Inicio de sesión

PostHeaderIcon LEINNeko ikasleek irabazi dituzte Mondragon Unibertsitateak bultzatutako ideia-lehiaketako sariak

Madrilgo Ramiro de Maeztu Institutuko gazteekin batera lortu dute garaikurra. Aurkeztutako ideiarik onenak honako hauek izan dira: zer arropa jantzi erabakitzen laguntzeko aplikazioa, enpresako praktikak egiteko proiektua, espetxetik irteten diren preso ohiak gizarteratzeko formula eta jale ezberdinei egokitutako jatetxea.

Zer arropa jantzi erabakitzen laguntzeko aplikazioa, enpresako praktikak egiteko proiektua, espetxetik irteten diren preso ohiak gizarteratzeko formula eta barazkijale moduko pertsona ezberdinei egokitutako jatetxea. Lau ideia horiek lortu dute saria, Mondragon Unibertsitateko ikasleek Madrilgo Erkidegoan 14 eta 25 urte bitarteko ikasleentzat bultzatutako Madream 2012 negozio-ideien lehiaketan.

Negozio-ideia horietatik hiru Madrilgo Ramiro de Maeztu Institutuko ikasleenak dira, eta beste bat, “Un nuevo mañana” izenekoa, Mondragon Unibertsitateko Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza graduko ikasleek bultzatua. Gradu hori bakarra da Espainian. Saridunek hiru hilabeteko doako egonaldia irabazi dute Madrilgo HUB berrikuntza-zentroan. Egonaldia sei hilabetera luzatzeko aukera izango dute, gainera. Horrez gain, Finlandiako enbaxadak dohaintzan emango dituen ikasketa-liburuak jasoko dituzte.

Aurkezpenik onenaren saria, bertaratutako publikoak aukeratua, “3PC” proiektuarentzat izan da.  Guztiok galdetu diogu geure buruari inoiz, ohetik jaiki berritan, “Zer arropa jantziko dut?". Aplikazio horri esker, zalantza guztiak uxatuko dira. Erabiltzaileak armairuan duen arropa aukeratu eta, berehala, elkarrekin ondo ematen duten osagarri desberdinak eskainiko ditu aplikazioak.

Gizarte-eraginik handieneko proiektuaren saria, epai-mahaiak aukeratua, bi negozio-ideiak partekatuko dute. Alde batetik, “FP Experience” izenekoak, ikasketetan praktikak txertatu eta txandakatzeko helburua duenak. Bestetik, “Un nuevo mañana” deritzonak. Mondragon Unibertsitateko Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza graduko Kibber junior kooperatibak bultzatu du azken proiektu hori, berezko metodologia bat erabiliz, preso ohiei gizarteratzen laguntzeko. Horretarako presoei buruzko hainbat datu hartu ditu aintzat, espetxearen barruan daudenean eta handik irten berritan.

Azkenik, etorkizunerako bideragarritasunik handiena izateagatik saritutako proiektua, epai-mahaiak aukeratua, “Alvegcel” izenekoa da.  Proiektu horren eragileetako bat zeliakoa da eta kanpoan bazkaltzera edo afaltzera irteten denean izaten dituen arazoak hartu ditu kontuan proiektua mamitzeko. Hortaz, zeliakoentzat, barazkijaleentzat, laktosa jasaten ez dutenentzat eta arrautzak jaterik ez dutenentzat egokitutako jatetxe bakar bat sortzea da ideia.

590 (id: 3937241)"Advegcel" izeneko proiektua garatu duen taldea saria jasotzen.

Ideien balorazioa

Epaimahaiak honako irizpide hauek hartu ditu aintzat ideiak baloratzeko: originaltasuna eta berritasuna, baliabideak aurreztea, bezeroaren kalitatea hobetzea, berehala gauzatzeko bidea izatea,  proposamenaren argitasuna eta zehaztasuna eta, azkenik, proposamenaren elaborazio ekonomikoa. Halaber, gizarte-eragina duten negozio-ideiak eta epe labur edo luzera bideragarritasun ekonomikoa izan dezaketenak hobetsi ditu epai-mahaiak.

 

Lehiaketaren helburuak izan dira, alde batetik, gazteen ekimena, motibazioa eta erantzukizuna sustatzea, eta bestetik, enpresa-mundura modu erakargarri eta berritzailean hurbiltzea. Izan ere, Espainian enpresa-arloari lotutako gradu bat ikasten duten milaka ikasleetatik % 0,7k soilik sortzen du enpresa bat. Finlandian, berriz, % 4k sortzen du. Lehiaketaren sustatzaileak Mondragon Unibertsitateko Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza graduko ikasleak dira. Gradu hori bakarra da Espainian.

 

MUk eskainitako titulazio hori Finlandian ere badago. Prestakuntza tradizionalaren eredua hautsi eta ikasleei enpresa eta proiektu berriak sortzeko gaitasuna ematen die, aldaketaren eragile aktiboak izateko premisari jarraiki.

Talde parte-hartzaileek Mondragon Unibertsitateko ikasleen aholkularitza jaso eta elkarrizketa eta elkarlana sustatzeko tailerretan trebatu ziren aldez aurretik. Ondoren, ekitaldirako berariaz ekarritako inbertitzaile eta ekintzaile profesionalei aurkeztu zizkieten bere negozio-ideiak.

Guztira 10 proposamen aukeratu ziren. Parte-hartzaileek bost minutu izan zituzten beren ideiak defenditzeko, “elevator pitch edo igogailuaren formatua” deritzonaren bidez.

Iturria. MONDRABERRI.com

http://gipuzkoakoartisauak.net/images/logo_dipu.jpg