Inicio de sesión

PostHeaderIcon Ekintzailetasun soziala bultzatu nahi duen programa laster abian Bergaran.

Garapen ekonomikoa eta justizia soziala bateragarri egiten dituzten proiektuak sortzea da ekintzailetasun sozialaren funtsa. Hori, ondorioz, otsail amaiera eta maiatz amaiera artean Udalak eta MUko Lanki ikertegiak antolatuta, Olatukoop eta Bagararen partaidetzarekin eta Aldundiak babestuta, Bergaran egingo den Berrekin. Berregin programaren helburua ere. Berrekin. Berregin-en bigarren edizioa debagoiendarrei egongo da irekita.

"Hemen baditugu kooperatibak ekonomia sozialaren esparruan historikoki aitzindari izan direnak; baina inguruan, Europan eta munduan baditugu esperientzia berriak, marko berri batean kokatzen direnak, gaur egun bizi ditugun krisi ekologiko eta sozialen baitan, eta ari dira sortzen kooperatibagintza eta ekonomia soziala ulertzeko proiektu berriak, molde berriak, eta hori martxan jartzeko asmoz gabiltza hemen", zioen Lankiko kide Aritz Kanpandegik programaren aurkezpenean.

Goi-mailako ikasketak dituztenentzat eta langabezian daudenentzat edo lan jardun partzialean ari direnentzat da programa. Debagoiendarrei dago irekita aurtengo edizioa –iazkoa soilik bergararrentzako zen–, eta saio presentzialak Errekalde jauregian izango dira, astelehenetik egubakoitzera, goizez.

Formazio saioetan gizarte aldaketak eta tokiko garapena bezalako gaiak jorratuko dituzte, eta ekintzailetasun sozialerako erremintak ezagutu ere bai. Horrez gain, baina, Hazitegia deituriko atala du proiektuak, programaren ardatza dena: enpresa ideien sorrera eta garapena landuko dute bertan.

Izan ere, praktikara bideratutako programa da Berrekin. Berregin. Honela, iazko ediziotik irtendako hiru proiektu martxan daude, adibidez, gaur egun: herriak haurrentzako egitea helburu duen eta arkitektura eta hezkuntza uztartzen dituen bat; arazo sozialak dituzten pertsonei laguntzak eta erremintak eskaini nahi dizkion beste bat; eta Bergaran eta inguruan dagoen natura eta kultura ondarea herriari zabaldu nahi dion hirugarrena.

Dagoeneko lantxo batzuk atera zaizkiela adierazi zuen ekimenaren aurkezpenean hirugarren proiektu horretako kideetako batek, Aitor Narbaizak. Oso formazio baliagarria jasotzen dela eta iazko parte-hartzaileek animatu egin dute jendea izena ematera. 25 lagunentzako dago lekua, doakoa da eta amaieran Huheziren titulua jasoko dute ikasleek.

Aurkezpena eguaztenean

Programa aurkezteko, aurkezpen saio irekiak egingo dituzte Debagoieneko herri nagusietan datorren astetik aurrera. Bergarakoa izango da lehena, hilaren 27an, 18:30ean, Errekalden. Programarako izena berrekinberregin.com helbidean eman behar da; otsailaren 15ean amaituko da epea.

Iturria:goiena.eus

http://gipuzkoakoartisauak.net/images/logo_dipu.jpg