Inicio de sesión

PostHeaderIcon Gazteen Euskal Behatokia: Krisiak, Euskadin, gazte-enpresagintza galarazten du.

Enpresagintza gaztea Euskadin 2013 (PDF, 2 MB)ikerketak urte bereko apirilean telefono bidez egindako inkesta bat du oinarri. Bere helburu nagusiak bi dira: batetik, Euskadiko 20 eta 34 urte bitarteko gazteek ekiteko eta norberaren kontura lan egiteko duten prestutasun orokorra ezagutzea eta, bestetik, zenbat gazte ekintzaile dagoen jakitea eta beraien ezaugarriak zehaztea. 2010ean Gazteen Euskal Behatokiak Enpresagintza EAE-ko gazteen artean 2010 ikerketa burutu zuen. Oraingo honetan enpresagintzaren fenomenoak zelako ibilbidea izan duen aztertzen lagundu du.

Ikerketa honek Euskadiko 20 eta 34 urte bitarteko gazteak enpresagintzan izan duten esperientziaren arabera banatzen ditu:

  • % 61,5i ez zaie inoiz bururatu negozio bat martxan jartzea.
  • % 27,1 ekiteko aukera aztertzen ari dira, hau da, negozio bat martxan jartzea pentsatzen ari dira, baina oraindik ez dute urratsik eman. Hauexek dira “ekintzaile potentzialak” izenda genitzakenak.
  • % 3,3k sortzeko prozesuan bertan behera utzi dute negozio bat abiatzeko ideia.
  • % 8,1ek esperientzia dute enpresagintzan: gaur egun martxan dagoen negozioa dutelako edo aurretik negozio edo enpresaren bat izan dutelako.
  •  
  • 2010eko datuekin alderatuta, behera egin du enpresagintzan esperientzia duten gazteen ehunekoak. Izan ere, 2010eko % 12,1etik 2013ko % 8,1era jaitsi da.

Gazteen ia erdiak (% 48,6) enpresagintzara bideratutako aholkularitza zerbitzuak ezagutzen dituen arren eta ia heren batek (% 29,7) hezkuntza formalean enpresa-kudeaketari edo negozio bat martxan jartzeari buruzko ikastaro eta jardueraren batean parte hartu duen arren, ingurunearen baldintza formalak (negozioak ekiteko dauden diru-laguntzak, bankuek eta aurrezki-kutxek kredituak emateko jartzen dituzten baldintzak, neurri fiskalak, negozio bat martxan jartzeko egin beharreko izapideak eta paperak) oso txarrak dira Euskadiko gazteen iritziz eta beraien ustez, ez dute enpresagintza zabltzen laguntzen.

Krisiak aurrera egin ahala, norberaren kontura lan egiteko gogoa zabaldu ez ezik, behera egiten du, hain zuzen ere 2010eko % 26,3tik 2013ko % 20,2ra. Beraz, krisia sakontzen den heinean segurtasuna, egonkortasuna eta diru sarrera erregularrak izateko gogoak handitzen dira. Inoren kontura lana nahiago izateko arrazoiak hauek dira: erantzukizunik ez izatea, egonkortasuna eta segurtasuna, lan gogorra ekiditea, arriskuak eta gastuak ekiditea eta inoren kontura lan egiteak dakartzan gizarte-babesa baldintzak izatea.

Norberaren konturako lana nahiago izateko arrazoien arteanindependentzia eta erabakimena, gogobetetze pertsonala eta enplegu duina izatea nagusitzen dira. Azken arrazoi hori, enplegu duina izatea, (2010ean oso gutxik aipatzen zutena) gaur egun pairatzen dugun krisiaren beste ondorio bat da. Enpresagintza enplegua lortzeko bidetzat hartzen da, norberak izango dituen lan baldintzak zehaztuz baina aldi berean ez da negozioa martxan jartzeko abiapunturik onena.

Sarritan gaur egungo krisia enpresagintzarako aukera ona dela entzuten dugu baina ikerketa honetan zehar bestelako errelitatea ezagutu dugu. Ideia honen inguruan zera egiaztatu dugu: enpresagintzan esperientzia dutenen artean, % 19,7k premiak bultzatuta abiarazi du negozioa, ez aukera sortu zelako.

Euskadin gazteek martxan ipinitako negozioen profila honako hau da: negozio txikia, pertsonei eskainitako zerbitzuetan oinarritua, lagun bakar batek osatua, familiaren diru-laguntzarekin hasia eta 10 000 eurotik beherako hasierako kapitala izan duena.

Euskadiko 20 eta 34 urte bitarteko gazteen % 4,0k gaur egun martxan dagoen negozio bat dute. Ehuneko honek ere behera egin du 2010ean jasotako % 5,5etik.

Dena den, martxan dauden negozioen sendotze mailara jotzen badugu, finkatuta dauden negozioen ehunekoa 2010ekoaren halako bi dela ikusi dugu, % 47ra heldu da eta. Negozioaren jarraipenaren aurreikuspena oso altua da, hiru urteko epean negozioak jarraipena izango duela uste dute gehien-gehienek (% 81,5).

Beraz, gazte-enpresagintza Euskadin oraindik ere gutxiengo baten aukera da. Krisiak sahiestezinak bihurtzen diren oztopoak dakartzan eta enpresagintza-irudi zehatza erakusten digu: negozio txikiak, persona bakarrak abiatuak eta hortaz, enplegurik sortzen ez dutenak. 

Iturria: Gazteen Euskal Behatokia.

http://gipuzkoakoartisauak.net/images/logo_dipu.jpg