Inicio de sesión

PostHeaderIcon Color & Trim sariak banatu dituzte

Inauguratu berri den Mondragon Unibertsitateko Diseinuaren Berrikuntza Zentroak (DBZk) eta Maierrek Color & Trim sarien banaketa-ekitaldia burutu dute gaur, uztailak 5.  Ekitaldia Mondragon Unibertsitateak Arrasaten duen Goi Eskola Politeknikoan izan da, goizeko 11:00etatik eguerdiko 13:00etara burututako jardunaldian.

Ibilgailuen osagaiak berritzeko eta ikasleek ibilgailuaren kanpoko nahiz barruko kolore-, material- eta ehundura-akabera desberdinak proposatzeko Automozioaren sektoreari loturiko sariak dira honako hauek. Mondragon Unibertsitateko Produktu Garapeneko eta Industria Diseinuko Ingeniaritza Graduko hirugarren urteko eta Produktu eta Zerbitzuen Diseinu Estrategikoko Masterreko 50 ikaslek hartu dute parte aurtengo edizioa.  Guztien proiektuak, aurtengo ikasturtean garatutakoak, Arrasate campusean dagoen Diseinuaren Berrikuntza Zentroan daude ikusgai.

Sari-banaketa goizeko 12:30ak aldera burutu da, jardunaldia, baina, askoz ere lehenago jarri da martxan.  11:00etan irekiera ekitaldia ospatu dute, Goi Eskola Politeknikoko Ingeniaritzako koordinatzaile Josu Galarza eta Maierreko lehendakari Julen Madariagaren eskutik.  Ondoren, automozio-sektoreko eta Colour & Trim diziplinako adituek bi hitzaldi eskaini dituzte.

Joeretatik abiatuz, kontzeptuen sortze-prozesuari buruz aritu dira hizlariak: batetik, Colour & Trim-eko diseinatzaile Gail Patrick-ek, 10 urte baino gehiago Nissan Disign Europe-n, Nissanen Europako diseinu-estudioan -Londresen-, lanean diharduenak; eta, bestetik, Visteon Auto Envision, Innovation & Design Europe-ko diseinu-buru Simon Harris industria-diseinatzaileak. Hau amaituta, eta aurretik aipatu bezala, lau proiekturik onenei sariak emateko ekitaldia hasi da.

Sarituak

Lehiaketaren asmoa zera da: erabiltzaileen interesa pizteko asmoz, autoen akaberen diseinuan eta material berritzaile eta erakargarrien kolore eta testuretan proposamen hoberenak aurkitzea. Honako hauek dira lau proiektu hoberenak:

Master saria Organic Sophistication proiektuarentzat izan da, Iker Agirre, Elene Cid, Leire Goitia eta Amaia Zapirainena. Epaimahaiak material naturalen erabilerari buruzko ikerketagatik saritu du, "erlaxazioa, natura, egonkortasuna… eta halako sentsazioak transmitituko dituzten alderdi berriak sortzeko oinarria baitira material horiek".

Graduko lehen saria Stress Society proiektuak jaso du, Xabier Albizuk garatutakoa. Itsas inguru batean inspiratutako ingurune erlaxagarria sortzeagatik saritu dute. Helburu hori lortzeko, argiztatutako zurezko xaflak eta metala eta zura nahasi ditu. Proiektu osatua da, berritzailea, ondo aurkeztua eta material-erakusgai eraginkorrekin.

Graduko bigarren saria Laura Julianen Confort & Welfare proiektura joan da. Zura eta “aromaterapia” kontzeptua konbinatzeagatik eta ibilgailuaren barruan lortu duen material eta koloreen harmoniagatik saritu dute. Materialen aurkezpena ere nabarmendu du epaimahaiak.

 

Azkenik, materioteka onenarentzako Graduko saria -materioteka panel bat da, eta bertan kokatzen dira ikasleek ibilgailuen akaberarako aukeratu dituzten materialen laginak- Urba Nomads proiektua eskuratu du, Izaskun Peñagarikanorena. "Urban Nomads eta auto elektrikoen joeraren inguruan egindako ikerketaren koherentziagatik" saritu dute. Izan ere, materialak aukeratu eta konbinatuz, kontzeptu berritzaileak lortu eta egoki transmititzen jakin du.


Diseinu Zentroa (DBZ)

Zentro berriak industria-alorreko erreferentzia izan nahi du Estatuan, produktu eta zerbitzu berritzaileak garatzeko diseinuaren aldeko apustua eginez, enpresak lehiakorragoak eta berritzaileagoak izan daitezen.

Mondragon Unibertsitatearen Arrasateko campusean dago, Goi Eskola Politeknikoaren instalazioetan. Duela gutxi berriztatutako 2.000 metro koadroko eraikina da, horietatik 500 metro koadro laborategi eta tailerretarako. Guztira, 150.000 euroko inbertsioa egin da. Mondragon Unibertsitateak ematen dituen industria-diseinuaren esparruko jarduera guztiak biltzen ditu Diseinu Zentroak, dela jarduera akademikoa (Industria Diseinuko eta Produktu Garapeneko Ingeniaritzako Gradua eta Produktu eta Zerbitzuen Diseinu Estrategikoko Unibertsitate Masterra), dela ikerketa- eta transferentzia-jarduera. 

Diseinu Berrikuntza Zentroak (DBZ) enpresetarako funtsezkoak diren honako bi ikerketa-ildo hauek ditu ardatz: alde batetik, Iraunkortasunari eta Eko-berrikuntzari lotutako ildoa, eta beste aldetik, Esperientzien Diseinuari, Elkarrekintzari eta Diseinu Inklusiboari lotutakoa. Era berean, zentroak zeharkako lan-ildo bat ere badauka, enpresetarako aurrera begirako ikerketak egiteko eta joerak aztertzeko.


Hartara, ohiko paradigma teknologikoari ikuspuntu berria eskaintzen dio DBZk. Izan ere, horren arabera, berrikuntza ez dator soilik aurrerakuntza teknologikoaren bidez, eta faktore humanistak ere sartzen dira tartean, hala nola psikologia, erabiltzaileari eskaintzen zaion emozioa eta esperientziaren kalitatea, bai eta gizarte-faktoreak ere, esate baterako, ongizatea eta bizi-kalitatea. Jarduera garatzeko, zentroak ekipamendu espezifikoa du bere laborategietan; adibidez, 3D-ko eskanerra, 3D-ko plotterra, Eye Trackerra, Face Reada, berariazko softwarea eta beste tresna batzuk.

Iturria: mondraberri.com

1 (id: 7993670)

http://gipuzkoakoartisauak.net/images/logo_dipu.jpg