Inicio de sesión

PostHeaderIcon Aretxabaletako merkataritza sustatzeko pausuak emango dituzte Udalak eta Aretxartek

Herriko merkataritza eta ostalaritzaren gaineko ikerketa egin zuen 2010-2011 bitartean Lara Bautista MUko ikasleak, Udalak eskatuta. Emaitzak eskuartean dituzte dagoeneko eta komertzioetako ugazabekin elkartu da Argiñe Larrea Udaleko Enplegu teknikaria astean, haien iritzia jaso eta etorkizuneko lan ildoak finkatzen hasteko.

Ikerketa horrek jaso du Aretxabaletako merkataritza zerbitzuen egoera batetik, eta herritarren erosketa ohiturak, bestetik. Horretarako, 400 inkesta egin zituen Bautista ikasleak herritarren artean. Inkesta horren arabera, kanpoko merkataritza gune handietara joateko arrazoirik nagusienak dira: eskaintza zabalagoa, prezio hobea eta ordutegi egokiagoa. Herrian bertan, ostera, batez ere elikagaiak eta drogeriako produktuak erosten dituzte herritarrek.

Eta herriko komertzioetan baloratzen dutena da: tratua eta zerbitzua; erosotasuna; eta kalitatea. Martitzenean elkartutako merkatariak ez ziren bat etorri iritzi guztiekin: "Prezioa gehienetan etxeek eurek zehazten digute, eta han edo hemen, ez da aldatzen; hor ez dugu zer eginik".

Aretxarte eta Udalaren arteko lankidetza

Hori guztia jakinik, ahulguneak zuzendu, mehatxuak ekidin, indarguneak indartu eta aukerak aprobetxatzeko proposamenak egin ditu Bautistak. Horien artean daude: Aretxarte merkatarien elkarteak bazkide kanpainak egitea; Udalaren eta Aretxarteren arteko lankidetza bultzatzea; herritarrendako aisialdi jarduerak antolatzea; gazteak erakartzeko moduak aztertzea –Facebook…–; bezeroek poltsak gordetzeko takilak jartzea Mitarte edo Durana kaleetan… Eta kiroldegi berriaren eta unibertsitatearen irekierak aprobetxatzeko proposatu zien Larrea Enplegu teknikariak.

Bestalde, bai Larrea, bai merkatariak kezkatuta agertu ziren hainbat komertzio itxi dituztelako erretiroagatik eta erreleborik ez dagoelako, eta "komertzioak itxita, herria hil egingo da".

Iturria: GOIENA.net

http://gipuzkoakoartisauak.net/images/logo_dipu.jpg