Inicio de sesión

PostHeaderIcon Ekintzailetasuna eta ideia berriak, Kulturateko klaustroan.

Gaur goizean inauguratu dute Arrasaten Kimu Berri erakusketa. Kulturateko klaustroan MUko ikasleen 52 proiektu berritzaile bildu dituzte eta horietako zortzi taldek euren ideia azaldu dute jendaurrean, erakusketa ofizialki ireki baino lehen.

Irekiera ekitaldian, antolatzaile eta ikasleen hitzez gain, duela lau urte ekimenean parte hartu zuen Joseba Nogalesek ere izan du bere tartea. Azaldu du, besteak beste, nola 2011n abiatu zuten proiektuak oraindik bizirik dirauen. Izan ere, ideia hartatik enpresa bat sortu, eta oraindik bertan jarraitzen dute lanean berak eta jatorrizko taldeko beste kide batek. Urteotan izandako esperientziatik abiatuta, hainbat aholku eman dizkie ikasleei, eta aitortu du hasieran zalantzak izatea ohikoa dela eta irabaziak lortzeko lan asko egin behar dela, baina saiatzeak merezi duela esan du.

Informatika, elektronika, telekomunikazio, industria eta ikus entzunezkoen arloetan landu dituzte ikasleek euren ideiak. Besteak beste, haize-erroten hegalen mantenurako sentsore bat aurkeztu dute, kalteak urrunetik neurtu eta aurreikusteko aukera emango lukeena.

Gehienek irudikatutako produktu edo zerbitzuaren azalpen muralak prestatu dituzten arren, hainbat produkturen prototipoak eta ikus entzunezkoen proiekzioak ere jarri dituzte ikusgai erakusketan. Hilaren 22ra arte egongo dira Kulturaten. Hurrengo egunean, Oñatiko Enpresagintza fakultatera eramango dute, urriaren 5era arte. Azkenik, Aretxabaletako Arkupe kultura etxean izango dira lanak, urriaren 6tik 16ra bitartean.

Ekimenaren helburua gazteengan ekintzailetasuna sustatzea da, egungo egoera ekonomikoak sortutako langabezia datuei aurre egiteko alternatiba gisa.

Iturria: GOIENA.eus

http://gipuzkoakoartisauak.net/images/logo_dipu.jpg