Inicio de sesión

PostHeaderIcon Debagoiena da EAEko eskualderik industrialena, langile proportzioaren arabera.

Debagoienak du langileen proportzio handiena industrian lanean, Euskadiko eskualde guztien artean. Horrela islatzen du Eustat erakundeak egindako Biztanleria Aktiboaren Udal Estatistikak. Izan ere, Debagoieneko biztanle aktiboen %41,6 dabiltza industrian lanean; bigarren proportzio handiena duen eskualdearen (Goierri) alde handiarekin (%4,6ko aldea).

Debagoiena da EAEko eskualderik industrialena, langile proportzioaren arabera
Bergarako Labegaraietako industrialdea. | Ikusi handiago | Argazki originala

Debagoienean, industriako enpleguaren ehunekoetan nabarmentzen dira honako herri hauek: Eskoriatza (%48,6), Oñati (%48,1), Antzuola (%46,7) eta Aretxabaleta (%45,4).

Datu horiek 2015ekoak dira, dauden berrienak.

Debagoieneko biztanle aktiboen %54,1 zebilen zerbitzuen sektorean, EAEko bigarren proportzio txikiena, Arabako Errioxaren atzetik (%49,1); eta eraikuntzako proportzio txikiena (%3,3). Nekazaritzako proportzio txikiena ere Debagoienak zuen,  Donostialdearekin berdinduta: %1.

Enplegu datu asko ematen ditu Eustaten txostenak. Hala, EAEko 251 udalerrietako 56tan, batez besteko langabezia tasa %16,1etik gorakoa izan zen 2015ean, eta Arabako hiru udalerritan izan zen bereziki handia: Oionen (%24,7), Zanbranan (%24,5) eta Moredan (%24). %10etik beherakoa izan zen beste 37 udalerritan, eta bereziki txikia izan zen Albizturren (%3,3), Mendatan (%5,3), Orexan (%5,4) eta Gabirian (%5,6).

Langabezia tasa txikiena Arabako Mendialdean izan zen: %10,5. Handiena Arabako Errioxan izan zen: %19,1. Gipuzkoako ia eskualde guztiak EAEko batez besteko langabezia tasaren azpitik egon ziren, Bidasoa Behea izan ezik (%17,3).

Langabezia txikiena, herri txikietan

Eustatek dioenez, orokorrean, langabezia-tasarik txikienak udalerri txikietan izan ziren: 10.000 biztanletik beherako udalerrietan langabezia-tasa %14,7koa izan zen, 10.000-40.000 biztanlekoetan % 15,6koa eta 40.000-100.000 biztanlekoetan %17,8koa. Hiriburuetan langabezia-tasa biztanleria aktiboaren %16,6koa izan zen. Bilbok izan zuen langabezia-tasarik handiena (%18,7), eta Gasteizek %15,8koa eta Donostiak %13,8koa.

2015ean biztanleria okupatuaren %73,5ek zerbitzuetan egiten zuten lan, %19,4k industrian, %5,6k eraikuntzan eta %1,5ek nekazaritzan.

Araban eta Gipuzkoan industrian okupatutako biztanleriaren tasa (%22,8 eta %23,2, hurrenez hurren) Bizkaikoa baino handiagoa zen (%15,9), eta, hain zuzen ere, Bizkaian zeuden landun gehien zerbitzuen sektorean (%76,8), eta Araban eta Gipuzkoan, berriz, %70 inguru bi kasuetan. Bestalde, Araban gehiago ziren nekazaritzan okupatuta zeudenak (%2,6), eta Bizkaian, berriz, %1,3 eta Gipuzkoan %1,4. Nolanahi ere, sektoreen arabera biztanleria okupatuan alderik handienak udalerrien artean daude. Navaridasen, Mañuetan, Iekoran, Eskuernagan eta Bilarren, esate baterako, 10 landunetatik 2k bakarrik egiten zuten lan zerbitzuetan, eta Getxon, Plentzian, Donostian, Bilbon eta Gorlizen, esate baterako, 10etik 8k.

Nekazaritzan okupazio-tasa handiak zituzten udalerri gehienak, berriz, Arabakoak dira, eta nabarmentzen dira Iekora, Mañueta, Bilar eta Eskuernaga, eta horietan biztanleria okupatuaren erdiek egiten zuten lan sektore horretan.

Eraikuntzaren sektorean nabarmentzen dira Beizama (pertsona okupatuen %19,7), Belauntza (%15,5) eta Artzentales (%14,6).

Iturria:GOIENA.eus

 

http://gipuzkoakoartisauak.net/images/logo_dipu.jpg