Inicio de sesión

PostHeaderIcon Ohiko bizimoduarekin lotura duten negozio aukerak identifikatu dituzte Garaian.

Horizon 2020: Daily life” izeneko Workshopa burutu dute gaur, osteguna, Garaia Berrikuntza Gunean H-Eneak dituen instalakuntzetan.  Bertan Goi Eskola Politeknikoko Enpresa Berrikuntza eta Proiektuen Zuzendaritza Masterreko 36 ikasle eta irakasle inguru bildu dira, baita enpresa munduko zenbait ordezkari ere, helburu bakarrarekin:  pertsonen ohiko bizimoduarekin lotura duten negozio berrientzako aukerak identifikatu.  Ekimen hau Mondragon Unibertsitateak antolatu du Goi Eskola Politeknikoaren bitartez, Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntza, Landa Garapen eta Turismo departamentuak babesten duen Kimuberri proiektuaren baitan. 

Garaian bildutakoek eguneroko bizimoduarekin harremana duten zerbitzu, produktu eta negozio eredu berriak bilatu dituzte gaurko jardunaldian.  Horretarako, zenbait ideia hautatu dituzte, eta ondoren parte hartu duten ikasleek euren seihileko proiektuen baitan garatuko dituzte.  Behin ikasleek proiektu horiek amaituta, parte hartu duten enpresek emaitza horiek kontsultatzeko aukera izango dute.

Gaurko Workshopa goizeko 8:30ean hasi eta eguerdiko 14:00etara luzatuko da.  Hasierako harrera eta aurkezpenaren ostean, bertaratutakoek lau hitzaldi entzuteko parada izan dute:  APTESeko Adriana Martínezek "La tecnología Social como oportunidad para el desarrollo socio-económico" gaia landu du, H-eneako Txabi Gorritxategik "Una perspectiva de la vida cotidiana desde el HOGAR" izan du hizpide, Gureak taldeko Jon Ander Arzallusek "Retos sociales en la vida cotidiana de las personas con discapacidad" izeneko hitzaldia eskaini du eta, azkenik, Mondragon Goi Eskola Politeknikoko Asier Aztiria "La vida cotidiana de las personas desde la perspectiva de la Salud: Retos y Oportunidades" gaiari buruz jardun du.

 Hitzaldi hauen guztien ostean Garaian bildutakoek atsedenaldia egin, eta ondoren aukera-eremuak identifikatzeko kolaborazio-lana gauzatu dute.  Hori egin eta gero aukerak gauzatzeko lan-programa definitu dute, eta hori amaituta, itxiera ekitaldiaren txanda izan da.

Iturria: MONDRABERRI.com

http://gipuzkoakoartisauak.net/images/logo_dipu.jpg