Inicio de sesión

PostHeaderIcon 'Merkatari' mugikorrerako aplikazioarekin, bezeroak hurbil.

Debagoieneko komertzio txikiei bultzada teknologiko bat eman eta, horren bitartez, bezeroa denda fisikora gerturatzea da mugikorrerako aplikazioaren helburu nagusia; azaroko lehen astean martxan jartzea espero dute proiektuaren sortzaileek.

Erabilerraza eta edozeinek erabiltzeko moduko aplikazioa da. | Ikusi handiago | Argazki originala

Gaur egun, teknologia berriak abiadura handian hedatzen ari diren garai hauetan, komertzio txikiek teknologiotara egokitzeko inoiz baino behar handiagoa dute, negozioa aurrera eraman ahal izateko.
Hain zuzen ere, horretan laguntzeko helburuarekin jaio da Merkatari izeneko mugikorrerako aplikazioa.
Goiena Komunikazio Taldeak eta ISEA Berrikuntza Zentroak jarri dute abian proiektu hau, Debagoieneko Mankomunitatearekin elkarlanean.

Gainera, bailarako dendari elkarteek proiektu honetan parte aktiboa izan dute. Izan ere, azterketa fasean bailarako zenbait komertzio ibili dira eta orain, ezarpen fasean, Arrasateko Ibai-Arte elkarteko 10 komertziotan jarriko da abian proiektua, azaroko lehen astean, ondoren bailara osora zabaldu ahal izateko.

"Komertzio txikiak merkatu zail baten lehiatzen ari dira gaur egun, zeinetan Amazon bezalako plataforma multinazionalek botere handia duten. Merkatu horretan lehiatzea oso zaila da;  izan ere, edozein produktu eskuragarri izaten dute eta merke, gainera", adierazi du Juan Mari Okinak, ISEAko ordezkariak.

Esan bezala, teknologiaren eraginez, bezeroen ohiturak asko aldatu dira. "Tradizionalki, dendaria eta bezeroak gertu egon dira. Hala ere, garaiak aldatzen doaz eta teknologia berriek lortu dute orain arte ezinezkoa zena. Beraz, gu ezin gara atzean geratu eta mundu horretan murgildu behar gara. Ate bat ireki zaigu eta sartu egin behar gara", azpimarratu du Jesus Mari Elkorok, Ibai-Arte elkarteko kideak.

Gertutasuna

Merkatu horretan lehiatzea eta euren alturan jartzea ia ezinezkoa zela ikusirik, gertutasuna bezalako balioak balioan jartzea erabaki zuten sortzaileek. "Helburua da tokiko merkatariak lehiakorrak izateko erremintak lortzea, balioan jarrita bezeroaren hurbiltasuna", azaldu du Okinak, eta gaineratu herriko dendariak eskaintzen duen "fideltasuna" ez duela Internetek eskaintzen.

"Herriko dendariak ezagutzen zaitu, badaki zer gustatzen zaizun eta zer ez, badakizu edozein arazo edukita ere bera hor egongo dela laguntzeko prest", zehaztu du ISEAko ordezkariak.

Hori horrela, ondorengoak dira komertzioek eta dendariek izango dituzten onurak: prozesuetan eta transakzio komertzialetan denbora aurreztea, bezeroarekin komunikazioa hobetzea, bezeroa bera hobeto ezagutzea eta, ondorioz, honen erosketa ohiturak ere hobeto ezagutzea.

Bailara osorako proiektua

Hasiera batean, proba modura Arrasateko 10 komertziotan bakarrik jarriko da martxan aplikazioa. Hala ere, denborak aurrera egin ahala, Debagoien osora zabaltzea da sortzaileen helburua, betiere, funtzionamenduak izaten duen erantzunaren arabera.

"Bailara osora hedatzeko proiektua da, baina garbi dago ezarpena ezin dela egun batetik bestera eta guztia batera egin. Horregatik, pixkanaka zabaltzen joatea da asmoa, erantzuna nolakoa den ikusiz", zehaztu du Koldo Azkoitiak, Debagoieneko Mankomunitateko Garapen Agentziako arduradunak.

Arlo komertziala, Goienak

Goiena Komunikazio Taldearentzat proiektu honen parte izatea bailararen garapenarekin duen konpromisoaren parte da. Proiektu honetan, Goienak bezeroengan duen ezagutza eta hauekin duen harremana izan dira oinarriak. "Goienak badauka gure bailarako komertzio guztien gida komertzial bat, eta hori izan da proiektu honetan sartzeko abiapuntua. Izan ere, aplikazioaren datu basea Goienako gida hori da", nabarmendu du Mireia Larrañagak, Goiena Komunikazio Taldeko zuzendari komertzialak. Gaineratu du bailarako komertzio ezberdinekin harremanetan jarri direla, hasierako azterketak egin eta "parte-hartzaileen erantzuna" nolakoa izan den aztertzeko. "Oro har, oso erantzun eta harrera ona izan du proiektuak orain arte, balorazioa positiboa da", zehaztu du.

Diru-laguntza

Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza izango du Merkatari proiektuak. "Ekonomia sailak urtero kaleratzen ditu deialdi ezberdinak, tokiko ekonomia sustatzeko eta garapen ekonomikoarekin zerikusia duten beste zenbait proiekturi bultzada emateko. Testuinguru horretan, 2014ko deialdian aurkeztu genuen proiektu hau –Goienak, ISEAk eta Debagoieneko Mankomunitateak–, diru-laguntza lortu ahal izateko, eta aldundiaren onespena jaso genuen", dio Azkoitiak.

Halaber, Mankomunitatea izan da diru-laguntza lortzeko eskaera tramitatu duena eta proiektua gauzatu ahal izateko finantzaketa ardura handiena izan duena. "Mankomunitatetik, uste dugu Debagoieneko komertzio txikien biziraupena oso garrantzitsua dela bailarako herriek bizia eduki dezaten", azaldu du Garapen Agentziako arduradunak. Horregatik, erakunde publikoetatik mota honetako proiektuak "babestu" egin behar direla aldarrikatu du.

Udalaren babesa

Arrasateko Udalak, berriz, proiektua babestu du. "Teknologia berriak erabilita, herriko komertzio txikiei bultzada bat emateko balioko du. Bertakotasunaren abantaila balioan jartzen duen aplikazioa da, bezeroa denda fisikora erakartzeko diseinatutako tresna bat", dio Victorioano Fuentesek, Merkataritza zinegotziak.

Erabiltzaileek, balorazioa

Mugikorrerako aplikazio honek ahalbidetuko du erabiltzaileek dendaren edo komertzioaren gaineko balorazioa eman ahal izatea. " Balorazio honen bitartez, merkatariak gauzak ondo edo gaizki egiten ari den jakin ahal izango du", dio Okinak.

Erabilerraza

Aplikazioa sortu duen Ideable enpresako kide Iñaki Bartolomeren esanetan, edozeinek erabili dezakeen aplikazioa da Merkatari. " Merkatariek ordenagailuan eta haien mugikorretan erabil dezakete eta bezeroek, berriz, haien mugikorretan. Erabilerari dagokionez, oso erraza da", azaldu du.

 

Parte-hartzaileen iritziak:

Juan Mari Okina, ISEA Berrikuntza Zentroa: "Orain arte, dendari txikiek egin dutena da handien erreminta berekin lehiatu. Baina saiakera horiek porrot hutsa izan dira, oso zaila delako handiekin lehiatzea. Horregatik, Merkatari-n, ez dugu hori planteatzen, atzera bota dugun zerbait da. Teknologia erabili gura dugu, bai, baina helburu desberdinarekin, bezeroa dendara hurbiltzeko helburuarekin, hain zuzen. Komertzio txikiek eskaintzen dizuten fideltasuna da balioan jartzen duguna, gehiago ordaindu arren, produktu horren balorea askoz handiagoa baita".

Mireia Larrañaga, Goienako zuzendari komertziala: "Goiena Komunikazio Taldearen oinarrietako bat da aldaketetara egokitzea. Hainbat arlotan dihardugu 2017rako prestatzen eta begirada 2020an jarrita. Internetek aukera berriak zabaldu ditu eta Goienan argi daukagu aldaketok komunitatearekin batera egin behar ditugula. Gidaren telefonoetarako bertsio eguneratua da pilotatzen ari garena eta emaitzak ikusiko ditugu laster. Horiek guztiak analizatuko ditugu proiektu honetako parte diren merkatariekin, eta hobetzen jarraituko dugu".

Koldo Azkoitia: Mankomunitateko Garapen Agentziako arduraduna: "Debagoieneko Mankomunitatetik, merkatari txikien aldeko kanpainak bultzatzen ahalegindu izan gara beti. Gure apustuetako bat da, sinesten dugulako merkataritza ezinbestekoa dela eta gure herriek bizitza eduki dezaten, merkatari txikiak ere hor egon behar direla. Gure ustez, erakunde publikoetatik mota hauetako proiektuak babestu egin behar ditugu. Merkatari elkarte desberdinekin honi buruz hainbat bilera egin ditugu eta feedback hori jaso ahal izan dugu. Horrez gain, finantziazioa ere guk tramitatu dugu".

Jesus Mari Elkoro, Ibai-Arte elkarteko kidea: "Garaiak aldatzen doaz eta teknologia berriek lortu dute orain arte ezinezkoa zena. Beraz, gu ezin gara atzean geratu eta mundu horretan murgildu behar gara.
Merkatarik aukera ematen digu, gertukoen indar guztiak metatuz, aurrera egiteko. Inbertsio handiak egiteko gaitasunik ez dugu, baina, indarrak metatuz, gauza txukun bat egitea posible da. Ibiliaz ikasiko dugu bidea. Ate bat irekitzen bazaizu, sartu egin behar zara, ea barruan zer dagoen ikustera eta aztertzera".

Victoriano Fuentes, Arrasateko merkataritza zinegotzia: "Arrasateko Udalak Merkatari bezalako aplikazio baten berri izan zuenean, babestu beharreko proiektu bat zela iruditu zitzaion. Izan ere, teknologia berriak erabilita, herriko komertzio txikiei bultzada bat emateko balioko du. Bertakotasunaren abantaila balioan jartzen duen aplikazioa da, denda txikien zerbitzua hobetzeko eta bezeroa denda fisikora erakartzeko diseinatutako tresna bat. Komertzio txikiek mota honetako bultzadak behar dituztela uste dugu".

Iñaki Bartolome, Ideable enpresako kidea: "Beti ikusi dugu auzoko merkatarientzat oso zaila dela Amazon edo Inditex-en kontra lehiatzea. Ez daukate hainbeste diru Interneten lehiatzeko. Orduan, teknologia beste modu batean erabiltzea erabaki genuen. Aplikazio honekin, mezuak bidali ditzakete, promozioak jaso, artikuluak mugikorretan bilatu eta iritziak eman eta jaso ere bai, beti hurbiltasun hori mantenduz. Merkatariak bezeroekin daude, baina ez dendan bakarrik, etxean ere bai. Gainera, oso erraza da erabiltzeko".

Iturria:GOIENA.eus

http://gipuzkoakoartisauak.net/images/logo_dipu.jpg