Inicio de sesión

PostHeaderIcon Ekitermikek egoitza aldatu egin du.

Urte berriarekin batera, Ekitermik kooperatiba arrasatearrak egoitza berria ere estreinatu du.  Efizientzia energetikoaren alorrean diharduen enpresa honek lehen bulegoa Debagoieneko Mankomunitatean –Nafarroa etorbidea- baldin bazeuzkan, 2014az geroztik Garai Berrikuntza Guneko eraikin nagusian du.  Egoitza berria estreinatzeaz gain, eskaintzen dituen zerbitzuen gaineko katalogo berria ere aurkeztu berri du Ekitermikek 2014rako.

Ekitermik S. Koop. 2008an sortu zuten Jagoba Bergara eta Xabier Lizaur arrasatearrek, Saiolan eta Debagoieneko Mankomunitatearen laguntzarekin. Energia berriztagarrien instalazio berriak egiten hasi ziren, baina laster berriztagarriak bezain garrantzitsua efizientzia energetikoa dela ikusi eta, horregatik, “profesionaltasun osoz lan egiteko energia elektriko eta energia termikoko teknologia berrienetan espezializatu ginen”, diote.  Horretarako, "goi mailako" erreminta informatikoak erabiltzen dituzte: Trnsys, Designbuilder edo Calener.

Gaur egun Ekitermik energiaren inguruan lan egiten duen ingeniaritza da, eta enpresa, administrazio, unibertsitate, eskola zein partikularrei zerbitzua eskaintzen die. Denboraren joan-etorriarekin ere lantaldea ugaritu egin da eta, hasieran Xabier Lizaur eta Jagoba Bergara bikoteak osatzen bazuten, orain horiei Andoni Altube eta Mikel Aranbarri gehitu zaizkie.

Zerbitzuak

Esan bezala, Ekitermikek enpresa eta administrazio, partikular eta etxebizitza komunitateei, eta baita unibertsitate eta eskolentzako zerbitzuak eskaintzen ditu.  Enpresa eta administrazioarentzako zerbitzuen artean, auditoria energetikoak, energiaren kudeaketa, eta instalazioen mantenua dira egiten dituzten lanak.

Partikular eta etxebizitza komunitateei, berriz, ondorengo zerbitzuak eskaintzen dizkiete:  Eraikuntzetako ziurtagiri energetikoa egin, energia berriztagarrien instalazioa eta mantenua, eta eraikinen ikustatze teknikoak.  Azkenik, hezkuntzarena da Ekitermiken beste lan esparrua.  Honen baitan unibertsitate eta eskolentzako zerbitzuak eskaintzen dituzte.

Euren zerbitzuak kontratatzeko Garai Berrikuntza Gunean duten bulegora gerturatzearekin nahikoa da, edota ekitermik@ekitermik.com helbide elektronikora idatzi.  Euren zerbitzuen gaineko xehetasun guztiak eskaintzen dituen webgunea ere izan badaukate:  www.ekitermik.com.

590 (id: 6168421)

Iturria: MONDRABERRI.com

http://gipuzkoakoartisauak.net/images/logo_dipu.jpg