Inicio de sesión

PostHeaderIcon Oparo dator Kimu Berriren hirugarren edizioa

Bihar, eguena, hasiko da Kimu Berri proiektu berritzaileen erakusketaren hirugarren edizioa, Arrasateko Kulturaten; bertan egongo da domekara arte, eta Oñatiko Enpresagintza fakultatean datorren asteko martitzenetik eguenera. Oparoa izatea aurreikusten da: guztira 26 proiektuk hartuko dute parte erakustaldian eta, horretaz gain, zazpi egilek zehaztasunak emango dituzte eurek burututako proiektuei buruz.

Gazteengan ekintzailetasuna bultzatzea eta indartzea bilatzen du ekimenak eta helburu horrekin azken ikasturtean garatutako proiektuak ikusgai egongo dira bihartik aurrera: ekintzaileek 26 proiekturen edukia plazaratuko dute eta zazpi zuzenean aurkeztu.

MUko ikasleek egindako proiektuak dira batik bat, Gazteria, Aisialdia edo Kirola gai moduan hartuta, beti ere; eta edizio honetan, zehazki, isasertzerako balio dezaketen negozio ideiak edo jasangarritasunarekin zerikusia dutenak izango dira. Bertan egongo da, adibidez, igeriketa egiteko indarra ematekn duen tramankulu bat; jada nahiko aurreratuta dagoen proiektua.

Bertan arituz, enpresa berriak sortzeko deia

ISEAko zuzendari nagusi Mikel Orobengoaren iritziz, ekintzaile izateko gogoa hazten doa eta apurka apurka ari dira enpresa berriak sustatzen. Izan ere, gehienak asko landu gabeko proiektuak diren arren, Mondragon Unibertsitatearen bitartez badira horiek garatu eta erralitate bihurtzeko bideak.

Eta hain justu ere, horretara animatu gura dituzte gazteak Kimu Berritik, Europako mandatari askok diotenaren kontra: bertan arituz, enpresa berriak sortu eta aberastasun ekonomiko eta soziala lortzera. 

Arrasatetik Oñatira

Erakusketa Arrasateko Kulturaten egongo da bihartik domekara –hilak 20-23–, eta Oñatiko Enpresagintza fakultatean datorren asteko martitzenetik eguenera –hilak 25-27–. Martitzenean, hilak 25, Startup Pitching lehiaketa-saioa ospatuko da bertan.

ISEArekin batera, Kimu Berrin parte hartzen dute Debagoieneko Mankomunitateak, MUk, Saiolanek eta Athlonek.

Iturria. GOIENA.net

http://gipuzkoakoartisauak.net/images/logo_dipu.jpg