Mundukide Fundazioak Kooperatiben Arteko 1. Lasterketa Solidarioa antolatu du.
Ekitaldi hau "Hegoaldeko herri pobretuen bizitza duin batean aldeko aldarrikapena" dela azaldu dute antolatzaileek. Uztailaren 5ean ospatuko da, hain zuzen, Kooperatiben Nazioarteko Egunean. "Elkartasun unibertsalaren alde korrika egin nahi dugu, kooperatiben baloreetariko bat delarik".
Testua, kartela eta bideoa: Mundukide / Argazkiak: GLH / 2015eko ekainak 17, asteazkena
Mundukidek kausa solidario baten alde bilduko ditu kooperatibetako taldeak Urkuluko ingurune naturalean. Entzun bedi zure bihotz-taupada kooperatibistaren oihartzuna HEGOALDEKO herrialdeetan!
Irudika ezazu zeure burua 7 kilometroak hiru lankiderekin batera egiten, helmugara iritsi ezin direnei lagunduz, irribarrea ezpainetan, adore faltaren aurkako borrokan elkarri bihotz emanez… eta besarkadaren zirrara taldean egindako azken ahaleginaren ostean. Ba ote da taldea osatzeko eta taldea bizitzeko modu ederragorik? Mundukidek erronka hori eskaintzen dizu.
Kooperatiba arteko Mundukide lasterketa solidarioak talde lanaren balioa jartzen du agerian kooperatibismoaren identitatearen ezaugarri gisa; hori dela eta, lasterketa honetan, taldekide bakarra ez, talde osoa iritsi behar da batera helmugara.
Taldetasuna, beraz, funtsezko faktorea da lasterketa honetan, baina ez bakarra. Tartean daude ilusioa, eskuzabaltasuna, nork bere burua ematea, elkartasuna… Gainera, sortuko diren dinamikek iraun egingo dute bai laneko bizitzan bai bizitza pertsonalean.
Batu zaitez taupadara! Parte hartu lasterketan eta utzi zure bihotzari HEGOALDEAN bizitza duin baterako aukerak ponpatzen.
EZAUGARRIAK
- Inskripzioa kooperatiba guztiei eta kooperatibez osatutako organuak dituzten entitateei irekia dago.
- Lasterketa Urkuluko sarreratik aterako da goizeko 11:00etan.
- Kooperatiba bakoitzak nahi adina talde inskribatu ditzazke (A, B, C…).
- Enpresa bereko 3 lagunez osatu behar dira taldeak.
- Talde osoa batera iritsi behar da helmugara.
- Edozein koloreko kamisetak eraman daitezke.
- Talde sailkapena iriste hurrenkeraren arabera egingo da.
- Kronometrajea eskuz egingo da.
- Izen-ematea (ekainaren 26a baino lehen): http://www.mundukide.org/lasterketa/izena-eman/
Oharrak:
- Korrikalari bakoitzak kooperatibako langilea dela frogatzeko giza baliabide departamenduko eskutitz/ziurtagiri bat aurkeztu beharko du dortsala hartzerako orduan.
- 10 pertsona baino gutxiagoz osatuta dauden kooperatiben kasuan, taldea osatzeko nahikoa izango da kooperatiba horretako bazkide bakar baten partehartzea. Gainerako pertsonek ez daukate kooperatibako langile izan beharrik, baina lasteketan bazkide denaren kooperatiba ordezkatuko dute.
MAILAK
- Gizonezkoak (3 gizon)
- Emakumezkoak (3 emakume)
- Mistoa (sexu ezberdineko korrikalari bat gutxienez)
IZEN EMATE KUOTA
30 € talde bakoitzeko
- 3 dortsal
- 3 kamiseta opari
- 3 aseguru korrikalarientzat
- Horniketa postua metan
SARIAK (kategoria bakoitzeko lehenengoentzako)
- Lehenengo taldearentzat: Kirol materiala talde guztiarentzat
- Bigarren taldearentzat: Kirol materiala talde guztiarentzat
- Hirugarren taldearentzat: Kirol materiala talde guztiarentzat
DORTSALAK JASOTZEKO LEKUA
Uztailak 5ean, 09.30 etatik 10.30tara irteera puntuan.
IBILBIDEAREN EZAUGARRIAK
7 km-ko ibilbidea
Urkuluko urtegia Aretxabaletako udalerrian kokatua dago, eta bere perimetroaren distantzia 6,4 km-koa da; perimetro eta edukiaren arteko ekuazio geometriko perfektu bat, bidaiaria erabateko ongizate batean bilduko duena.
Auto bidezko sarbidea Aretxabaletako herritik egiten da, hirigunetik hasitako 3 km inguruko igoera gogor baten ostean. Urkuluko urtegia 333 m-ko altueran kokatua dago.
Jendea orokorrean pasiatzera, korrika egitera edota patin zein bizikletan ibiltzera etortzen da. Urtegiaren perimetroa guztiz asfaltatua dago.
Iturria:MONDRABERRI.com