Lan bila dabiltzan ikasleak elkartu ditu bigarrenez Lanbaik.
Lanbai azokak, enplegu eta formakuntzarako azokak, bigarrenez zabaldu ditu ateak gaur arratsaldean. Mondragon Unibertsitateak eta Udalak elkarlanean antolatu dute, eta 35 enpresetako ordezkariak daude bertan. Lan bila dabiltzan gazteek curriculumak uzteko aukera daukate eta elkarrizketak egin ere bai.
Josu Zabala Mondragon, Unibertsitateko errektorea; Inazio Azkarragaurizar, Arrasateko alkatea; Adolfo Alustiza, Lanbideko zuzendari nagusia; eta Pedro Iturbe, Aldundiko Lurralde Garapenerako zuzendaria izan dira azokaren irekiera ekitaldian beste hainbat erakundetako ordezkariekin batera.
Guztiek azpimarratu dute langabeendako erakusleihoa dela Lanbai eta gazteei aukerak eskaintzeko topaleku garrantzitsua. Enplegua sortzeko egiten diren egitasmo guztien alde agertu dira bai Udala, bai Aldundia, eta horiek laguntzeko gertu daudela adierazi.
35 enpresatako ordezkariak elkartu dira Mondragon Unibertsitateak Garaia Berrikuntza Gunean duen eraikinean, eta gazteen curriculumak jaso eta argibideak eman dizkiete hurreratutakoei. Enpresa horietatik 25ek, gainera, lan-elkarrizketak egiteko aukera eskaini diete gazteei, horien artean zeuden, AZK, Mondragon Lingua, LKS eta Laboral Kutxa.
Unibertsitatearen heziketa eskaintza espezializatua, hala nola, masterren eta profesionalentzako heziketaren gaineko argibideak jasotzeko tokia ere egon da.
Iturria: GOIENA.net