Inicio de sesión

PostHeaderIcon Arizmendik garaikurra ekarri du besapean First Lego League txapelketatik

Euskadi mailako kanporaketa zapatuan jokatu zen Bilbon, eta Arrasateko taldea zazpigarren postuan sailkatu bazen ere, Inspirazio Saria jaso zuen. Modu honetan epaimahaiak lehiaketan zehar erakutsitako jarrera eta talde-lana saritu zituen.
Pozik etorri ziren oso pasa den zapatuan Arizmendiko DBH4ko ikasleak Bilbo aldetik, bertan ospatutako Euskadi mailako First Lego League lehiaketan Inspirazio Saria jaso baitzuten.  Honetaz gain, bertan parte hartu zuten 30 talde baino gehiagoren artean arrasatearrak zazpigarren postuan sailkatu ziren.  Zoritxarrez, lehen hiru taldeak bakarrik lortzen dute hurrengo kanporaketarako -Espainia mailakoa- txartela; eta, zentzu honetan, Arizmendikoak lehiaketatik kanpo geratu dira jada.

Ez da aurreneko aldia Arizmendiko ikasleek txapelketa honetan parte hartzen dutela, pasa den urteko taldeak debuta egin ostean irabazi eta Espainia mailako txapelketan lehiatu baitzuen.  Zentzu honetan, lantaldeko arduraduna izan den Beñat Irazabalek azaldutakoaren arabera "presio puntu batekin" joan ziren zapatuan Bilbora, “iazko taldeak maila oso altua erakutsi baitzuen”.  Dena den, eta txapelketatik at geratu arren, Irazabal “oso harro” dago bere taldeaz egindako lanaz, “horrelakoetan emaitzak baino garrantzi handiagoa baitaukate ilusioa eta gogoa”.

 

Iazko taldeko kide gehienak mutilak baziren, aurtengoaren taldekide guztiak neskak izan dira.  Honako hau izan da Euskadi mailan eman den kasu bakarra, horregatik Arizmendiko taldeak txalo zaparrada polita jaso zuen Bilbon ospatutako txapelketan.  Azaldutakoaren arabera, ez zuten espero horren emaitza ona lortzerik:  “errobota ez zebilen ondo, eta txapelketan bertan egindako hobekuntzei esker lortu genuen zazpigarren postuan sailkatzea”. 

Zentzu honetan, Debagoienetik joandako beste taldearen -Almen- atzetik geratzea espero zuten, “eurek errobota askoz ere garatuagoa baitzeukaten”.  Azkenean, baina arrasatearrek hartu zuten aurrea sailkapenean.  Eta zailtasunen aurrean erakutsitako talde-lana eta jarrera horri esker, hain zuzen, jaso zuten Arizmendiko neskek “Inspirazio, talde-lana eta profesionaltasunaren saria”. 

First Lego Leagueko parte-hartzaileek bi lan egin behar zituzten txapelketan zehar, programatuta errobot baten bidez hainbat misio egin, eta proiektu zientifiko bat aurkeztu.  Aipatutako misioak egiteko, 15 guztira, 2 minutu eta erdiko denbora zuten, eta denborarik onena egiten zuena lortzen zuen sari nagusia.  Honetaz gain, beste sari asko ere egon bazeuden, epaimahaiak ezarritako irizpide ezberdinen araberakoak.

Dena den, programatutako errobotarekin ibilbide baten zehar egin beharreko misioez aparte, proiektu zientifiko bat ere aurkeztu zuten zapatuan Arizmendi-Ikerlan taldeko 10 neskek.  Iaz medikuntza izan bazen, aurten aukeratutako gaia elikagaien kontserbazioa izan da.  Zentzu honetan, Arrasateko taldeak baserriko produktuek euren ekoizpen-katean izan ditzaketen 4 kutsadura arrazoi aukeratu zituen, eta horiek makinak erabiltzen ez ziren garaiarekin alderatu eta soluzioak proposatu.

 

590 (id: 9552138)Arizmendiko neskak Legoko gelan.

 

Ordu asko

 

Iaz bezala, asko izan dira Arizmendiko neskek proiektu honi eskaini dizkioten orduak.  Berez, klase orduetan astero-astero bi ordu zeuzkaten proiektuaren inguruan lan egiteko, Teknologia eta Biologia-geologia ikasgaietan.  Dena den, hori baino askoz ere ordu gehiago sartu dituzte euren errobota hobetzeko, batez ere errekreo orduak eta arratsaldeetan.  “Legoko gela ia gure etxea bilakatu da, batez ere azken astean, egun askotan bazkaldu ere bertan egin baitugu”, diote taldekideek.  “Sofa bat eta kalefakzioa izan dira faltan bota izan ditugun gauza bakarrak” gaineratzen dute txantxetan Arizmendiko neskek.

Izan ere, iraila aldean ikastola mailan egindako txapelketan batean euren taldea irabazi, eta Euskadi mailan lehiatzeko aukeratu zutenetik, buru-hauste ugariei egin behar izan dizkiete aurre.  “Epaimahaiak ezarritako ibilbidea 2 minutu eta erditan egin beharra dago, eta horretarako errobota diseinatu eta programatu egin behar izan genuen hasieran”, azaltzen dute.  Dena den, behin errobota martxan jarrita arazo ugarirekin egin zuten topo, eta behin baino gehiagotan dena birdiseinatu behar izan dute. 

Batzuetan, abiadurari garrantzia ematerakoan zehaztasuna galtzen genuen, eta beste batzuetan alderantziz”.  Arazo hauek guztiak konpontzeko Ikerlaneko bi teknikarien laguntza izan zuten egun batean, eta Beñat Irazabalen aholkularitza une oro.  Iazko taldeari ere laguntza eskatu ziotela aitortu digute Arizmendiko neskek, “zoritxarrez, baina, ez dira Lego gelatik pasatu”. 

Bilbon, gainera, eurek baino esperientzia gehiago zuten parte hartzaileekin egin zuten topo.  “Beste ikastetxe batzuetako ikasleek gazteago direnean hasten dira parte hartzen, eta gure taldearentzat aurreneko esperientzia izan da honako hau”, dio Irazabalek.  Hurrengo urtean txapelketan parte hartzeko euren prestutasuna ere plazaratu dute Arizmendiko neskek, zoritxarrez, baina, hori ezinezkoa izango da, gehienezko adina 16 urtekoa baita.

 

Esperientzia positiboa

 

Dena den, eta txapelketan lortutako sailkapena eta saria alde batera utzita, taldeko 10 neskak bat datoz esperientzia “oso aberasgarria” izan dela esaterakoan.  Proiektu 300.2 (id: 9573120)honetan gogor lan egin behar izan badute ere, “asko disfrutatu” dutela diote.  Txapelketan, gainera, oso gutxigatik ez zuten hurrengo kanporaketarako txartela eskuratu, azken misioa denboraz kanpo egin baitzuen errobotak.

Beñat Irazabal ere oso pozik agertu da bere ardurapena izan duen taldearekin:  “Eurekin lan egitea gozada bat izan da, hasieran zailtasun ugari izan bazituzten ere jarrera oso ona erakutsi dute une oro, eta azkenean hori saritu zuen epaimahaiak pasa den zapatuan”.  Irazabal euren irakaslea ere bada Arizmendi ikastolan, zentzu honetan, ziur asko 10 neska hauek egindako lana kontuan edukiko duela bere ikasgaiko notak jartzerako orduan.

Iturria: MONDRABERRI.com

http://gipuzkoakoartisauak.net/images/logo_dipu.jpg