Inicio de sesión

PostHeaderIcon Automobilgintzako ideia berriak saritu ditu Mondragon Unibertsitateak

Mondragon Unibertsitatean abiatu berri den Diseinu Berrikuntzako Zentroak (DBZ) eta Maier enpresak Colour & Trim Industria Diseinuko sariak banatu dituzte gaur. Automozio-sektoreari lotutako sariak dira, ibilgailuen osagaiak berritzearen ingurukoak. Asmoa zera da: ikasleek ibilgailuaren barruko nahiz kanpoko osagaietarako akaberak eskaintzea, kolore, material eta testura desberdinekin.

 

Sari-banaketa gai horri buruzko jardunaldi batean burutu da, eta Colour&Trim diziplinako bi europar adituk parte hartu dute ekitaldian. Halatan, Josu Galarza Mondragon Goi Eskola Politeknikoko Ingeniaritzako koordinatzaileak eta Julen Madariaga Maierreko presidenteak jardunaldia ireki ondoren, automozio-sektoreko eta Colour&Trim diziplinako bi adituen txostenak aurkeztu dira. Diziplina horren helburua erabiltzaileen alde emozionala erakarriko duten proposamen berritzaileak lortzea da, koloreak, testurak eta materialak konbinatuz.

Alde batetik, Gail Patrick, Colour & Trimeko diseinatzailea aritu da, Europako Nissanen diseinu-estudioan (Nissan Design Europa) 10 urtez lanean ibilitakoa, eta beste aldetik, Simon Harris, industria diseinatzailea eta Visteon Auto Envision-eko diseinu-burua, sorkuntza-prozesuari buruz aritu dena.

Lehiaketaren asmoa zera da: erabiltzaileen interesa pizteko asmoz, autoen akaberen diseinuan eta material berritzaile eta erakargarrien kolore eta testuretan proposamen hoberenak aurkitzea. Honako hauek dira lau proiektu hoberenak:

  • Master saria. ORGANIC SOPHISTICATION proiektua. Egileak: Iker Agirre, Elene Cid, Leire Goitia eta Amaia Zapirain. Epaimahaiak material naturalen erabilerari buruzko ikerketagatik saritu du, erlaxazioa, natura, egonkortasuna… eta halako sentsazioak transmitituko dituzten alderdi berriak sortzeko oinarria baitira material horiek. Proiektu berritzailea da eta materialen erakusgai zabala nabarmentzen.
  • Graduko lehen saria. STRESS SOCIETY proiektua. Egilea: Xabier Albizu. Itsas inguru batean inspiratutako ingurune erlaxagarria sortzeagatik saritu dute. Helburu hori lortzeko, argiztatutako zurezko xaflak eta metala eta zura nahasi ditu. Proiektu osatua da, berritzailea, ondo aurkeztua eta material-erakusgai eraginkorrekin.
  • Graduko bigarren saria. COMFORT & WELFARE proiektua. Egilea: Laura Julian. Zura eta "aromaterapia" kontzeptua konbinatzeagatik eta ibilgailuaren barruan lortu duen material eta koloreen harmoniagatik. Materialen aurkezpena ere nabarmentzen da.
  • Materioteka onenarentzako Graduko saria (materioteka panel bat da, eta bertan kokatzen dira ikasleek ibilgailuen akaberarako aukeratu dituzten materialen laginak): URBA NOMADS proiektua. Egilea: Izaskun Peñagarikano. Urban Nomads eta auto elektrikoen joeraren inguruan egindako ikerketaren koherentziagatik. Izan ere, materialak aukeratu eta konbinatuz, kontzeptu berritzaileak lortu eta egoki transmititzen jakin du.

Erakusketa, zabalik

Proiektuak ikasturtean zehar garatu dira, eta Mondragon Unibertsitatearen Industria Diseinuko eta Produktu Garapeneko Ingeniaritzako Graduko eta Produktu eta Zerbitzuen Diseinu Estrategikoko Unibertsitate Masterreko 50 ikaslek hartu dute parte; zehazki, graduko 30 ikaslek, banaka, eta masterreko 20k, lau pertsonako taldetan. Proiektu guztiak DBZko 1. solairuan (1. eraikina) daude ikusgai.

Iturria: GOIENA.net

http://gipuzkoakoartisauak.net/images/logo_dipu.jpg