Inicio de sesión

PostHeaderIcon Irailetik aurrera Mondragon Unibertsitatearen Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza Gradua eskainiko dute Madrilen, ibilbide propioa medio.

Larunbatean, hilaren 5ean, Madrilgo Centro de Innovación Social HUB erakundearen egoitzan (Gobernador kalea, 26) 11:00etan aurkeztuko da LEINN Nazioarteko Gradua eta horren Madrilgo ibilbidea.
Irailetik aurrera Mondragon Unibertsitatearen Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza Gradua eskainiko dute Madrilen, ibilbide propioa medio.
 

Irailetik aurrera, Madrilgo Erkidegoko gazteek Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza gradua (LEINN) ikasteko aukera izango dute, Mondragon Unibertsitateak abiatuko duen ibilbideari esker. Gaur egun Mondragon Unibertsitateak eskaintzen duen graduaren parekorik ez dago Espainian, izan ere, titulua Finlandian baino ez baitago. Gradua 2009an jarri zuten abian, eta lehenengo promozioko ikasleek datorren urtean burutuko dituzte ikasketok. 2012-13 ikasturtean gradua hedatzeko faseari ekingo zaio, eta ildo horretan, ikasketa akademikoaren osagarri diren proiektuak eta esperientziak hainbat ingurunetan eramango dituzte aurrera. Horrenbestez, gradu-ikasketon enborra Gipuzkoan eskainiko da, Irunen eta Oñatin hain zuzen (Mondragon Korporazioaren eskutik kooperatibismoaren eta ekintzailetasunaren gune direnetan), baina 2012-13 ikasturtetik aurrera programaren zati garrantzitsu bat (proiektuen praktika enpresetan) Madrilen ere landuko da, poliki-poliki nazioarteko ingurune berrietara zabaltzeko.

Madril ibilbidea esan dioten ingurune berrian LEINNek “Madrid Experience” ekimena proposatu du, nazioartean bakarra den sistema ekintzailea. Esperientziaren proiektu-basea HUB Madrid izango da, 5 kontinenteetako 30 herrialde baino gehiagotan den gizarte-ekintzaileen eta -berritzaileen nazioarteko sarearen egoitza. Benetako proiektu ekintzaileekin osatuko da prestakuntza hori, eta horretarako, graduko partaideek ikasteko bidaiak egingo dituzte Euskal Herrira, Finlandiara, Silicon Valleyra eta gorabidean diren hainbat herrialdetara, besteak beste, Txina, India eta Brasilera. Horrela, LEINNen erdigune diren Oñatin eta Irunen hiruzpalau hilabeteko egonaldiaren ondoren, ikasleek nazioarteko ikasteko bidaiak (“learning journeys”) egingo dituzte.

Aurkezpen-jardunaldia

Ibilbidearen harira, datorren larunbatean, hilaren 5ean, LEINN Nazioarteko Gradua aurkeztuko dute 11:00etatik aurrera Madrilgo Centro de Innovación Social HUB erakundearen egoitzan (Gobernador kalea, 26). Gazteak enpresa mundura era erakargarrian eta berritzailean hurbiltzeko Unibertsitateak duen ardura izango dute hizpide ekitaldion.

Madrilgo Erkidegoko eta orokorrean Espainiako ikasleei, gurasoei, orientatzaileei eta profesionalei bideratutako jardunaldia da, “eginaz ikastea” ikasketa-tresnatzat erabiltzen duen hezkuntzari buruzko jakin-mina dutenei, alegia. Egungo gizarteak aurrean dituen aldaketei buruz eta gazteen prestakuntzan Unibertsitatea funtsezko esperientzia eraldatzailea izateko moduaz pentsatzeko eskatuko zaie bertaratutakoei.

Era berean, Mondragon Team Academy ekintzailetza-unitateak ikasteko bere metodologia finlandiarrak eta LEINN graduko bost “teamcompany” aurkeztuko ditu. Azken horiek graduaren ildoan sortutako bost konpainia/kooperatiba dira. Ekitaldira deituta dauden inbertitzaileei eta ekintzaile profesionalei negozio-ideien berri emango die.

LEINN gradua

“Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza” Nazioarteko Gradua (LEINN) egungo gizartearen erronka handienetako baten aurrean dago: pertsonen beharrak, enpresenak eta XXI. mendeko gizartearenak kontuan hartuta heztea. Helburu hori lortze aldera, unibertsitateko ikasketa-metodologiaren erabateko aldaketa oinarri duen estrategia jarri du abian. Estrategia horrek hiru zutabe nagusi ditu: eginaz ikastea, ikasleek beraiek sortutako enpresak ikasteko tresna izan daitezen eta benetako proiektuak landu ditzaten; taldean ekingo dute eta ikasteko bidaiak egingo dituzte nazioartera.

Team Academyk Finlandian azken bi hamarkadetan arrakastaz landu dituen metodologiak aplikatzen dira LEINN graduan. Izan ere, Finlandiako ikasketok goi mailako hezkuntzako erreferente bilakatu dira nazioartean. LEINN Mondragon Unibertsitatearen graduko titulu ofiziala da, Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak onetsitakoa Europako Goi Hezkuntzako Esparruaren barruan. Enpresagintza Fakultateko Mondragon Team Academy unitateak eskaintzen ditu ikasketok. LEINN graduko ekintzaile gazteak dira ekimenaren aitzindari, Enpresagintza Fakultateko Mondragon Team Academyko teamcoach direlakoekin lankidetzan.

Mondragon Team Academy unitatea Tiimi Akatemiaren Nazioarteko Sareko kide da. Hezkuntza-erakunde hori Finlandiako Jyväskylä-ko Zientzia Aplikatuen Unibertsitatean sortu zuten duela 18 urte. Ikasketa-plan horren bidez sortzen diren team-company delakoen emaitzak bikainak dira eta ospe ikaragarria lortu dute. Izan ere, ikasleen % 36k euren negozioari ekiten diote.

Iturria:MONDRAGON.edu

http://gipuzkoakoartisauak.net/images/logo_dipu.jpg