Inicio de sesión

PostHeaderIcon MUko 50 ikaslek “Cool City Hunt Mondragon” izeneko jardunaldian hartuko dute parte ostiralean

Goizeko 10:00etatik 13:00era, Mondragon Unibertsitatearen Goi Eskola Politeknikoan izango da hitzaldia. Bilbao Design Academyk antolatu du, unibertsitatearekin lankidetzan.

Mondragon Unibertsitatearen Goi Eskola Politeknikoko 50 ikaslek Bilbao Design Academyk unibertsitatearekin lankidetzan antolatu duen “Cool City Hunt Mondragon” izeneko jardunaldian hartuko dute parte, ostiral honetan —hilak 24—, goizeko 10:00etatik aurrera. Coolhunting deritzona kontsumitzailearen motibazio, behar eta lehentasunetan gertatzen diren aldaketak guztiz hedatu aurretik antzemateko helburua duen diziplina berria da, eta indar handia ari da hartzen. Diseinuaren, merkataritza-ikerkuntzaren eta estrategia korporatiboaren erdibidean dago.

Jardunaldian, Mondragon Unibertsitateko ikasleek mundu osoan entzutea duen Carl Rohde joera-bilatzailearen eskola magistrala jasoko dute, eta, ondoren, workshopeko lantegi praktikoan hartuko dute parte.

Ikasleen prestakuntza, baina, ez da eskola magistralarekin amaituko. Rohde Science of the Times sareko zuzendaria da, eta horrek, Holandako Fontys unibertsitatearekin batera, Cool City Hunt proiektua jarri du abian, enpresa-munduaren eta esparru akademikoaren arteko lankidetza bultzatzeko.

Hortaz, euren inguruan erakargarriak (cool) iruditzen zaizkien eta hazteko potentziala ikusten dieten iragarki, argazki, produktu eta diseinuak bilatzea eta proiektuaren lineako mundu-sarean txertatzea izango dute ikasleek zeregin, hurrengo hiletan.

Sare horretan, mundu osoko hogeita hamarretik gora unibertsitatetako ikasleen arabera cool diren milaka iragarki, argazki, produktu eta diseinu daude jasota, eta, beraz, kontsumoko azken joeren ikuspen paregabea eskaintzen du.  Adidas, Microsoft eta Philips enpresek, besteak beste, informazio hori erabiltzen dute, berritzeko, produktu berriak garatzeko eta beren taldeetan sormena bultzatzeko.

Iturria: MONDRABERRI.com

http://gipuzkoakoartisauak.net/images/logo_dipu.jpg