Inicio de sesión

PostHeaderIcon Arizmendiko 80 gazte robotika lantzen dabiltza First Lego League txapelketan.

Arizmendi Ikastolako DBHko 4. mailako 80 gaztek parte hartu dute First Lego League-ko saioan gaur goiz eta eguerdian Gaztelupen.

Aipatzekoa da Batxilergoko bi talde ere proiektuan parte hartzen dabiltzala, nahiz eta Arizmendiko barne txapelketan ez aritu.

Halere, Batxilergoko talde bat eta DBHko hiru talde Euskadiko First Lego Leagueko Txapelketara sailkatuko dira.

Arizmendi Ikastolak 6. urtez parte hartzen dabil FLL txapelketan, eta edizio honetako gaia Hondakinen Kudeaketa da.

Bide honetan Ikerlan eta Mondragon Unibertsitatea bidaide dituzte, baita laguntzaile ere.

DBHko lagunen saioetako bat gaur egin dute, eta bertan aritu dira Gaztelupeko eta Almeneko 80 neska-mutil. Txapelketaz mintzatu zaizkigu argazkiko hiru lagunak [ezkerretik hasita]:

  • Judith Zubia
  • Imanol Elkorobarrutia
  • Jone Zubizarreta

Hirurak DBHko 4. kurtsoko ikasleak dira, eta robotika lantzen dihardute beste ikaskideekin batera.

Testuinguru honetan kokatzen da Arizmendi Ikastolako First Lego League txapelketa.

Robota egiteko zenbait pieza banatu dizkiete, besteak beste robotaren "garuna", gurpilak, motorra, legoko piezak,...

Ondoren ikasleek lantaldean robota muntatu behar izan dute, eta misio bat programatu behar izan diote, hau da, robotari adierazi dizkiote zein mugimendu egin behar zituen gaurko saioan.

Horretarako aginduak ohiko ordenadore batekin programatu izan dituzte, eta gero kable batekin aginduak errobotaren "garunari" barneratu dizkiote.

Ikasle talde bakoitzak erabaki du bere robotari zein misio jarri, eta aurtengo lehiaketaren gaia hondakinen kudeaketa denez, robotaren zereginetako bat izan da, adibidez, edukiontzi bat hartu eta nonbaiten utzi.

Irailean ekin zioten robotikako lan honi, Teknologia irakasgaian, eta DBH 4ko klase bakoitzak lego piezekin mahai bana muntatu dute, gero robotak mahai gainetik mugi zitezen.

"Gauzarik zailena programatzea izan da - azaldu digu goiko hiru lagunek - , eta gainera zehaztasun handia behar da misioa ondo gauzatzeko".

Gainera "esperimentuak egitean konturatu gara robotak aldaketa batzuk behar zituela eta aldaketak egin dizkiogu".

Gaurko saioan robotak ez badu bere misioa bete, edo agindu batzuk ez baditu bete, ikasle taldeak puntuak galdu ditu. Gainera, misioaren zailtasunaren arabera, lantaldeak puntu gehiago edo gutxiago lortu ditu.

Beraz, gaur taldeek erakutsi behar izan dute orain arte egindako lana, denbora laburrean eta zailtasunen aurrean laster batean erabaki beharrean.

Izan ere, misioa betetzeko 2 minutu eta erdiko denbora izan dute gehienez, baita 3 saiakera ere asko jota.

"Gakoa da taldeak aukeratutako misioak ondo egitea, misio kopuruak ez du hainbesteko garrantzirik".

Goian aipatu bezala, DBHko 4. mailako hiru talde eraginkorrenak eta Batxilergoko talde eraginkorrena Euskadiko First Lego Leaguera sailkatuko dira. Dena den, talde parte-hartzaile guztiek aukera izan dute robotika ezagutzeko, trebatzeko eta talde lanean aritzeko.

Iturria: MONDRABERRI.com

http://gipuzkoakoartisauak.net/images/logo_dipu.jpg