Inicio de sesión

PostHeaderIcon Sergio Scariolok saskibaloia eta teknologia berrien inguruan jardungo du Goi Eskola Politeknikoan.

Saskibaloia eta teknlogia berriak" goiburupean, Laboral Kutxa Baskonia saskibaloi talde gasteiztarreko entrenatzaile Sergio Scariolok hitzaldia eskainiko du Arrasaten martxoaren 25ean, asteartea.  Hitzordua arratsaldeko 20:15ean izango da Goi Eskola Politeknikoko 7006 gelan, gai edo pertsona  honen inguruko interesa duten guztientzat irekia eta sarrera doakoa izango delarik.

Mondragon Unibertsitateko Kirol Zerbituak eta Arrasateko Ointxe Saskibaloi Elkarteak elkarlanean antolatu dute hitzaldi hau, eta plaza mugatuak izango direnez, aurrez izena ematea ezinbestekoa izango da.  Horretarako, Mondragon Unibertsitateko kirol zerbitzura jo beharko da, kirolak.mgep@mondragon.edu helbidera idatziz. Izena emateko azken eguna martxoaren 20a, osteguna, izango da.

1961eko apirilaren 1ean Brescian (Italia) jaioa, Sergio Scariolo 2013-2014 denboraldiaz geroztik ACBko Laboral Kutxa Baskonia taldeko entrenatzailea da.  Honetaz gain, 2009tik 2012ra Espainiako Selekzioa ere zuzendu zuen, bi aldiz jarraian Europako txapeldun izanik, 2009an eta 2011n.  Era berean, 2012ko Londreseko Joko Olinpikoetan ere txapeldunorde izan zen.

Saskibaloi ibilbideari 1980an ekin zion Scariolok minibasketarekin, eta handik gutxira Bresciako taldeko bigarren entrenatzaile izendatu zuten.  Ondoren Victoria Libertas Pesaro taldeak fitxatu zuen, eta ekipo horrekin 1985ean Mundial Militarra delakoa irabazi zuen.  29 urte zituelarik, 1990an Scudettoa –Italiako txapelketa- irabazi zuen, eta handik urtebetera Unione Sportiva Pallacanestro Aurora Desio hasi zen entrenatzen.  1993an Fortitudo Pallacanestro Bologna taldera joan zen, eta bertako aulkitxoa okupatu zuen 1996ra arte.

Handik urtebetera heldu zen ACB ligara Scariolo, garai horretako TAU Baskonia Vitoria entrenatzeko, egungo Laboral Kutxa.  Gasteiztarrekin lehen postuan sailkatu zen liga erregularrean, 1997-1998ko ACB Ligako finalerako txartela lortuz.  Bere bigarren kanpainan, 1999an, Errege Kopa irabazi zuen.

Urte horretan bertan Real Madrilek fitxatu zuen, saskibaloi ataleko entrenatzaile eta kirol zuzendari izendatuz.  Merengeekin 2002ko ekainera arte egon zen; lehenengo denboraldian Liga irabazi egin zuen eta Espainiako entrenatzailerik onena izendatu zuten, hurrengo urtean Errege Kopako finalista eta Ligako txapeldunorde izan zen, eta 2001-2002 denboraldian ez zuen final bakar baterako txartela lortu.  Emaitza kaskara horiek bere agurra eragin zuten.

2003an Unicajak fitxatu zuen, eta entrenatzaile italiarraren gidaritzapean bere historiako aurreneko titulua erdietsi zuen Malagako taldeak, 2005eko Errege Kopa.  Honetaz gain, 2005-2006ko ACB Liga ere irabazi zuen.  Andaluzia aldean bost urte eman zituen Scariolok, bere lekua Aíto García Renesesek bete zuen arte. 

Telebista kate ezberdinetan hizlari moduan lan egin ostean, 2008ko abenduan Errusiako Khimki BC taldera joan zen, eta bertan 2010era arte egon zen.  2009az geroztik ekipo horretako ardura Espainiako Selekzioko hautatzailearekin uztartu zuen.  2011n Olimpia Milanoren deia jaso, eta bertan bi denboraldi eman zituen, 2013-2014 ikasturtean Joxean Kerejetak fitxatu zuen arte.

Iturria: MONDRABERRI.com

590 (id: 7860641)

http://gipuzkoakoartisauak.net/images/logo_dipu.jpg