Inicio de sesión

PostHeaderIcon Hamargarren Huhezinemaren jaialdi arrakastatsua.

Euskal Herriko 97 film labur jaso dituzte aurtengo Huhezinema, Euskal Film Laburren jaialdian. Hamargarren edizioa da honako hori, eta hautatutako filmak, martxoaren 29tik 31a bitartean proiektatuko dituzte Aretxabaletako Arkupeko zinema aretoan.

Hamargarren Huhezinemaren jaialdi arrakastatsua
2016. urteko jaialdiko irabazleak. | Ikusi handiago | Argazki originala

Hamargarren urteurrena aitzakia hartuta, berrikuntza askorekin dator Huhezinema; horien artean dago jaialdiaren irudi berria: "Zinearekin zerikusia duen irudi fresko eta berritzailea egitea izan da helburua, baina jaialdiak duen formaltasuna islatuz eta koloreekin dotorezia ezarriz. Hala ere, irudi zaharra hartu da oinarritzat: zeluloidetik digitalerako urratsa emanez, logo berria, begi eta diafragma itxurako irudi sinple baina esanguratsua da", azaldu dute antolatzaileek.

Era berean, urteurrena ospatzeko hiru egunetako egitaraua antolatu dute; proiekzioez gainera, masterclass-ak, eta bestelako ekitaldi bereziak egingo dituztela aurreratu dute jaialdiko arduradunek.

Aurtengo uzta, oparoa

Gustura daude antolatzaileak aurtengo lehiaketak izan duen arrakastarekin, horren erakusle 97 lan jaso dituztela. Aukeraketa Batzordeak dagoeneko argitaratu du hiru sail nagusietan -Sail Ofiziala, MU Ikasleen saila eta Basque Culinary- lehiatuko diren ikus-entzunezkoen zerrenda. Guztira 36 film labur izango dira lehiaketa barruan aurkeztuko direnak, eta jasotako kalitateari lekua egiteko helburuarekin beste hamahiru lan gehiago erakutsiko dituzte pantaila handian.

  • Sail Ofiziala: Hamar ikus-entzunezko hautatu ditu Aukeraketa Batzordeak; eta horietako bakoitzak 200 euro jasoko ditu hautatua izateagatik. Horrez gainera, hiru saritan lehiatuko dira: Goiena saria -800 euro eta beste 1.500 euro kamara ekipamenduaren alokairurako-; Vertigo saria -500 euro- eta Ikusleen saria -300 euro-.
  • Basque Culinary sailean: Bi sari irabazteko aukera izango dute epaimahai ofizialaren eskutik, 500 euro, eta ikusleek erabakiko duten 100 euroko saria. "Urteurrenaren aitzakian, martxoaren 30ean, Arkupe aretoan sail honetako emanaldia egingo dugu eta emanaldia bukatu ondoren, pintxo pote eguna dela aprobetxatuta, Aretxabaletako hainbat tabernetan pintxo pote zirkuitua egingo dugu, hau da, taberna horietan hautatutako lanak ikusteko aukera izango da", gaineratu dute antolatzaileek.
  • MU Ikasleen saila: 2016-2017 ikasturteko ikasleen lanak jaso dituzte eta hiru sari eskuratzeko aukera izango dute: Fikzio Onenaren eta Dokumental Onenaren 300 eurotako sari bana, eta 100 eurotako Ikusleen saria.
  •  
  • Iturria:goiena.eus

http://gipuzkoakoartisauak.net/images/logo_dipu.jpg