Inicio de sesión

PostHeaderIcon Mondragon Unibertsitateko talde batek irabazi du PBL Day-ko Txapelketa

MUk errealitatean oinarritutako ingeniaritzako proiekturik onena aukeratu du 1.150 ikaslek prestatutako 450 proiektuen artean. Unibertsitateko lehen PBLDay (Project Based Learning) martxoaren 3an ospatu da Orona Ideon, ikasleek Arazoetan eta Proiektuetan Oinarritutako Ikaskuntzari (PBL) buruzko esperientziak partekatzeko.

595.PBL-Day-Irabazleak.MU.jpg (id: 9435904)


MONDRAGON UNIBERTSITATEko Goi Eskola Politeknikoko graduko eta masterreko 1.150 ikaslek urrian heldu zioten 450 proiektu burutzeko lanari, seihilekoko ikasketa akademikoaren baitan eta Arazoetan eta Proiektuetan Oinarritutako Ikaskuntzari jarraituz. Lan horietatik guztietatik 32 hautatu eta gaur eman da ezagutzera irabazlearen izena, MONDRAGON UNIBERTSITATEAren lehen PBLDay (Project Based Learning) ekitaldian. Hori Orona Ideon egin da, horixe baita unibertsitatearen, enpresaren eta teknologia-zentroaren arteko harremanetarako erreferentziako tokia.
 
Ospakizunaren bidez, Proiektuetan Oinarritutako Ikaskuntzaren (PBL) metodologia nabarmendu nahi du unibertsitateak; hau da, eginez eta benetako arazoetarako konponbideak bilatuz norbere burua prestatzen ikastea. Egun osoan zehar, lehiaketarako hautatu diren 32 PBLen erakusketa egingo da panel eta bideoen bidez, eta 2016ko PBLrik onenaren saria eman da. Horretaz gain, hainbat enpresa eta erakundetako hizlariak ere hurbildu dira, hala nola Gaizka Garitano futbolari ohia eta Eibarko eta Real Valladolideko entrenatzaile ohia, Julen Hernández youtuberra eta Eli Pinedo eta Montse Puche Bera Berako jokalariak.

Proiektuak
Hautatutako 32 proiektuak seihilekoan zehar ikasleek landu dituzten 450 proiektuen laginak baino ez dira. Esparru guztietako proiektuak aukeratu dira PBL proiekturik onenaren saria eskuratzeko lehiatze aldera. Nabarmentzekoak dira, besteak beste: energiaren esparruan, mendiko aterpe baten energia-azterketa eta -diseinua; Industriako Ekoteknologien arloan, skateboard prototipo baten prozesua eta fabrikazioa; Industria Diseinuaren arloan, drone topografiko baten diseinua; Informatikaren esparruan, eskuak errehabilitatzeko sistema; Antolamenduaren arloan, mokor-inplante baten industrializazioa; Telekomunikazioen adarrean, elektrokardiograma baten urruneko monitorizazioa; mekanikaren arloan, erreskate-lanetarako ibilgailu autonomo bat; eta Industria Ingeniaritzan, irrati bidezko kontrol elektrikodun auto baterako konpositezko karrozeria autosostengatzailearen garapena.

PBL metodologia
MONDRAGON UNIBERTSITATEA aitzindaria da estatuan bere fakultateetan Arazoetan eta Proiektuetan Oinarrituriko Ikaskuntza (PBL) ezartzen. Metodo horren helburua ikasleek benetako arazoei aurre eginez eta konponduz ezagutzak eskuratzea da. Izan ere, ikasteko eta ikasleak bizitza osoko lanbide-ibilbiderako prestatzeko era praktikoa da. Ikasturte bakoitzeko seihileko guztietan, ingeniaritzako ikasleek benetako erronka bati egin beharko diote aurre, lantaldean. Hau da, benetako erronka edo arazo baterako konponbidea aurkitu beharko dute, seihileko horretan landutako ezagutza-arloak erabiliz. Ikasleek eurek zehazten dute ikaskuntza-ibilbidea, eta proiektua egoki garatuko dela zaintzeaz arduratzen diren tutoreen eta adituen begiradapean jarduten dute.

Orona Ideo
Oronaren berrikuntza-ekosistemaren ardatza da Orona Ideo. Bertan, enpresaren munduak, ikerketa-zentroek eta unibertsitateak bat egiten dute, baita inguruarekiko konpromisoak ere, haren fundazioaren jarduerari esker. Agertoki horretan, produkzio intelektualaren zentro gisa aurkezten da Orona Ideo Factory. Bere jarduera lau arlotan egituratzen du: barne-, gizarte-, hezkuntza- eta inguru-garapena. Unibertsitateak eta PBL Day-k zeregin garrantzitsua dute jarduera horretan.

Jardunaldia
Jardunaldiko jarduera garrantzitsuena 08:30ean hasi da, 32 proiektuen erakusketarekin. Irekiera-ekitaldia, berriz, 09:00etan izan da, eta honako hauek hartu dute parte bertan: Adolfo Morais Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordea; Miguel Encabo Oronako Teknologia eta IKTen arloko zuzendari korporatiboa; eta Bixente Atxa MONDRAGON UNIBERTSITATEko errektorea. Erakusketaz aukeraturiko ikasle-taldeak arduratu dira. Bertan, maketak eta prototipoak funtzionatzen ikusi ahal dira, baita bideoak eta garaturiko materiala ere.
10:00etan Bera Berako Eli Pinedo jokalariak eta Montse Puche entrenatzaileak hartu dute lekukoa, “Lidergoa eta talde-lana” gaia jorratzeko.
11:00etan, ikasleek aurkezturiko proiekturik onenaren 2016ko PBL saria eman da. Ekitaldi horretan izan dira, besteak beste, Iñigo Marquet Orona Fundazioko Garapen zuzendaria; Jon Altuna MONDRAGON UNIBERTSITATEko errektoreordea; eta Carlos García, MONDRAGON UNIBERTSITATEko Goi Eskola Politeknikoko koordinatzaile nagusia.
Saria eman ondoren, Joxeina Etxebarria Euskadi Gaztea irratsaioko esatariaren hitzaldia etorri da, 11:30ean.

Arratsaldean, Julen Hernández youtuberra arituko da "Youtube: afizio eta ofizio" izeneko hitzaldian, eta ondoren Gaizka Garitano futbol-jokari ohiak eta Eibarko eta Real Valladolideko entrenatzaile ohiak hitz egingo du (16:30ean).

Jardunaldia amaitzeko, ingeniaritzako ikasleek beren botoekin aukeraturiko PBLari emango zaio saria. Horren bidez, beren ikaskideek eginiko lana aitortu ahal izango dute.

Iturria:mondraberri.com

http://gipuzkoakoartisauak.net/images/logo_dipu.jpg