Berdinketa bikoitza, Euspot-en sari banaketan.
Ondo pentsatu eta Zuk zuretzat sortu iragarkiek erdi bana jaso dute sari potoloa; azken horrendako izan da MUko ikasleena ere; BHklip saria elkar banatu dute Oihan Loitik eta Lur Bengoak; eta ikusleek Zer dago zuk janzten duzunaren atzean? saritu.
Iaz ordura arteko langa gainditu zuten, euskarazko 98 iragarki jasota, eta aurten ez dituzte gehiago lortu; hala ere, antolatzaileak "oso pozik" daude jaso duten lan kopuruarekin: 51. "Lehiaketa oso berezia izan da; konfinamenduak eta alarma egoerak pare-parean hartu gaituzte, baina izugarria izan da jaso dugun lan kopuru handia: 18 urtetik beherakoek egindako 24 eta helduen 27 lan", azaldu du antolaketa taldeko kide Gorka Zubizarretak.
Aurreko aldietan moduan, Euskal Herriko leku askotakotatik jaso dituzte: eskualdekoez gainera, Gipuzkoako herri askotatik, eta baita Bizkaitik eta Nafarroatik beste hainbat ere. Publikoaren sarirako bozketan, orain arteko errekorra egin dute 2.600 boto jasota.
Ondo pentsatu spotarentzako izan da sari nagusiaren beste erdia. Argazkia: Euspot lehiaketa.
Nagusia, Eibarrera eta Irunera
Aurtengo lehiaketak janzten dugunaren inguruan hausnarketa egin nahi du. "Kontzientziazio kanpaina baterako spota sortu behar izan dute parte-hartzaileek, moda azkarrak eragiten dituen ondorio negatiboak ikusarazteko. Erosten dugunaren inguruko kontzientzia hartzea da lan berriekin lortu nahi izan dena; batez ere, arropari eta horren inguruan dagoen moda gurpilari erreparatuta".
Gaur egin dute sari-banaketa ekitaldia, urtero moduan, Arkupe aretoan, baina, aretoan publiko barik, eta streaming bitartez; Usoa Agirrek aurkeztu du. Bi lanen artean zalantzan ibili dira, eta, biek merezita dutela ondorioztatuta, bi spoten artean banatu dute 1.000 euroko sari nagusia: Zuk zuretzat sortu da bat –Eibarko Idoia Lahidalgak eta Oihane Puertasek egindakoa– eta Irungo Julen Urtxegiren Ondo pentsatu da bestea. "Spoten kalitate teknikoa eta mezuaren egokitasuna" baloratu dute, bereziki, epai-mahaikideek; eta Unai Elkoro Aretxabaletako alkateari egokitu zaio gaur sari hori ematea.
Gazteen saria, Arrasaten
Oihan Loitik behin baino gehiagotan erakutsi du ikus-entzunezkoak egiten duen trebezia, eta oraingoan ere hala egin du, BHKlip sariaren erdia harentzako izan da eta; beste erdia Lur Bengoa herrikidearekin partekatuko du. Alberto Garro Arizmendiko komunikazio arduradunak banatu du; epai-mahaikideek "spoten kalitate teknikoa" azpimarratu dute.
Aretxabaletan egindakoa den Zer dago zuk janzten duzunaren atzean? –Beñat Abasolo eta Markel Bazanbide– spota izan da ikusleen boto gehien jaso duena. Musika sinkronizazio onenaren saria, "musika egokitasunagatik eta originaltasunagatik", Mikel Agirrek, Ainhoa Imazek eta Kimetz Bilbaok egin duten Beste bat? lanak eskuratu du.
'Euspot.eus' atarian ikusgai
Aurtengo lehiaketako lan guztiak dagoeneko sariketaren atarian daude ikusgai. Horrez gainera, Euspot-en orain arteko ibilbidean batutako lan guztiak ere oraindik eskuragarri daude.
Udazkenean hasiko dira hurrengoaekin: hamargarrena.
Iturria: goiena.eus