Inicio de sesión

PostHeaderIcon Enpresariak eta ekintzaileak bildu ditu Mondragon Unibertsitateak, Estatu-mailan bakarra den Barne Ekintzailetza eta Berrikuntza bidezko Masterraren aurkezpen-ekitaldian.

Juan Freire, berrikuntza pedagogian nazio- eta nazioarte-mailako gurua eta erreferentea dena, ekitaldi honetan izan zen, eta irakasle ere arituko da masterrean.
Enpresariak eta ekintzaileak bildu ditu Mondragon Unibertsitateak, Estatu-mailan bakarra den Barne Ekintzailetza eta Berrikuntza bidezko Masterraren aurkezpen-ekitaldian.
 

Pertsona asko ekintzaile jaiotzen diren arren, beste asko adorez, ilusioz eta ikasketaren bidez bihurtzen dira halako. Ekintzaile izaten ikas daitekeela frogatzen du horrek. Mondragon Unibertsitateak horren uste sendoa du, eta halaxe frogatu zuen, duela hiru urte LEINN gradua (Ekintzailetza Aitzindaritza eta Berrikuntza) sortu zuenean, eta gero, iaz, Ekintzailetzari buruzko Masterra eratu zuenean. Biak ere titulu bakarrak dira Estatu mailan.

Mondragon Unibertsitateak, Mondragon Team Academy ekintzailetza-komunitatearekin batera, “Barne Ekintzailetza eta Lankidetza bidezko Berrikuntzako Nazioarteko Masterraren” II. Edizioa, Estatu-mailan parekorik gabea, aurkeztu zuen Enpresagintza Fakultatean. Topaguneak lehen edizioko parte-hartzaileak eta koordinatzaileak bildu zituen. Euren esperientziak azaldu zituzten bertan, ekintzailetza sustatzeko, eta frogatzeko posible dela etorkizuna jorratzea, norberak sinesten dituen proiektuak abian jarriz. Lehen edizioan, DANOBAT, EROSKI, INIT Taldea, GAIA edo NRG Marketing bezalako enpresetako barne-ekintzailetzako exekutibo-talde batek prestakuntza jaso eta, aldi berean, enpresa-proiektu berriak garatu zituzten “learning by doing” (eginez ikasi) metodologiari jarraituz.

Masterraren metodologia eta helburuak azaltzeaz gain, ekitaldi horretan izan zen Juan Freire, berrikuntza pedagogikoan nazio- eta nazioarte-mailako erreferentea, eta masterrean irakasle arituko dena. Freire A Coruñako Unibertsitateko irakaslea ez ezik, Barrabes.biz-eko berrikuntza-zuzendaria ere bada. Barrabes.biz aholkularitza-enpresa bat da, enpresei laguntzen diena, kide guztiengan gaitasun eta jarrera ekintzailea sustatuz, eraginkortasun eta efizientzia handiena lortzeko erakundean. Enpresekin, erakunde publikoekin eta GKE-ekin iraunkortasunari eta ingurumen-kudeaketari buruzko proiektuak jorratu eta aholkularitza-lana egiten du. Gainera, berrikuntzaren, estrategiaren, teknologiaren eta gizarte-sareetako eta erakundeetako kultura digitalari buruzko proiektuak ere lantzen ditu, batez ere unibertsitate, enpresa eta hiriekin batera. (www.juanfreire.net).

Masterra eta metodologia

Urtarrilean hastekoa den Barne Ekintzailetza eta Lankidetza bidezko Berrikuntzako Nazioarteko Masterrak urtebeteko eta 400 ikastorduko iraupena du. Enpresetako profesionalei eta proiektu berritzaileen ekintzaileei zuzenduta dago, master exekutibo modalitatean, masterra eta eguneroko jarduera uztartzeko moduan. Ahal dela, programan parte hartzen duen profesionalak berrikuntza-proiektu baten, autokudeatutako talderen baten edo barne ekintzailetzarako talderen baten ardura izan behar du bere erakundean. Hala ez bada, horrelako proiektu bat sortzeko asmoa izatea litzateke egokiena.

Finlandiako JAMK Jyvaskyla University os Applied Science-ko ekintzailetza-unitatetik dator Master honetako ikasketa-metodoen muina. Unitate hori nazioarteko erreferentzia da hezkuntzan, eta munduko 17 eskola eta unibertsitatetan ez ezik, nazioarteko konpainia askotan ere erabiltzen dira beraren metodoak.

Mondragon Unibertsitatea Estatu mailako lehen Unibertsitatea eta Europa mailako bigarrena da Aitzindaritza eta Ekintzailetzako LEINN gradua abian jartzen. Izan ere, titulu hori Finlandian baino ez dago. Ohiko prestakuntza-eredua goitik behera iraultzea dakar, eta ikasleak enpresa eta proiektu berriak sortzen aitzindari izateko prestatzea da helburua. LEINNen jardueretako bat, hain zuzen, horixe da: era horretako ekitaldiak antolatzea, 'Team Academy' metodologia finlandarra erabiliz. Talde horretako adituak dira berrikuntza- eta ekintzailetza-alorreko aditu nagusiak nazioarte-mailan, eta aho batez aitortzen zaie euren espezializazioa talde-ekintzailetzan, talde-lana eta ekintza bidezko ikasketa bezalako lan-metodologiak erabiliz.

Mondragon Unibertsitatea da Estatu mailan Team Academy metodologia irakats dezakeen bakarra, eta ‘Mondragon Team Academy’ titulua du, Finlandiako ekintzailetza-unitate horren ezagutza eta metodologia erabiltzeko. Duela hiru urte Mondragon Unibertsitateko Bidasoako campusean LEINN gradua abian jarri zenetik -ikasturte honetatik aurrera Oñatin ere ematen da-, ikasle-ekintzaileek 6 enpresa kooperatibo junior eratu eta 100 proiektutik gora burutu dituzte orain arte, 200.000 eurotik gorako fakturazioarekin. Enpresa horiek hainbat jarduera egiten dituzte: ekitaldiak antolatu, coaching-proiektuak, teknologia berrien bidezko landa-garapena, marka-ordezkaritza edo kirol taldeentzako balioak garatzea. Azken horri dagokionez, adibidez, Real Madrid futbol taldearekin ere aritu dira.

http://gipuzkoakoartisauak.net/images/logo_dipu.jpg