko aukera. Herrikoez gainera, inguruko herrietakoak ere badaude. Artista profesionalak dira batzuk, baina gehienak, eskulanak zaletasun dituzten emakumeak", kontatu du Zubizarretak, Eskoriatzako zapatista taldeko kideak. 

Bihar, martitzenean jaialdia 

Martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Egunean, zabalduko dituzte erakusketako ateak, eta sekulako jaialdia antolatu dutela kontatu dute ekimeneko bultzatzaileek: "Jende eta elkarte askoren partaidetzarekin antolatu dugu, hori da-eta zapatista elkartea osatzen dugunontzako ardatz garrantzitsua; hau da, guk diogun moduan, beste mundu bat posible delako guztion aktibotasun, elkartasun eta elkarlanarekin. Txalapartariak, bertsolariak, musika eta beste hainbat sorpresa izango dira. Egun berezia da Martxoaren 8a; horregatik, bada, modu berezian ospatu gura dugu gurekin bat egin gura duten herritar edo kanpotik etorri gura duten guztiekin". 

Herriko plazan elkarretaratzea egingo dute, 18:00etan, eta ondoren Ibarraundira joango dira; 18:30ean da erakusketaren inaugurazioa. Ibarraundiko ekitaldian  moda desfilea ere izango da Debagoieneko diseinatzaileen eskutik; besteak beste, Amaia Albesek, Itziar Martinezek, Katalin Antxiak eta Eli Gallastegik jositako artelanak erakutsiko dituzte, herriko museoa pasarela bihurtuta.

Iturria:goiena.eus

http://gipuzkoakoartisauak.net/images/logo_dipu.jpg