Saioa hasi

PostHeaderIcon Eguenean irekiko da Lanbai Enplegu eta Formakuntza azoka.

Langabezian edo beren formakuntza aberastu nahi duten pertsonei zuzendutako azokak herritarrak, enpresak eta erakundeak harremanean jarriko ditu eguenean. Lehenago, bihar eta etzi, enpleguarekin eta laneratzearekin lotutako hitzaldiak izango dira Kulturaten.

Langabeziari aurre egiteko neurrien artean, datorren  eguenean, hilaren 19an, Lanbai Enplegu eta Formakuntza Azoka izango da Arrasaten. Udala eta Mondragon Unibertsitatea eskutik doaz ekimen honetan, baina hauekin batera Arrasate Geroa Ganoraz, Eures, Lanbide eta Eusko Jaurlaritza doaz. Hauekin batera, 40 enpresa baino gehiago egongo dira Mondragon Unibertsitateak Garaia Berrikuntza Gunean duen eraikinean eta helburu nagusiak graduatuak eta, enpresa eta erakundeak elkarrekin harremanetan jartzea eta graduatu ondoren dauden formazio aukera espezializatuak ezagutzea izango da. Lanbai azoka lan bila dabilen edozeinentzat bideratuta dago eta hitzordua eguenean, arratsaldeko 15:00etatik 19:00etara izango da.

Azokak lau gune desberdin izango ditu: lan poltsa eta orientazioaren gunea, curriculumak uzteko egokitutako enpresa gunea, elkarrizketak egiteko gunea eta unibertsitateak duen formazio espezializatuari zuzendutako gunea. Azken honetan, unibertsitate masterrak eta profesionalei zuzendutako prestakuntza azalduko da. Enpresa eta erakundeen gunean, arlo edo sektore desberdinetako enpresak egongo dira, bakoitza bere stand propioarekin eta interesatuek curriculumak pertsonalki uzteko aukera izango dute bertan. Hala, enpresa edo erakunde horrek profil zehatz bat behar duenean, curriculum hauetara joko du.

Hitzaldiak Kulturaten eguaztenera arte

Lanbai Enplegu eta Formakuntza Azoka eguenean izango da, baina lehenago, bihartik hasita, enpleguarekin eta laneratzearekin zerikusi zuzena duten pare bat hitzaldi antolatu dira Kulturaten eguaztena bitartean. Bihar, martitzena, izango da hauetako lehena eta bertan, Online erreputazioa landuko da. Kulturaten izango da, arratsaldeko 18:00etan, eta hizlaria Miguel Fernández Mondragon Unibertsitateko irakaslea eta gai hauetan aditua izango da. Honek, online erreputazioa zer den azaldu ostean, berau nola hobetu edo honek enplegugarritasunean izan dezaken eragina izango ditu berbabide. Etzi, ostera, curriculuma nola prestatu azalduko dute leku eta ordu berean.

Iturria: MONDRABERRI.com

http://gipuzkoakoartisauak.net/images/logo_dipu.jpg