Inicio de sesión

PostHeaderIcon Etorkizuneko lanbideari begira jarri dira ikasleak

Goiaz! azokak Debagoieneko ikasleei formazio eta Lanbide Heziketako aukerak aurkeztea du helburu. Gaur goizean ireki ditu ateak eta bihar arratsaldeko 17:00ak arte izango da Kulturateko klaustroan.

595.1 (id: 2967237)

Gaur ireki ditu ateak Goiaz! eskualdeko Lanbide Heziketaren aukera ezberdinak aurkezten dituen azokak. Goizeko 9:30etan, hain zuzen ere, iritsi dira lehenengo bisitariak Kulturateko klaustrora eta erakunde ezberdinek ikasleen kezka, galdera eta zalantzak argitu dituzte bertan. Izan ere, asko dira ikasketen norabidea erabakitzear edo zalantzan dabiltzan gazteak eta hauei, dauden aukera ezberdinak aurkeztuta, erabakia errazte aldera izan dira erakunde ezberdinak gaurko egunean zehar. Hala, adierazi diguten moduan, aurten txandaka iritsi dira ikasleak Goiaz! azokara eta horrek erraztu egin die stand-etan zeudenei, behar den moduko informazioa eskaintzea. Bihar ere irekita egongo da Goiaz! azoka, goizeko 9:30etatik 13:30etara eta arratsaldean, 16:00etatik 18:30etara.

Hainbat tandetan banatuta izan dira Goiaz! azokan parte hartu duten erakunde eta eskolak eta goizean zehar ikasle ugarik erakutsi dute interesa. Ikastetxe ezberdinek informazio-mahaiak jarri dituzte eta enplegu zerbitzuak edo ekintzaileen zerbitzuak ere izan dira bertan. Debagoieneko ikasleei eta interesa dutenei formazioak orokorrean, eta batez ere Lanbide Heziketak eskaintzen dituen aukeren berri ematea eta eskualdeko eskaintza aurkeztea da azoka honen helburua.

Hurbiletik begiratzeko proiektuak

Aurtengoa azoka honen hirugarren edizioa da eta ekintzailetasuna da gai nagusia. Oraingoan tailer eta hitzaldiak izango dira Kulturaten eta berrikuntzarik ere badakar Goiaz! azokak. Alde batetik, aurtengo nobedade nagusienetako bat logotipo lehiaketa izan da. Goiaz! Logotipo Lehiaketako finalera heldu diren lau lanak ikusgai jarri dituzte klaustroan eta bertaratzen direnek gustukoenari botoa emateko aukera izango dute. Bestalde, ikasleengan interesa pizteko eta ikasitakoaz zer egin daitekeen gertutik ikusteko, eskola ezberdinek hainbat lan eta proiektu jarri dituzte klaustroan sakabanatuta; soldadura eta automozioaz lotutako piezak, elektronika gailuak, eguzki-panelak… Beheragoko argazkian Bergarako Miguel Altuna Institutuko Iñaki Larrañaga zuzendariak fabrikazio mekanikoaren prozesua azaltzen digu.

 

595.2 (id: 2975306)

 

Bestalde, stand ezberdinez gain, tailer eta hitzaldiak ere izan dira gaurko egunean zehar, baita bihar ere. Gaur arratsaldeko 17:00etan, Ekintzailetasun tailer irekia izan da Garaion-en eskutik eta beranduago, 18:00etan, Lanbide Heziketako eskaintza Debagoienean hitzaldia izan da Kulturateko Areto nagusian. Torpedolevel Antzerki Taldeak umore ukitua eman dio hitzaldiari eta zentro ezberdinek, 10 minututan bakoitzak, bere eskaintzaren gainean egin dute berba jendearen aurrean.
300.2 (id: 2946187)

 

Bihar, Ekintzaile gazteen esperientziak hitzaldiarekin irekiko dute eguna Goiaz! azokan. Bertan, Ekitermik, Eko 3R eta Alet Taldeko kideak mintzatuko dira Kulturateko Areto nagusian, goizeko 9:30etan.  11:00etan, ostera, Ezagutu atzerrira joateko bide desberdinak hitzaldia izango da eta bertan aukera ezberdinen berri emango diete gazteei eta interesa duten guztiei. Arratsaldeko 17:00etan egingo dute aurtengo Goiaz! azokaren itxiera jaialdia eta Logotipo Lehiaketaren irabazlea ezagutzeaz gain, musika, graffitiak eta hanka-paloak izango dira.

Iturria: MONDRABERRI.com

http://gipuzkoakoartisauak.net/images/logo_dipu.jpg