Inicio de sesión

PostHeaderIcon Enpresa berriendako eta ekintzaileendako lokal gehiago ireki dituzte Oñatin.

Zubillagako Olaburu zentroan lau lokal berri zabaldu dituzte; eguerdian egin dute irekiera ekitaldia. Bertan egon dira Udal ordezkariak eta Olaburun dagoeneko dauden 12 enpresetako hainbat lagun, besteak beste. Lau bulego berri horiekin, hamar modulu izango dituzte zerbitzuetara bideratuta eta zazpi industria jardueratara.

"Lau bulego berri hauekin aukera zabaldu gura diegu euren ideiak martxan jarri gura dituzten herritarrei", adierazi du Jesus Maria Ugartek, Udaleko Enplegu teknikaria.

Bulego horiek zabalduta, hamar modulu ditu egun Olaburu enplegu zentroak zerbitzuetara bideratuta eta beste zazpi, industria jardueretara. "Eskaera handia da. Itxaron zerrenda ere izan dugu bulego horiek erabiltzeko. Momentu honetan, esaterako, zerbitzuetara bideratuta dauden hamar bulegoetatik zazpi daude okupatuta. Industria arloko lanetarako erabiltzeko dauden tailerrei dagokienez, berriz, zazpitik sei daude okupatuta, bakarra dago libre", azaldu du Ugartek.

Udal ordezkarien esanetan, Gobernuak autoenpleguaren alorrean egin duen apustuaren lekuko da eskari hori; baita bulego berriak egokitzera bultzatu dituen arrazoi nagusienetako bat ere.

Horri lotuta, agintaldi honek arlo horretan egindako lana zenbakietara ekarri dute Gobernuko ordezkariek. Emandako datuen arabera, aurreko agintaldi osoan 37 proiektu aztertu zituzten eta egungo agintaldian, oraingoz, 69 izan dira.

Askotariko negozioak

Enplegu teknikari Jesus Maria Ugartek azaldu duenez, era guztietako negozioak daude egun Olaburun: "Zerbitzuetako bulegoetan, esaterako, arkitektura lanak egiten dituen negozio bat dago; beste batek kirol aholkularitza zerbitzua ematen du; bideo edizioa egiten dute beste batean; eta enpresendako aholkularitza zerbitzua emateko negoziorako erabiltzen dute beste bat. Industriako ekoizpenak egiteko tailerretan, berriz, makinen muntaiak eta konponketak egiten dituzte batean; bizikleten inguruko formazioa eta diseinua, beste batean; eta etxetresna zaharrak hartu, konpondu eta berriz saltzeko moduan prestatzen dituzte beste batean". Horiez gain, Bidebarri enpresak ere baditu lokalak Olaburun.

Bulego eta tailer horien erabiltzaileei buruz, Ugartek adierazi du gehienak oñatiarrak direla. "Badago bailarakoa den beste bat ere, baina Oñatiko enpresa batendako lan asko egiten du, eta hori ere baloratzen dugu. Herrikoek ez ezik bailarakoek ere badute tokia hemen, betiere Oñatiri lotutako lana edo oñatiarrekin egiten badute".

Baldintzak

Bulego berrien egokitzapen lanek 85.000 euroko inbertsioa eragin diote Udalari, eta ekintzaileek edo enpresa berrietako sortzaileek erabiltzeko izango dira. Kontratua urtez urte berriztatuko da eta, gehienez, bost urtera arte luzatu ahal izango da. Hirugarren urtetik aurrera, hori bai, luzapenak lokalen disponibilitatera baldintzatuta egongo dira. Udaletxeko Enplegu Bulegoan eska daiteke informazioa.

Iturria: GOIENA.net

http://gipuzkoakoartisauak.net/images/logo_dipu.jpg