Inicio de sesión

PostHeaderIcon Lanbide Eskolako autoa bigarren lekuan Miguel Fusterren gidaritzapean

Miguel Fuster, 2011ko rally probetako Espainiako txapeldunak bigarren tokian bukatu zuen Cofrentesko proba. David Cuek egin zituen kopilotu lanak, eta "gustura" bukatu zuten lortutako emaitzarekin, eta autoak erakutsitako ezaugarriekin. Fusterrek erabilitako Abarth Punto autoa Aretxabaletako Lanbide Eskolakoek egindakoa da. Autoa Txus Jaio bizkaitarrak estreinatu zuen azaroaren 5ean. Donostia Hiria 13. rallyan parte hartu zuen, Jesus Urkidirekin.

 

Serieko autoan lanean ibili dira azken hilabeteotan eskolako hamar ikasle eta hainbat irakasle. Lan gogorrak emaitzak izan ditu dagoeneko: autoa probatu duten gidariek gustura bukatu dute-eta.  Hori bai, hobetu beharrekoak badituzte. "Bai Jaiok eta baita Fusterrek ere esan dute autoaren aurreko esekidura nahiko biguna dela. Hori konpondu egin beharko dugu. Pilotuek egindako proposamenak aintzat hartuko ditugu, autoa garatzen joan dadin", esan digu Euskadiko Automobilismo Federazioko kide Eduardo Maturanak.

Abarth Kopa txapelketa

Lanbide Eskolakoek egindako autoa Txus Jaio bizkaitarrak estreinatu zuen azaroaren 5ean. Donostia Hiria 13. rallyan parte hartu zuen, Jesus Urkidirekin.  "Jaioren eta Fusterren emaitzak oso onak izan dira. Kontuan hartu behar dugu autoa oraindik ez dagoela txapelketatan parte hartzeko gertu. Asko garatu behar den prototipoa besterik ez da", esan digu Maturanak.

Abarth Punto autoa gertu egongo da 2012an, Euskadiko Automobilismo Federazioak antolatu gura duen Abarth Kopa txapelketarako. "Hasiberriendako txapelketa antolatu gura dugu Abarth marka, Ibauto kontzesionarioa eta federazioaren artean", esan digu Maturanak.

Punta-puntako gidariak

Probatzeko, punta-puntako gidariak aukeratu dituzte. Fusterrek bere webgunean "eskerrak" eman dizkio Euskadiko Federazioari "prototipo berria probatzen uzteagatik". "Fusterrek normalean Porsche bat gidatzen du. Espainiako txapelduna izan arren, maila oneko autoa behar du emaitza onak lortzeko; eta Valentzian bigarren lekuan bukatu zuen", diote.

Valentziatik Galiziara

Autoa Valentzian eta Galizian probatu dute. " Bi lurralde horietako automobilismo federazioek interesa dute kopa txapelketa antolatzeko, eta esku artean genuen prototipoaren berri izan zuten", dio Maturanak.
Kopan parte hartzeko Abath Punto autoaren prezioa izango da 18.500-19.000 euro artekoa.

Iturria: GOIENA.net

http://gipuzkoakoartisauak.net/images/logo_dipu.jpg