Inicio de sesión

PostHeaderIcon Euspot 2014 abian da: Hirugarren edizioak pintxo potea eta euskara izango ditu hizpide.

HUHEZIko (MU) Komunikazio Departamentuak, Aretxabaletako Udalak eta Arteman Komunikazioa Koop. Elkarteak Euspot izeneko euskarazko spot lehiaketaren hirugarren edizioa jarri dute martxan

EUSPOT lehiaketa bi helbururekin sortu zen 2012an: hutsune bat bete ikus-entzunezkoen eta euskararen sorkuntzaren arloan, eta bestetik, euskararen erabilera bultzatu esparru guztietara. Hain justu ere, lehiaketan parte hartuko duten spot horiek herritarren arteko ahozko harremanetan euskararen erabilera bultzatu beharko dute.

2013ko lehiaketak arrakasta dotorea izan zuen. Guztira 22 lan aurkeztu ziren, Euskal Herriko toki askotatik aurkeztutakoak guztiak ere. Eta irabazlea La Piel antzerki taldeko Markos Goikolea iruñearra izan zen. Iaz, lehenengo edizioarekin alderatuta ‘kalitateak gora egin zuen eta parte-hartzea nabarmen hazi zen’. Aurtengo edizioaren helburua da, spot lehiaketa kontsolidatzea eta euskararen panoraman erreferentziazkoa bilakatzea.

Aretxabaletako Udalak EUSPOTen aldeko apustua egin nahi du aurten ere, euskara bizitzako alor guztietara hedatzeko eta arlo horretan egiten ari diren lana goraipatu nahi du. Gainera, antolatzaile batzordetik nabarmendu nahi da aurten ere gazteenek aukera izango dutela lehiaketan parte-hartzeko, eta horretarako harremanak sustatu dira zenbait ikastola eta eskolarekin.

Aurtengo berrikuntzak

Maiatzaren 15ean egingo den sari banaketa ekitaldia zuzenean grabatuko da eta GOIENAk, Hamaikak eta Tokikok eskaini ahal izango dute Euskal Herriko toki telebisten sarearen bitartez.

Oinarri sendoekin izaera irekia

MUk, Artemanek eta Aretxabaletako Udalak antolatutako spoten lehiaketak izaera irekia du eta Euskal Herrian parte-hartzea sustatu gura du. Beti ere, Debagoienean oinarri sendoak jarrita. Horretarako, Mondragon Unibertsitateak bere ikasketa kurrikulumean sartu du spoten gaineko ikasgaia eta Arizmendi ikastolako zein Kurtzebarri eskolako DBHko ikasleek lehiaketan parte hartu ahal izango dute. Unibertsitatearentzat lehiaketa bera eta ikasleen parte-hartzea epe luzerako inbertsioa da. Inbertsio baita ere hizkuntzaren erabilerari dagokionez. Euskarazko sormena bultzatzen delako eta etorkizuneko profesionalek euskaraz lan egiteko ohiturak barneratzen laguntzen duelako.

Epaimahaia

Epaimahaia komunikazio arloko profesionalek, Arteman Komunikazioa enpresako ordezkariek, Loramendi Euskara Elkarteko kideek, Mondragon Unibertsitateko irakasleek eta Aretxabaletako Udaleko ordezkariek osatuko dute. Lanak maiatzaren 9a baino lehen aurkeztu beharko dira www.euspot.eu webgunean eta sari banaketa ekitaldia maiatzaren 15ean egingo da Aretxabaletako Arkupe Kultur Etxeko Zaraia aretoan. Guztira Euspot Lehikatek aurten ere 2.250,00 euro banatuko ditu sarietan.

Lau sari banatuko dira:

1.- Spotik onena. / 1.000 euro
2.- MUko ikasleen spotik onena. / 500 euro
3.- Publikoaren saria. / 500 euro
4.- Gazteen saria (18 urte beherakoak) / 250 euro

http://gipuzkoakoartisauak.net/images/logo_dipu.jpg