Inicio de sesión

PostHeaderIcon Martxan da Goiaz! Debagoieneko Lanbide Heziketaren azoka.

Gaur, martxoak 26, Goiaz! Debagoieneko Lanbide Heziketaren azokak ireki ditu berriro ere ateak Arrasaten.  Datozen bi egunetan, goiz eta arratsaldez, Kulturateko klaustroan izango da, eta bertan ikastetxeen informazio-mahaiak, enplegu eta ekintzaileentzat zerbitzuak, tailer, hitzaldi edota erakusketak izango dira, besteak beste.  Azoka goizeko 9:30eatik eguerdiko 13:30ak arte egongo da zabalik, baita arratsaldeko 16:00ak eta 19:00ak bitartean.  Ekimen hau Debagoieneko ikasle, guraso, langabe, langile eta interesa duen orori zuzenduta dago.

Azokak goizeko 9:30etan ireki ditu ateak, “Etorkizunezko perfil profesionalak.  Lan modu berriak” izeneko mahainguruarekin.  Kulturateko areto nagusian Fagor Arrasateko Erika Mendibil, Elay-ko Marian Baleztena, ALEko Esther Iturriagoetxeberria, Efizetxeko Mikel Aranbarri, Mondragon Goi Eskola Politeknikoko Txema Perez eta Jesus Otaño gizarte hezitzailea aritu dira berbetan.  Bitartean, lehenengo ikasleak iritsi dira Kulturateko klaustroan jarritako informazio-mahaietara.

Goiaz! Debagoieneko Lanbide Heziketaren Azokaren lehen egun hau langabeei dedikatuta egongo da, eta egunean zehar kolektibo horri zuzenduta zenbait ekimen egongo dira.  11:30ean “Ekintzailea naiz” izeneko hitzaldia eskainiko dute Gari Araolaza, Itxaro Mendizabal eta Amaia Albesek areto nagusian.  Ordu berean, baina kasu honetan Jokin Zaitegi gelan, bideo-curriculumak egiteko tailerra egongo da.

Arratsaldean beste pare bat hitzordu egongo dira:  17:30ean profesionaltasun ziurtagirien inguruan jardungo du Enplegurako Lanbide Heziketaren Azpisistema Integratzeko teknikari Gloria Gonzalezek Biteri gelan, eta 19:00etatik aurrera NiNEU 1. BideoCV lehiaketaren sari-banaketa egingo da Kulturateko klaustroan.

 

Bihar

Ostegunean ere era guztietako jarduerak izango dira, eta oraingo honetan guztiak areto nagusian gauzatuko dira.  Goizeko 9:00etan MUko irakasle Ane Bilbaok “Nola zaindu dezaket nire erreputazioa Interneten” izeneko hitzaldia eskainiko du, eta handik ordu eta erdira (10:30) HEZIBI programaren esperientziaren berri emango dute Miguel Altuna Institutukoek.  Goizari beste hitzaldi batek emango dio amaiera, Karmele Mancisidor eta Jose Manuel Bergaretxe MUko Enplegu Zentroko orientatzaileek eskainiko dutena, “Bekak eta praktikak” titulupekoa.

Arratsaldean, 17:00etatik aurrera, enplegua bilatzerako orduan sare-sozialek duten erabilgarritasunaz mintzatu da IKTetan irakasle eta ikerlaria den Miguel Fernandez Arrieta.  17:00 eta 19:00ak bitartean, berriz, hezkuntza zein lan arloko orientatzaileek bertaratzen direnen zalantzak argituko dituzte.  Azokari amaiera emateko, guraso eta orientatzaileei zuzendutako hitzaldia eskainiko du MUko Itziar Perezek, “Nola lagundu gure seme-alabei beren etorkizunari buruzko erabakiak hartzen” izenekoa.

 

Parte-hartzaileak

Goiaz! Debagoieneko  Lanbide Heziketaren Azokan Debagoieneko ikasketa zentro ezberdinek hartzen dute parte, tartean Arrasateko Arizmendi Kooperatiba Elkarteak eta baita Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoa; baita, Bastida Akademia, Bizikasi eta Alecoop.  Arrasateko Udalaren babesa ere badu ekimen honek, baita Saiolan, Debagoieneko Mankomunitateko Garapen Agentziarena edota Kutxa Zeharo Enplegu Zerbitzukoa, besteak beste.

Iturria:MONDRABERRI.com

http://gipuzkoakoartisauak.net/images/logo_dipu.jpg