Inicio de sesión

PostHeaderIcon Kirol jardueretarako ehunen berrikuntzari buruzko jardunaldia.

Mondragon Unibertsitateak, Elisava Diseinu Eskolak eta Cristobal Balenciaga Museoak antolatuko duten tailerra Balenciaga Museoan egingo da gaur, eta hainbat hiri-kiroli loturiko arazoak konpontzeko diseinuaren ahalmena erakusteko balioko du, baita ehun berrietan oinarrituriko produktu berritzaileak proposatzeko ere.
Kirol jardueretarako ehunen berrikuntzari buruzko jardunaldia.

Cristóbal Balenciaga Museoa

 

Kirolariaren erosotasunerako eta errendimendurako, hasi bizikletaz lanera joaten direnetatik –prakak katean ez katigatzeko formulak bilatu behar dituzte– eta euria egiten duenean korrika egitera irteten direnetara –jantzi erosoak behar izaten dituzte–, funtsezkoa da kirol-ekipamenduen materialak eta diseinuak berritzea.

Mondragon Unibertsitatearen Goi Eskola Politeknikoaren Diseinu Berrikuntza Zentroak (DBZk), Elisava Diseinu Eskolarekin –Kataluniako eskola entzutetsua– eta Cristobal Balenciaga Museoarekin batera, “workshop” tailerra antolatuko du Balenciaga Museoan (Getarian), “kirol-jardueretarako ehunen berrikuntza” izenburupean.

Hainbat hiri-kiroli loturiko arazoak konpontzeko diseinuaren ahalmena erakusteko balioko du, baita ehun berrietan oinarrituriko produktu berritzaileak proposatzeko ere.

Izan ere, pentsamendu-faseen segida bat da diseinatzeko prozesua edo “desing thinking” delakoa, eta hainbat esparrutako arazoak konpontzen laguntzen du.

Mondragon Unibertsitateko, Cristobal Balenciaga Museoko eta Elisava Diseinu Eskolako ordezkariek tailerraren helburuak aurkeztu ostean (10:00etan), Elisavako zuzendari nagusiak hartuko du parte (10:30ean), “Diseinuaren forma eta funtzioa” hitzaldiarekin, eta Elisavako ingeniaritzako ikasketaburu Javier Peñak, “Material berriak eta diseinua” hitzaldiarekin. 12:00etan Astoreko  ordezkariak hitz egingo du. Enpresa horrek, hain zuzen, kirol-jantziak sortzen ditu.

13:00ean, Arantxa González de Heredia eta Itxaso González Mondragon Unibertsitateko irakasleek “Diseinua berrikuntzarako tresna; estetikaren, erabileraren eta teknikaren garrantzia” izeneko hitzaldia eskainiko dute. Parte-hartze horretan zehar, Mondragon Unibertsitateko ikasle batek bere karrera-bukaerako proiektua aurkeztuko du: motxila ergonomiko modularraren diseinua, eskola- nahiz kirol-materiala eramateko balio duena. Prototipo hori Athlon kooperatiban garatu du, Forum enpresarentzat.  

Arratsaldez, 15:00etatik aurrera, tailerra egingo da. Ikasleak bosteko bederatzi taldetan banatuko dira, eta Mondragon Unibertsitateko eta Elisavako irakasleek gidatuko dituzte. Tailerrean hiri-kirolarien beharrei erantzungo dieten produktu berrien bilaketa landuko da. Tailerrak hiru fase nagusi izango ditu: beharren analisia, kontzeptualizazio eta diseinu zehatza eta kontzeptuen komunikazioa. 18:30ean tailerraren behin-behineko ondorioak aurkeztuko dira.

Iturria: MONDRAGON.edu

http://gipuzkoakoartisauak.net/images/logo_dipu.jpg