Inicio de sesión

PostHeaderIcon Maiatzaren 8an eta 9an izango da aurtengo Lanbide Heziketaren azoka

Maiatzaren 8an eta 9an, eguaztena eta eguena, izango da aurten Goiaz! Debagoieneko Lanbide Heziketaren Azoka, Kulturaten. Debagoieneko Mankomunitateko Garapen Ekonomikorako Agentziak eta bailarako Lanbide Heziketa zentroek antolatuta, ikasketa horiek lanerako zabaltzen dizkieten aukerak erakutsi nahi dizkiete ikasleei, langabeei eta interesa duten guztiei.

Lanbide Heziketa ematen duten zentroek euren eskaintza azalduko dute Kulturaten, erakusketa-postuetan. Honako zentroak dira: Oñatiko Gestio Eskola-MU eta Zuazola-Larraña Institutua; Bergarako Mariaren Lagundia ikastola eta Miguel Altuna institutua; Arrasateko Arizmendi Koop. Elkartea ikastola eta Goi Eskola Politeknikoa-MU; Aretxabaletako Lanbide Eskola; Helduen Heziketa Iraunkorreko Zentroa eta Hasierako Lanbide Prestakuntzarako Programa. Formazio zentro gisa, Arrasateko Bastida Akademia eta Bergarako Ikasi Prestakuntza Zentroa izango dira; baita Bizikasi eta Alecop ere.

Enplegu zerbitzuak ere ordezkatuta izango dira: Lanbide, Eures eta Kutxa Zeharo. Arrasate, Bergara, Oñati eta Aretxabaletako udaletako Sustapen eta Enplegu Zerbitzuak ere bertan egongo dira; eta ekintzaileendako zerbitzu gisa, Garapen Agentzia eta Saiolan.

Garaionen eskutik, Lan-merkatura hurbiltzeko tailerra eta Ikasketa espezialitateak ezagutzeko bisita gidatuak izango dira etengabe.

Ekintza osagarriak ere antolatu dituzte:

Maiatzak 8, eguaztena:

09:30: Ekintzailetasun esperientziak (Ikasleendako)

11:30: Interneten ze irudi ari naiz ematen? (Ikasleendako)

17:00 Interneten lana bilatzeko erremintak, Miguel Fernandez Arrieta irakasle eta ikerlariak emanda. (Jende guztiarendako).

Maiatzak 9, eguena:

Lanbide Heziketaren sistema integratuak zer dauka langile eta langabetuei eskaintzeko? Ezagutu zure aukerak delako hitzaldia, Lanbideko Gloria Gonzalez Marco teknikariaren eskutik. 10:00etan, euskaraz izango da, eta 18:00etan, gaztelaniaz; bietan, Biteri Gelan izango da.

Iturria: GOIENA.net

http://gipuzkoakoartisauak.net/images/logo_dipu.jpg