Inicio de sesión

PostHeaderIcon Zabalik dago HAZILAN proiektuaren 7.edizioan izena emateko epea.

Debagoieneko Mankomunitateak sustatutako proiektuak gazte kualifikatuen laneratzea erraztea du helburu. Hazilan proiektua Euskadiko Programa Operatiboaren barne dago eta Europako Gizarte Funtsak % 50ean finantzatzen du.

Proiektuaren 7.edizioa irailaren 9an hasiko da, eta bertan izena emateko epea zabalik dago uztailaren 30era arte. Eskabide orria Debagoieneko Mankomunitateko web orrian edota bertaratuta jaso daiteke.

Hazilan proiektuak eskualdeko pertsona kualifikatuen laneratzea erraztea du helburu eta bi fasetan banatzen da; hasteko, konpetentzia pertsonal eta profesionaletan trebatzeko 80 orduko tailer batean partehartzen dute, eta ondoren, eskualdeko enpresetan praktikak egiten dituzte, lan-merkatura hurbildu eta lan-esperientzia hartzeko helburuz. Partehartzeko honako baldintzak bete behar dira: 20-44 urte bitartean izatea, goi-mailako ikasketak amaituta izatea (lanbide heziketako goi-mailako ziklo bat edota unibertsitate ikasketak) eta Debagoieneko herriren batean erroldatuta egotea. Langabe egotea ez da ezinbesteko baldintza izango.

Plazak mugatuak direnez, uztaila amaieran eta iraileko lehen astean elkarrizketak burutuko dira uztailaren 30era arte izena eman dutenekin, hautaketa egin eta irailaren 9an proiektua martxan hasteko. Ikasketa alorrean esperientzia gutxi duten pertsonek izango dute lehentasuna.

Aurkezpen jardunaldia

Proiektuaren berri emateko eta zalantzak argitzeko uztailaren 4an, osteguna, goizeko 10:00etan aurkezpen jardunaldi bat antolatu du Mankomunitateak interesa duten guztiei zuzenduta. Jardunaldia Debagoieneko Mankomunitatean izango da (Nafarroa Etorbidea 17an, Arrasaten). Bertaratzeko asmoa izanez gero, deitu 943793090 telefonora edo e-mail bat idatzi hazilan@debagoiena.eus helbidera.

Enpresentzat ere eskaerak egiteko epea zabalik

Era berean, HAZILAN proiektuak unibertsitate-ikasketak edota Lanbide Heziketako goi mailako tituluak PRAKTIKETAN hartzeko aukera ematen die enpresei. Horretarako, enpresak bilatzen duen perfila zehaztu beharko du eskaera orrian. Jadanik 50 enpresa baino gehiagok baliatu dute aukera hau, pertsona kualifikatuak praktiken bitartez ezagutu eta enpresan txertatzeko.

Emaitzak

Hazilan-en aurreko 6 edizioetan 85 pertsonek partehartu dute; horietatik %65a emakumezkoa izan da, eta %35a gizonezkoa. Praktikak partehartzaileen %70ak egin dituzte, eta horietatik %67ak lana aurkitu du; erdiak baino gehiagok praktikak egindako enpresan jarraitu du lanean, eta gainontzekoek beste enpresa batean topatu dute lana.

Badaude praktikak egin gabe, Aktibatu fasea amaitu eta zuzenean lanean hasi direnak, eta baita praktikak bilatu bitartean lana aurkitu dutenak ere.

Partehartzaileen %13ak langabe jarraitu du proiektuan partehartu ondoren, eta badira ikasten jarraitu duenik ere. Hala ere, praktikak egin ondoren lan bila jarraitu dutenetatik, 10etik 6, 6 hilabetera lanean egon dira. Beraz, esan daiteke Hazilan-ek, partehartzaileen egoera laborala nabarmen hobetzen duela.

Iturria: mondraberri.com

http://gipuzkoakoartisauak.net/images/logo_dipu.jpg