Inicio de sesión

PostHeaderIcon Titulatu berriendako eta herriko langabeak kontratatzeko, 150.000 euro aurten.

Arrasateko alkate Maria Ubarretxenak eta Saiolaneko zuzendari Joseba Sagastigordiak titulatu berriendako beken programa eta herriko enpresetan langabe arrasatearrak kontratatzeko diru laguntzak aurkeztu dituzte gaur Garaia Berrikuntza Gunean. 2014an abiatutako ildoari jarraituko diote bi programek; titulatu berriek urriaren 30a baino lehen eman beharko dute izena lan-poltsan –BAZera jo behar dute– eta enpresek azaroaren 30era arte epea izango dute langabeak kontratatzeko eskaerak bideratzeko. 

Tituludun berriendako bekak deritzon programak Arrasateko tituludun berriei bekak ematea du helburu, ikasketak burutu ondoren bailarako enpresetan praktikak egin ditzaten, eta, ahal bada, Arrasateko enpresetan. Programarekin gazte tituludun berrien ekarpena bertako enpresetan geratzea sustatu nahi du Udalak. Debagoiena Eraldatzen programaren baitan sektore ezberdinetako enpresa batzuei egiten ari zaien diagnosia hartuko da oinarritzat, enpresa horien premiak ezagutzeko. Ondoren, atzemandako beharren soluziobidea izan daitezkeen proiektuak proposatuko dira. Tituludun berriek burutuko dituzte proiektu horiek enpresendako. 

Programa horretarako gehienez 50.000 euro erabiliko dira, eta ezarritako diru kopurua agortutakoan bukatutzat emango da programa.

Titulatu berriak, urriaren 30era arte

2015eko tituludunen poltsan izena emateko epea 2015eko urriaren 30era arte dago irekita. Udalak interesatuei gomendatu diete lehenbailehen izena emateko tituludun berrien poltsan, proiektuak identifikatu ahala egingo delako aukeraketa, une horretan poltsan daudenen artean. Bestalde, bertako enpresei gogorarazi diete programa horretan ere parte har dezaketela. Horretarako Saiolanekin harremanetan jarri beharko dira urriaren 15a baino lehen, euren proiektuen xehetasunak azaltzeko. Proiektua programarekin bat etorriz gero, tituludun berri bat esleituko zaio enpresari; tituludunak, berriz, Udalaren beka eskuratuko luke, gehienez sei hilabetez, eta Saiolanen tutoretzapean egingo luke lan proiektu horretan.

Herriko langabeen kontratazioa sustatzea

Programaren helburua da Arrasateko enpresetan herriko langabeen kontratazioa sustatzea. Diruz lagunduko diren lan kontratuak gutxienez sei hilabetekoak izango dira, egun osoko lan jardunekoak, 50 langile edo gutxiago dituzten Arrasateko enpresetan. Langabeei dagokienez, Arrasaten erroldatuta egon behar dira gutxienez 2015eko urtarrilaren 1etik. 

Programa horretan gehienez 100.000 euro erabiliko dira, eta ezarritako diru kopurua agortutakoan bukatutzat emango da programa.

Iturria: GOIENA.eus

http://gipuzkoakoartisauak.net/images/logo_dipu.jpg