Inicio de sesión

PostHeaderIcon MUko bi ikasle talderen proiektuak saritu dituzte ESTIAren Berrikuntzarako 24 ordu lehiaketan.

Mondragon Unibertsitateko ikasleak saritu dituzte Estia Ingeniaritza Eskolaren Berrikuntzarako 24 ordu lehiaketan.  Hain justu ere, MUko Industria Diseinuko eta Produktu Garapeneko Ingeniaritzako graduko ikasleek parte hartzen zuten taldeetako bik Epaimahaiaren Sari Berezia eta Ekodiseinu bereizgarriaren Saria eskuratu dute.

Enpresek, laborategiek eta sortzaileek proposatutako gaietan oinarrituko diren produktu eta zerbitzu berritzaile eta sortzaileen kontzeptu berriak garatzea da mundu mailako berrikuntza-lehiaketa horren helburu nagusia.

Hala, Epaimahaiaren Sari Berezia, Jury’s Favourite Award izenekoa, Drop N’Go deituriko taldearentzat izan da, Technoflex enpresak planteatutako izen bereko proiektuari esker. Ikasleek 24 ordu izan zuten ospitaleetan erabiltzen diren serum-poltsak berriz diseinatzeko. Proiektuari heltzeko eta erizainek halako materiala erabiltzean izaten dituzten arazo handienak antzemateko, ikasleek eurek Graduko ikasketetan erabiltzen dituzten Design Flow-aren (aire-fluxuko probak) antzeko tresnak erabili zituzten. Technoflex enpresako adituen laguntza ere izan zuten prototipoa diseinatzeko unean.

Proposamenaren asmoa: serum-poltsen ekoizpena eta biltegiratzea hobetzea, errazago eta segurtasun handiagoz erabiltzeko (horretarako, adibidez, RFID txip bidezko identifikazioa proposatu zuten) eta alferrik galtzea saihesteko.

Talde horretan izan ziren Itziar Udaondo eta Oihane Carrillo MUko industria Diseinuko Graduko ikasleak, beste eskola batzuetako ikasleekin batera.

Korapilo taldeak garatutako Hari’Up proiektuak, berriz, Ekodiseinu Bereizgarriaren Saria eskuratu du. Talde horren erronka Up Cycling-ean oinarritutako birziklatze/berrerabiltze-prozesua diseinatzea izan zen; hau da, dagoeneko baliorik ez duten objektuak, zabor bihurtuko direnak, erabilera eta balio handiagoko material edo objektu bihurtzeko prozesua diseinatzea. Arropa bildu eta berrerabiltzera zuzendutako prozesu osoa diseinatu zuen taldeak, eta itsas garraioan erabili ohi diren antzeko edukiontziak herriz herri eramatea proposatu zuten, ekimenaren erabilera sustatzeko.

Proiektuan edukiontzia bera diseinatzeaz gain, informazioa bildu eta partaideen artean banatzeko app bat ere diseinatu zuten.

Talde horretan izan ziren Asier Ardanza eta Jon de La Fuente MUko Goi-eskola Politeknikoko ikasleak, beste eskola batzuetako ikasleekin batera.

Estia Teknologia Institutuak 2007an sortutako Berrikuntzarako 24 ordu lehiaketak sorkuntza eta berrikuntza ditu oinarri, baina ezaugarri berezi batekin: 24 orduan burutu beharreko erronka izaten da. Partaideen artean (enpresak, ikasleak, irakasleak, aholkulariak, ikertzaileak, erakundeak eta abar) esperimentatzea eta sinergiak sortzea da helburu nagusia.

Mundu osoko eskola eta unibertsitateetatik datozen ikasleek, irakasleek, aholkulariek, artistek eta abarrek osatzen dituzte taldeak, eta 24 orduko epea izaten dute agindu zaien gaia lantzeko.

Lehiaketa horretan, jorratu beharreko lanen gaiak sekretuak izaten dira, eta soil-soilik lehiaketa irekitzeko ekitaldian ematen dira jakitera. Une horretatik aurrera, lehiakideek 24 ordu izaten dituzte euren burua antolatu, proiektuak prestatu eta aurkezteko.

Iturria: GOIENA.eus

http://gipuzkoakoartisauak.net/images/logo_dipu.jpg