Inicio de sesión

PostHeaderIcon Haurren Kontseilu berriak umeei gai publikoetan hitza emango die.

Egitasmoak jatorria du Francesco Tonucci psikologoaren "Haurren hiria" egitasmoan. Helburuetako bat da Arrasate antolatzean neskatila-mutikoen beharrak kontuan hartzea. Udalak azaldu du azken helburua dela "pertsona integralak eta zoriontsuak heztea".

595.Haurren.Kontseilua.Aurkezpena (id: 9132422)


Arrasateko Haurren Kontseilua abian jarriko dela iragarri zuten atzoko prentsaurrekoan.

Beste herri batzuetan badaude martxan haurren kontseiluak, Leioan esate baterako, 2007tik abian dute.

Kontseiluaren helburuak dira "haurrei hitza eta erabakitzeko ahalmena ematea, eta herriaren inguruko iradokizunak egitea, batez ere herri antolamenduari dagokionez", Maria Ubarretxena alkateak azaldu bezala.

Filosofia hau dator Francesco Tonucci-ren "Haurren hiria" liburutik. Aditu italiarrak ziurtatzen du egungo hiri eta herriak moldaturik daudela helduen baldintzetara: kotxeak, lana,...".

Ordea, egungo hiri eta hiriek "ez dituzte haurren beharrak kontuan hartzen". Behar hauek ere aintza hartzeko kontseilu berriak abian jarriko da.

Horretarako, Udala Innobasque-rekin (Berrikuntzaren Euskal Agentziarekin) bilera egin zuen, eta bertan ohartu zen hainbat udalerrik jada martxan dituztela egitasmoak, Tolosak adibidez. Irun, Bilbo, Balmaseda, Ermua,... abian jartzen dabiltza.

Arrasateko kontseilua "Alkatetzatik gidatuko da, eta Alkatetzari aholkularitza organu bat izango da".

"Guk Alkatetzatik gaiak planteatuko ditugu, eta kontseiluak aholkuak emango dizkigu".
Kontseilua eratzeko, beharrezkoak dira Herri Eskola eta Arizmendi Ikastola.

Izan ere, "kontseiluan Lehen Hezkuntzako hainbat umek parte hartuko dute. Horretarako haurrek izena eman beharko dute, zozketak egingo dira, euren gurasoekin bilerak egingo ditugu,...".

Kontseilua bi urtean behin berrituko da, haur berriak sartuz. Kontseilua hilabetean behin elkartuko da, goiz oso batean.

Aurkezpenean ere Arizmedi Ikastolako zuzendariak, Iñaki Etxezarretak, azaldu zuen "azken urteetan ziklo berri baten aurrean gaudela":

"Umeek eta batez ere adin txikiko umeek gero eta leku handiagoa hartzen dute gizartean".

"Emakume erabakiguneetatik eta espazio publikotik guztiz bazterturik egon den bezala, eta horri buelta ematen ari zaion bezala".

Kontseilu honek "umeek ere leku propioa izatea" ekarriko du, "eskolatik kanpo, espazio publikoetan ere".

Ekimen hori "familiekin eta eskolekin batera eginda, sinergiak aprobetxatzeko dira. Denok elkarren beharra daukagu" eta "udal bati hori lideratzea, erraztea,... dagokio".

Arizmendi Ikastolak "begi oso onez ikusi genuen Lehen Hezkuntzako ikasleek eta irakasleek kontseiluan parte hartzeko aukera. Oso eskertuta gaude eta laguntzeko prest".

Era berean, Arrasate Herri Eskolako zuzendariak, Beñardo Balerdik, azaldu zuen "herriaren partaidetza sustatzen duten egitasmoak oso interesgarriak izaten dira".

Arrasateko umeen ekarpenak jasotzea eta kontuan hartzea "oso erakargarria da guretzat, eta kontseilua guztiontzat oso aberasgarria izango dela".

Prentsaurrekoan ere Udaleko Gazteria Saileko buru teknikoak, Blanca Jauregik, nabarmendu zuen kontseiluarekin haurren ekarpena "eraginkorra izatea bilatzen dela, ez dadin zerbait testimonialean geratu".

Zentzu horretan, kontseilua "Udaleko aginte gunetik hurbil egotea aukera ona da kontseilua eraginkorra izateko".

Izan ere, Gazteria Sailetik "aldarrikatzen ari gara etengabean zein garrantzitsua den kontuan hartuak izatea", baina "mezu hori batzuetan Udaleko botere organoetan transmititzeko zailtasunak daude".

Udaleko Gazteria Saileko Blanca Jauregi teknikariak adierazi du "erronka polita dela herriarentzako", baita "interesgarria ez bakarrik haurrentzako", helduentzako ere, "haurrek ikusten dituzte helduok ikusten ez ditugun irtenbideak eta aukerak".

 Hala ere, "oraindik jende askorentzat haurrak zerbait molestoa bezala hartzen dituzte". Ikuspuntu hori aldatzeko "sentsibilizazio lana oso garrantzitsua da, eta kontseilua zentzu horretan aurrerapauso bat da".

Arduradunek aurreikusten dute kontseilua "azaroan martxan jartzea, ekainera bitartean, 2016-2017 ikasturteari dagokionez".

Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako hainbat haurrek osatuko dute kontseilua, hau da, 10-11 urte inguruko neskatila-mutikoek.

Denera Arrasaten adin honetako 500 lagun inguru izango dira, eta ikasgela bakoitzetik bi haurrek parte hartuko dute kontseiluan.

Hezkuntza zinegotziak, Ander Garayk, azaldu zuen "hasiera batean 40 haur inguruk parte hartuko dute kontseiluan".

10-11 urteko haurrak aukeratu dira "ez dituztelako ematen helduek bideratutako erantzun formalak, naturaltasuna mantentzen dute oraindik proposamen ezberdinak egiteko, eta aldi berean lan egiteko gaitasun maila bat dute".

Iñaki Etxezarretak gehitu duenez, adin honetako umeek "ez dute inor ordezkatzen, euren burua baino ez".

Alkatetzak hainbat gai aurkeztuko dizkio kontseiluari, baina aldi berean "haurrek euren kabuz beste kezka batzuk izan ezkero, kontseiluak ere aztertuko ditu".

Alkateak iragarri duenez, "Udal Gobernuarentzat ez da erraza izango", izan ere "euren erronkak eta proiektuak aurkeztuko dizkigutelako, eta gure ardura izango da proiektu horiek aztertzea, udal-teknikariekin aztertzea proiektuak egingarriak diren, eurei erantzuna ematea,...".

Zentzu horretan, "Leioan kontseiluak planteatu zuen aquarium erraldoi bat egitea herriko plaza batean. Proiektuak 700.000 euroko aurrekontua izan zuen, eta azkenik aurreragorako lagatzea erabaki zen".

Kontseilua martxan duten herrietatik jaso dugun feed-backa "oso positiboa da haurren, irakasleen, hezitzaileen eta Udalaren aldeetatik".

Arrasateko kontseilua dinamizatzeko, Udalak hainbat enpresen proposamenak jaso zituen, eta lehiaketa Ttipi Estudiok irabazi du. Aurre-lanak egin ostean, azaroan kontseilua dinamizatzeari ekingo dio.

Kontseiluaren bilerak batez ere Gaztegunean egitea aurreikusten da, "baina baliteke saio batzuk Monterron parkean, kaleetan edo ludoteketan egitea".

Egitasmoaren azken helburua da, "pertsona integralak eta zoriontsuak heztea, eta herrian parte-hartze aktiboa izan dezaten, herritar kritikoak eta konprometituak izanda".

Iturria:MONDRABERRI.com

http://gipuzkoakoartisauak.net/images/logo_dipu.jpg