Inicio de sesión

PostHeaderIcon LanBai azokaren laugarren ediziorako akordioa MU eta Arrasateko Udalaren artean.

Arrasateko Udalak eta Mondragon Unibertsitateak lan hitzarmena sinatu dute beste urte batez LanBai Enplegu eta Formazio Azoka antolatzeko. Ekainaren 9an izango da eta 50 enpresa eta erakundek hartuko dute parte. Berritasun bezala, ekainaren 6tik 8ra tailer praktikoak eskainiko dituzte lana topatzen trebatzeko.

Arrasateko Udalak eta Mondragon Unibertsitateak lan hitzarmena sinatu dute, LanBai Enplegu eta Formazio Azokaren laugarren edizioa antolatzeko. Bixente Atxa Mondragon Unibertsitateko errektoreak eta Maria Ubarretxena alkateak sinatu dute akordioa, gaur goizean. Azokak helburu bera izaten jarraitzen du: lana bilatzeko prozesuak erraztea, formazio eskaintza espezializatua ezagutaraztea eta enpresa zein erakundeei pertsonal beharretarako izangai egokiekin kontaktuak erraztea.

Aurtengo edizioa hainbat berritasunekin dator. Lehenik eta behin, azokan parte hartzeko deialdia jende guztiari zabaltzen zaio. Aurreko ediziotan Mondragon Unibertsitatean ikasitako ikasleei mugatzen zitzaien enpresekin hitzorduak egiteko aukera. Baina aurtengoan, edozein herritarrek har dezake parte. Horretarako, unibertsitateko webgunean izena eman beharko da maiatzaren 26tik ekainaren 2ra bitartean. Bestetik, aurtengo azokaren baitan ekainaren 6tik 8ra hitzaldiak eta formazioak eskainiko dituzte lana topatzeko orduan beharrezko trebeziak erakusteko asmoz.

Handitzen doan azoka

Azokaren garrantzia gero eta handiagoa da, eta Bixente Atxak jakinarazi duenez, iazko edizioari esker 25 lan kontratu egitea lortu zuten. Horretaz gain, bertan parte hartzen duten enpresen kopurua da beste adierazle bat. Lehen edizioan 23 enpresek hartu zuten parte eta aurtengoan, aldiz, 50 enpresa eta erakunde izango dira. Besteak beste, AitaMenni, Arteman, Catalana Occidente, Danobat Group, Fagor Arrasate, Fagor Ederlan, Ingeteam, Irizar edo Laboral Kutxa bezalako enpresekin hitzordua eskatzeko aukera izango dute langabetuek aurtengo LanBai azokan.

Iturria:goiena.eus

http://gipuzkoakoartisauak.net/images/logo_dipu.jpg