Inicio de sesión

PostHeaderIcon Ekintzailetza sustatzeko jardunaldietan Mondragon Unibertsitateko 200 ikasle elkartu dira.

Ekintzailetza sustatzeko asmoz unibertsitateak antolatutako XI. Ekiten Topaketan lau fakultatetako –Goi Eskola Politeknikoa, Enpresagintza Fakultatea, Gastronomia Zientzien Fakultatea eta Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea– 200 ikaslek egin dute bat. Diziplina anitzeko taldetan elkartuta, negozio-eredua garatzeko erabiliko duten ideia berritzailea diseinatu dute.

Hainbat ekintzaileren hitzaldiak izan dituzte jardunaldia hasteko. Satur Insaustik (Goizperreko I+G+b saila), Damian Hryniewiczek eta Amaia eta Asier Galdosek (Magnet, S.Coop. start up teknologikoa) azaldu diete nola egin bat hornitzailea-bezeroa harremana duten bi enpresak. Eriz Delgadok gizarte-ekintzailetzaren gainean jardun du, eta bere negozio-ereduaren berri eman die: Txokobide Gizarte Inklusiorako Bankua. Azkenik, Iker Merchanek, La Salve Bilbao enpresaren bazkide sortzaileak, marketinak eta komunikazioak duten garrantzia nabarmendu du. Behin bizipen horiek entzunda, ikasleek taldetan landu dituzte negozio-ereduak.

Ekiten lehiaketa abian

Gaurko jardunaldia Ekiten lehiaketaren hasiera izan da. Unibertsitateak urtero antolatzen du lehiaketa hori, orotariko esparruetako ideiarik onenak aukeratzeko. Izena emateko epea zabalik dute ikasleek eta ekainaren 15ean emango dituzte ezagutzera hiru kategorietan saritutako proiektuak; astebete geroago, ekainaren 22an, banatuko dira sariak.

Lehiaketako enpresa-ideia berrien atalak Gaztenpresaren babesa du, landa-inguruneak garatzeko ideia eta proiektuen atalak Landaolarena, eta pertsonen bizitza errazteko produktu eta zerbitzuen atalak Kimu Berrirena.

Iturria: goiena.eus

http://gipuzkoakoartisauak.net/images/logo_dipu.jpg