Inicio de sesión

PostHeaderIcon Aukeratuak jada Huhezinemaren 14 finalistak.

Epaimahaiak eman du aditzera jada Huezinemaren VII.edizioko finalisten zerrenda. Aurten 134 film labur jaso dituzte orotara, horietatik 30 euskara hutsean ekoitzitakoak, aurreko urteko marka hautsiz.  Lehiaketa ofizialerako 118 lan jaso dira, fikziozkoak, dokumentalak, esperimentalak, animaziozkoak eta genero nahasketak.  MUko ikasleen lehiaketatan, berriz, 16 izan dira aurkeztutako film laburrak, fikziozkoak, dokumentalak eta bideoklipak.

Lan horietatik guztietatik 14 izan dira sail ofizialerako hautatu dituztenak, ondorengoak:  Zela Trovke (Asier Altuna), Arconada (Asier Urbieta), Irudi mintzatuen hiztegi poetikoa (Maider Fernandez, Maria Elorza eta Aitor Gametxo), Gosea Itziar (Cantero), Hotzanak (Izibene Oñederra), Hibernation (Jon Mikel Caballero), Bosgarren segmentua (Ander Parody Garai), No es un buen día para morir (Rubén Rosas), Democracia (Borja Cobeaga), Donde nunca pasa nada (Maialen Sarasua), A political story (Lander Camarero), Das Kind (Manu Gomez) eta Alejandra (Alberto Gastesi). 

Gogoratu beharra dago aurten martxoaren 26, 27 eta 28an ospatuko dela Huhezinema jaialdia Aretxabaletako Arkupe Kultur Aretoan. Film hauek guztiak martxoaren 28ko jardunaldian proiektatuko dira, arratsaldeko 17:00-22:00ak bitartean, eta ondoren sari banaketa ekitaldia burutuko da.

Mondragon Unibertsitateko Ikus-entzunezko Komunikazioa graduko ikasleek antolatzen dute Huezinema euskal film laburren lehiaketa. Aurten, guztira, 15 lagun dabiltza antolakuntza lanetan “Kultur ekitaldien antolaketa” izeneko materiaren barruan, hirugarren eta laugarren mailakoak, hain justu ere.

Aurtengo ediziorako, hiru sail aurkeztu dituzte antolatzaileek:  Batetik, hartzaile guztiei zuzenduta dagoen sail ofiziala; eta bestetik, bakarrik MUko ikasleei zuzenduta dauden beste bi, MU Ikasleen lehiaketa eta Basque Culinary Centre lehiaketa. Lehenengo bietan ikus-entzunezkoen gehienezko iraupena 30 minutukoa izan beharko da, eta azkenekoan hiru minutukoa, kredituak barne.

Sariak

Sarietarako 4.000 euro bideratu dituzte aurten.  Sail ofizialean 3.000 euro egongo dira jokoan, eta beste bi sailetan 500 euro bakoitzean.  Sail ofizialean euskarazko film onenak 1.200 euro jasoko ditu, epaimahaiaren sari berezirako 800 euro egongo dira, Vertigo sarirako 600 eta beste 400 ikusleen sarirako.  Aurten Vertigo saria izango da berritasunetako bat, ekoizpenerako edo banaketarako diru laguntza publikorik jaso ez duen lan onenera zuzenduta.

Antolatzaileek aipamen berezia egin diote BCC sariari, fakultate desberdinetako ikasleen parte hartze ahalik eta handiena bultzatu nahi baitute. Zentzu honetan, BCC sarian parte hartzeko, MUko ikaslea izatea eta gastronomiarekin lotutako 3 minutuko film laburra aurkeztea dira baldintza bakarrak.  Honen baitan, Basque Culinary Sarirako 350 euro egongo dira, eta beste 150 ikusleek aukeratzen duten filmerako.  Azkenik, MUko ikasleen atalean, fikziozko lanik onenak –epaimahi ofizialak aukeratutakoa- 200 euro jasoko ditu, dokumentalik onenak beste horrenbeste, eta ikusleek aukeratutakoarentzat beste 100 egongo dira.

Zazpigarren edizioa

2008an Huhezinema sortu zenetik, urtetik urtera joan da handitzen euskal film laburren lehiaketa, bai parte hartzaile kopuruari begiratuta eta baita sarien tamainei erreparatuta ere. Iaz, esaterako, 140 film labur baino gehiago aurkeztu ziren.  Aurtengoa Huhezinemaren zazpigarren edizioa da.

Iturria: MONDRABERRI.com

http://gipuzkoakoartisauak.net/images/logo_dipu.jpg