Saioa hasi

PostHeaderIcon Gazte arrasatearrak programazio nozioak ikasten ari dira Ikasgela Ibiltariak ekimeneko autobusean.

Biteri plazan da gaur autobus ibiltaria. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Orona Fundazioak sustatutako ekimena herriz herri dabil uztailean. Martitzenean Eskoriatzako herriko plazan izango da.

Gazte arrasatearrak programazio nozioak ikasten ari dira Ikasgela Ibiltariak ekimeneko autobusean
Ikasgela Ibiltariko saio bat, gaur, Arrasaten. | Ikusi handiago | Argazki originala

Programazioaren ikaskuntzaren bitartez lehen adinetan —8-16 urte— dauden haurren eta gazteen artean teknologien erabilera egokia eta sortzailea bultzatzeko helburuarekin abiarazi zuten Ikasgela Ibiltaria. Ekainaren 28an eman zioten hasiera abenturari Donostian, eta uztailaren 30era bitartean Gipuzkoako hainbat herritan izango da.

Teknologiaren aldeko jakin-mina eta bokazioa sustatu gura dituzte, eta 8-16 urte bitarteko gazteei sei ikastaro edo tailer eskaintzen dizkiete bi hezitzailek. "45 minutuko saioak izaten dira eta normalean ez dago aurrez izen eman beharrik. Batzuetan taldeak ditugu hitzartuta, baina ez beti", adierazi du Maialen Beltran hezitzaileak. "Kode Eskolaren barruan dago Ikasgela Ibiltaria. Eskaintzen ditugun tailerrak dira Scratch, Game Maker, webguneak sortzeko tailerra, programazioa ordenagailurik gabe, programazioa I eta programazioa II".

Beltranek azaldu du Scratch tailerra 8-12 urte bitarteko neska-mutikoei dagoela bideratuta. "Irudiekin programatzen ikas daiteke eta jolas txikiak programatzen ikasten dute umeek. Asko erabiltzen ari dira eskoletan haurrak programazioaren munduan sartzeko".

Game Maker oinarrizko bideo-jokoak programatzeko erreminta da. "12-16 urte bitarteko neska-mutikoendako egiten dugu logika eta matematika nozio batzuk eskatzen dituelako. Webguneak sortzeko tailerrean, berriz, bakoitzak bere webgunea sortzen du: izena ipintzen dio eta argazkitxo batzuk ere bai. Html hizkuntzarekin egiten dugu".

Ordenagailurik gabeko programazioa ere egiten dute. "Denbora pasa batzuen bitartez ordenagailuaren logika apur bat ulertzen saiatzen gara. Pixelen bidezko marrazki batzuk egiten ditugu, eta lantzen ditugu irudimena eta logika matematikoa", esan du Beltranek. Gazteen heldutasun mailaren arabera programazio saioak ere eskaintzen dituzte: bi maila daude.

Martitzenean Eskoriatzan

Maialen Beltran hezitzaileak azaldu du arrera oso ona izaten ari direla. "Eguraldi oso ona egiten duenean eta kostaldean bagaude nabaritu egiten dugu, baina haurrak gustura ikusten ditugu eta ari gara saioak betetzen".

Martitzenean Eskoriatzako herriko plazan izango da Ikasgela Ibiltaria. Ordenagailuz betetako autobus gorri bat da eta programazioaren munduan lehenengo urratsak emateko oso egokia.

Iturria:goiena.eus

http://gipuzkoakoartisauak.net/images/logo_dipu.jpg