Espazioen berreskuratzea izango dute hizpide aurten XXI. mendeko etxebizitza izeneko jardunaldian
Arizmendi Ikastolako Lanbide Heziketa sailak XXI. mendeko etxebizitza izeneko jardunaldiaren VIII. edizioa burutuko da datorren maiatzaren 9an, ostirala. Hitzordua goizeko 9:00etatik aurrera izango da Kulturateko areton nagusian, eta bertan espazioen berreskuratzea izango da landuko duten gai nagusia; espazio industrialak, hiri-espazioak zein landakoak, hain justu ere.
“Gai hau gero eta indar gehiago ari da hartzen, bai instituzioetan eta baita hiritarren pertzepzioan”, azpimarratzen dute antolatzaileek. Honekin, iaz hasitako bidea, natura eta eraikuntza alegia, osatu nahi dute Arizmendikoek, euren ustez “bi atal horiek uztartu behar baitira pertsonen ongizatea areagotu nahi badugu, betiere jasangarritasunaren ikuspegitik”. Izan ere, “hemen txertatzen dira eraikinen birgaitzea, materialen erabilpena, orubeen aprobetxamendua eta antzerakoak”, gaineratzen dute.
Horrexegatik, Arizmendi Ikastolak eraikitze modu hau zein eraikita dagoenaren egokitzapen ikuspegi hau interesatu eta profesional guztiekin partekatu nahi izan du. Horretarako, gai hauetan adituak diren profesionalek euren ikuspuntua eta esperientzia mahaigaineratuko dituzte datorren ostiralean Kulturaten burutuko den jardunaldian.
Esan bezala, jardunaldia goizeko 9:00etan hasiko da, eta ongietorrian Arrasateko alkate Inazio Azkarragaurizar, LKSeko zuzendari Alberto Gorroñogoitia eta Arizmendi Ikastolako Lanbide Heziketa sailaren arduradun Edurne Erauskinek hartuko dute parte. Goizerdiko etenaldia bitartean pare bat hitzaldi izango dira: bata Luis B. de Carrera Gonzalez arkitektoarena, eta bestea Amayuelas-eko bizilaguna eta Tierra de Campos-eko Paulo Freire landa-unibertsitateko Eraikuntzako saileko arduradun Meliton Gonzalezena. Ondoren, 10:50ak aldera, Ekokaleak Hiri-Altzari Iraunkorraren VI. Ideia Lehiaketaren sari banaketa egingo dute.
Goizeko bigarren zatian beste hiru hitzaldi izango dira, beste horrenbeste arkitektoenak: Ramon Garitanok ”Bergara: Kirol instalazioetan bihurtutako industrialdea. Esperientzia aintzindaria” izeneko hitzaldia eskainiko du, LKSeko Pepe Martinezek Gasteizeko Buesa Arena handitzeko lanak eta Ganadu plazako kupularen lekualdatzea izango ditu hizpide, eta Jon Morenok ”Donostiako Tabakalera, 3 en raya, eraikin baten berreskuratzea”ri buruz jardungo du.
Goizari amaiera emateko, eta Arrasateko Udaleko Hirigintza arduradun Juan Antonio Urdangarinen moderatzailearen bitartekaritzarekin, mahai-ingurua egingo dute 13:30etatik aurrera. Ondoren, Kulturatera bertaratutako guztiek lunch eder batez gozatzeko parada izango dute.
Iturria: MONDRABERRI.com
EGITARAUA
- 9:00 Agirien eta dokumentazioaren banaketa
-
9:20 Ongietorria
- Inazio Azkarragaurizar Jn., Arrasateko Alkate-Lehendakaria.
- Alberto Gorroñogoitia Jn., LKSeko zuzendaria.
- Edurne Erauskin And. Arizmendi Ikastolako Lanbide Heziketaren arduraduna.
- 9:30 Luis B. de Carrera González Jn., Arkitektoa. ”Ekoaldeak: komunitateak eta Eraikuntza”.
- 10:10 Melitón González Jn., Amayuelas-eko bizilaguna eta Tierra de Campos-eko Paulo Freire landa-unibertsitateko Eraikuntzako saileko arduraduna. ”Amayuelas, Espazioen berreskuratzea formaziorako zein bizitzarako balio gisa”.
- 10:50 EKOKALEAK Hiri-Altzari Iraunkorraren VI. Ideia Lehiaketaren sari banaketa.
- 11:10 Atsedena eta kafea.
- 11.30 Ramón Garitano Jn., Arkitektoa. ”Bergara: Kirol instalazioetan bihurtutako industrialdea. Esperientzia aintzindaria”.
- 12:10 Pepe Martínez Jn., LKSeko Arkitektoa. ”Buesa Arena handitzeko lanak eta Ganadu plazako kupularen lekualdatzea”.
- 12.50 Jon Montero Jn., Arkitektoa. ”Donostiako Tabakalera, 3 en raya, eraikin baten berreskuratzea”.
- 13:30 Mahai-ingurua. Hizlariek parte hartuko dute. Moderatzailea: Juan Antonio Urdangarin Jn., Arrasateko Udaleko Hirigintza ardurduna.
- 14:00 Luncha.