Inicio de sesión

PostHeaderIcon Elikagai-ontzien diseinu onenak MUko injineru-ikasleenak.

Hirugarren adinekoei egokitutako elikagai-ontzien diseinu-lehiaketako hiru sariak irabazi dituzte Mondragon Unibertsitateko injineru-ikasleek. Andaluziako Diseinuaren Teknologia Zentroak (Surgenia) antolatu du lehiaketa eta 4 zentrok hartu dute parte, 24 proiekturekin: Huelvako Leon Ortega Arte Eskola, Murtziako Diseinuaren Nazioarteko Goi Eskola, Meridako Unibertsitatea eta MU. Lehiaketako hiru sariak MUkoendako izan dira.

Hiru proiektu sarituetako MUko sei ikasleak. | Ikusi handiago | Argazki originala

Hain justu ere, Iker Legarda Gabiriak eta Irantzu Vegas Ugartek proposatutako urdaiazpikoa gordetzeko ontzia izan da lehen saria jaso duen proiektua. "Berrikuntzagatik" eta "kalitatearengatik" jaso dute saria.

Pintza-mugimendurik egin behar ez izateko xedearekin diseinatu da ontzia, eskuetan minusbaliotasuna duten pertsonentzat, adineko pertsona gehienek artrosi-arazoak izaten baitituzte.

Bigarren saria Nora Inoriza Herreroren eta Ana Navajas Querejetaren For All izeneko proiektuak irabazi du.

Elikadura inklusiboaren balioak bereganatzen dituen For All (denontzat) izeneko elikagai-marka sortzeko asmoagatik eta proiektuaren moldagarritasunagatik nabarmendu da.

Hirugarren saria, azkenik, Iñigo Peñagaricano Agirresarobek eta Andoni Iglesias Lirozek proposaturiko kontserba-lata metalikoak eskuratu du.

Saritu hauek lataren altuera handitzea proposatu dute, hari eusteko azalera handitzeko. Itxiturari dagokionez, bi zatitan diseinatu da: estalkia erraz jarri eta kendu ahal izango da; eta hura estaltzen duen plastikozko uztai bat, lehen aldiz erabili arte irmoki itxi dadin. Gainera, lodiera handiko erlaitz bat planteatu da plastikozko itxitura mugimendu sinple batekin eta esfortzu handiegirik gabe kendu ahal izateko.

Irekitzeko eta berriz ixteko errazak

Irekitzeko eta berriz ixteko errazak, pintza-mugimendurik edo indar handiegirik behar ez dutenak, ergonomikoagoak eta etiketetako informazioa irakurtzea errazten duen estetika dutenak. Horiek dira Diseinuaren kulturaren sustapena izeneko ideia-lehiaketaren bigarren edizioa irabazi duten hiru elikagai-ontzien ezaugarriak.

Diseinu Estrategikoari buruzko Masterreko ikasleak

Mondragon Unibertsitatearen Diseinu Estrategikoari buruzko Masterreko sei ikasle aurkeztu dira lehiaketara. Hiru proiektuetan, 150 kontsumitzaile seniorren premiak islatu dituzte. Izan ere, adineko pertsonek izaten dituzten zailtasunak kontuan hartzen dituzten elikagai-ontziak egin daitezela eskatzen dute kontsumitzaile horiek. Gainera, proiektua Surgeniako Joeren Behatokiak gauzatutako ikerketa batean oinarritu da. Ikerketak hurrengo 40 urteetan bost kontsumitzailetik batek 60 urte baino gehiago izango dituela jasotzen du.

Proiektu "bideragarriak"

Lehiaketako epaimahaia honako hauek osatu dute: Italian bizi den Santiago Mirandak (Diseinuaren Sari Nazionala), Andaluziako Ergonomia Elkarteak, Andaluziako Diseinatzaileen Elkarteak, Madrilgo Unibertsitate Politeknikoak eta Surgeniak.

Epaimahaiak hiru proiektu aukeratu ditu horien "erabilgarritasuna, moldagarritasuna, berrikuntza, ergonomia eta bideragarritasun teknikoa" kontuan hartuta.

Iturria: GOIENA.eus

http://gipuzkoakoartisauak.net/images/logo_dipu.jpg