Inicio de sesión

PostHeaderIcon Mondragon Unibertsitateak Gipuzkoako Foru Aldundiaren 30 beka kudeatuko ditu.

Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzaturiko Gipuzkoarrak Munduan Trebatzen programako bekak dira eta horien helburua gipuzkoar gazteen prestakuntza hobetzea da. Programari esker, 30 gaztek sei hilabeteko praktikaldia egin ahal izango dute munduko edozein enpresatan, beren interesen arabera.

Gipuzkoako Foru Aldundiak abian jarritako Gipuzkoarrak Munduan Trebatzen programako 30 beka kudeatuko ditu Mondragon Unibertsitateak, helburu horrekin. Aukera ditzakezun  herrialdeen artean honako hauek daude: Mexiko, Kolonbia, Frantzia, Alemania, Austria, Saudi Arabia, Danimarka, Argentina, El Salvador, Honduras, Italia, Suedia eta Thailandia, interesen arabera.

 

Baldintzak eta hautapena

Hautagaiek honako baldintza hauek bete behar dituzte: Gipuzkoan erroldatuta egotea, gutxienez urtebeteko etengabeko antzinatasunarekin; 30 urte baino gutxiago izatea; Goi Mailako Prestakuntza Zikloa, Gradua edo Masterra egina izatea, 2012ko abenduaren 31ren ondoren; eta atzerrian 6 hilabetetik gorako praktikaldiak egiteko aukera eman duen beste beka baten onuradun ez izatea.

Eskaera aurkezteko epea otsailaren 15ean amaituko da, eta interesdunek honako webgune honetan ikus ditzakete eskaintzak: http://gmt.mondragon.edu/.

Bertan ageri da, orobat, bidali beharreko dokumentazioa:  titulu ofizialaren fotokopia edo ordezkagiria eta ingeles-maila egiaztatzen duen egiaztagiriarena.

Hautapen-prozesua otsailaren 18an, 19an eta 20an izango da, baina ingeles-maila titulu ofizialaren bidez egiaztatzen dutenek ez dituzte proba horiek egin beharko.  Elkarrizketa pertsonalak otsailaren 25ean, 26an eta 27an izango dira, eta onartutakoen zerrenda martxoaren 2an edo 3an aterako da.

Bekadunek martxoan edo apirilean hasiko dituzte praktikak. Zenbatekoa berdina izango da hautagai guztientzat, helmuga edozein dela ere: 1.124,77 euro hilean. Zenbateko horrekin helmugako herrialdeetara joateko gastuak, mantenua, ostatua eta gizarte-segurantzako kotizazioa ordaindu beharko dituzte, baita, beharrezkoa izanez gero, bisaren eta txertoen gastuak ere.

Informazio gehiago nahi duten interesdunak Mondragon Unibertsitateko Nazioarteko Bulegoarekin jar daitezke harremanetan: Edurne Agirre. Telefonoa: 943739621 eta posta elektronikoa:  eagirre@mondragon.edu.

Iturria: TULANKIDE.com

http://gipuzkoakoartisauak.net/images/logo_dipu.jpg