Inicio de sesión

PostHeaderIcon Berrikuntzaren eta prestakuntzaren garrantzia, egungo merkatuan lehiatzeko.

Bergarako Miguel Altuna Institutuko ikasleek solasaldia izan zuten atzo Jakiundeko Andres Arizkorreta eta Jose Luis Larrea akademikoekin. Bi adituok euren esperientziari eta ibilbide profesionalari buruz hitz egin zuten, eta krisia gainditzeko merkatura egokitzen jakiteak duen garrantzia azpimarratu.

Andres Arizkorreta ardura-postu ezberdinetan aritu da CAF enpresan eta egun konpainiako kontseilari ordezkaria da; Jose Luis Larrea, berriz, APDn kontseilari eta Euskal Enpresarien Elkargoko zuzendaritza batzordeko kide izateaz gain, Deustuko Unibertsitateko gobernu kontseiluko kidea ere bada.

Estrategia ezberdinak

Gaur egun bizi dugun krisia modukoak aurretik ere bizi izan ditugula aipatu zuten Migel Altuna Institutuan egindako hizketaldian, eta garai bakoitzean, estrategia desberdinak erabiliz, merkatura egokitzen jakin izan dutela azaldu zuten.

Ildo horretatik, gaur egun, enpresentzat  mundu mailako merkatuetan lehiatzea ezinbestekoa dela azpimarratu zuten, eta hiru ideia lehenetsi zituzten horretarako: berrikuntza teknologikoa, langileen prestakuntza maila altua eta hizkuntzak jakitearen garrantzia.

Iturria GOIENA.net

http://gipuzkoakoartisauak.net/images/logo_dipu.jpg