Inicio de sesión

PostHeaderIcon Etorkizunerako lan aukeren inguruan jardun dute Garaian.

Komunikaldiak ekimenaren bederatzigarren edizioa ospatu da gaur, hilak 26, Garaia Berrikuntza Gunean.  Mondragon Unibertsitateko HUHEZI Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko Komunikazioa departamentuak antolatzen duen ekitaldia da honako hau, eta aurten Ikus-entzunezko Komunikazioko ikasleak eta ikasle ohiak izan dira protagonistak.  Izan ere, oraingo honetarako aukeratutako gaia "Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasi dut. Eta orain zer?" izan da. 

Goizeko lehenengo ordutik jende dezente bildu da Garaian eta, aditu eta Ikus-entzuneko Komunikazioko ikasle ohien esperientzietatik abiatuta, ikasle eta parte hartzaileek etorkizunerako lan aukeren inguruan jardun dute. Horretarako, HUHEZIko ikasleen antzeko ikasketak egin dituzten gazteek abian jarritako ekintzaile zaletasun eta bestelako lan-esperientzien berri eman dute zenbait hizlarik.

Jardunaldiaren aurkezpena eta ongietorria MUko errektore Josu Zabalak egin du goizeko 9:00etan, eta ondoren Mikel Orobengoa ekintzaile zaletasunaren garrantziaz mintzatu da.  10:30ak arte beste bi pertsonen testigantzak jaso dira:  Hirudart 3D diseinu-estudioa eta Euskal Valley sareko partaide Amaia Elu, eta Beniwood ekoiztetxeko ordezkari Ruben Mateorenak.

 

590 (id: 3220049)Ane Irazabal kazetari arrasatearra izan da hizlarietako bat.

 

Goiz erdiko etenaldiaren ostean Oihane Beñaranek hartu du hitza, Bolivian Nazio Batuen Erakundean komunikazio teknikaria.  Eta, eguerdiko atsedenaldia baino lehen, Ane Irazabal izan da hitz egin duena.  Freelance kazetaria da Irazabal, nazioarteko gatazketan aditua eta aspalditik Euskal Irrati Telebistarentzat lan egiten duena, besteak beste.  Azkenaldian Ekialde Hurbileko berriak ematen aritu da kazetari arrasatear hau.

Digitalizazioaren eragina kultura-industrietan, Europako panorama” goiburupean, goizeko 12:15ak aldera Aiala Fernandezek hitzaldia eskaini du.  Azkenik, jardunaldiari amaiera emateko, eguerdiko 13:00etan Garaiara bertaratutakoek mahai-ingurua egin dute hizlari guztiekin. Ikasketak amaitu eta lan munduan murgiltzearen inguruan hitz egin dute, MUko Ikus-Entzunezko Komunikazioko ikasle Odei Esnaola moderatzailearen bitartekaritzapean.

Iturria: MONDRABERRI.com

http://gipuzkoakoartisauak.net/images/logo_dipu.jpg