Inicio de sesión

PostHeaderIcon Ane Irazabal: "Nire pasio bat ogibide bihurtu dut".

Ane Irazabal (Arrasate, 29 urte) Ekialde Hurbileko kazetari berriemaile ezaguna da. Sarri ikusi izan dugu ETBn Egiptoko egoeraren berri ematen, besteak beste.
Ane Irazabal kazetari arrasatearra martitzenean, Komunikaldietan, Garaian. | Ikusi handiago | Argazki originala

Izan ere, han dihardu lanean, gaur egun, freelance modura. Gutxitan etortzen da Euskal Herrira, baina oraingo astean gurean da. MUko Ikus-entzunezkoen Komunikazio campusak antolatutako Komunikaldian parte hartzera gonbidatuta etorri da.

Freelance kazetaria naiz eta harro nago izan da Komunikaldian egin duzun berbaldiaren titulua. Gustura?

Bai, bere gauza on eta txarrak ditu lanbide honek, eta zaila da norbere kontura munduan zehar gertatzen diren gauzak kontatzen ibiltzea, baina posible da. Nire pasio bat ogibide bihurtu dut.

Ze iritzi duzu Komunikaldia jardunaldiez?

Oso interesgarriak dira. Fakultate honetan ikasle nintzela ere antolatzen ziren eta gogoan daukat Martxelo Otamendi, Joseba Iriondo eta beste batzuk etorri zirela. Inportanteak dira ikaslearen motibazioaren aldetik eta, besteak beste, irudikatzeko ikasketa hauek ze irteera profesional daukaten.

Egipton, Kairon, zaude azkenaldian. Zela etorri zara hona?

Jeneralean, urtean birritan bakarrik etortzen naiz, Gabonetan eta udan. Aukera hau proposatzeko Amaia Pavon irakaslea jarri zen harremanetan nirekin azaroan. Erantzun nion oso zaila zela niretako azarotik konprometitzea, Ekialde Hurbilean freelance moduan zaudenean ez dakizulako noiz sor daitekeen albistea. Baina, gerora, animatu egin nintzen eta hemen nago.

Historia ikasketak ere eginak dituzu.

Beti gustatu izan zait historia. Halere, Batxilergoa amaitu nuenean zalantza izan nuen eta Zientzia Politikoak ikasten hasi nintzen Bartzelonan. Berehala konturatu nintzen hura ez zela nik gura nuena eta Euskal Herrira itzuli nintzen Historia ikastera. EHUn, Gasteizen, ikasi nuen eta amaitzen nengoela MUko Ikus-entzunezkoetan ere hasi nintzen ikasten. Azkeneko urtean Newcastelera (Erresuma Batua) joan nintzen karrera amaierako proiektua egitera. 2010ean amaitu nuen.

Eredu zara, neurri baten, Aretxabaletako campusean ikasten daudenendako, ezta?

Bueno, ez dakit zer esan, ze nik neuk ere ez baitakit hemendik hilabete bira non egongo naizen lanean. Oso ezegonkorra da lanbide hau, oztopoz beterikoa. Balio duzu zure azken kronikak balio duena.

Nondik datorkizu kazetaritzarako eta jendeari historiak kontatzeko har hori?

Betitik. Nazioarteko kazetaritzak asko erakartzen nau. Bereziki, Historia ikasketak egin nituenetik. Egungo Historian espezializatu nintzen, II. Mundu Gerraren ostetik aurrerakoan. Izugarri interesatzen zait zela izan ziren deskonolizazio prozesuak munduan. Beti eduki izan dut mito modukoa bat Palestinako gatazkaren inguruan eta beti gura izan dut hango berri eman.

Oinarri historiko eta kultural aberatsa eman dizu Historia ikasketak egin izanak?

Bai. Kazetari izateko irakurri egin behar da asko. Ez ditut ulertzen irakurri eta idazten ez duten kazetariak, nahiz eta, gero, telebistan edo irratian jardun. Oinarri ona edukitzea eta testuingurua osatzeko elementuak edukitzea oso inportantea da.

Karrera amaitu eta Palestinara joan zinen lehenbizi. Zergatik?

Karrera amaierako proiektua 2010ean aurkeztu eta irailean Palestinara joan nintzen. Belengo albiste agentzia txiki batekin jarri nintzen harremanetan: International Middle Eastis Media Agency. Eta lortu nuen hiru hilabete haiekin lanean aritzea. Bisatua amaitu zitzaidanean itzuli egin nintzen etxera, baina ordurako erabakita neukan neure buruari aukera eman eta neure kontura albisteak ematera Ekialde Hurbilera joatea.

Etxean zela hartu zuten?

Oso ondo. Zorteko naiz, alde horretatik, ze amak eta aitak beti babestu izan baitituzte hartu ditudan erabakiak. Serio hartu dute beti neure lana eta laguntza eta babesa eskaini didate hartu ditudan erabakietan.

Ausardia behar da gazte-gazterik halako erabakiak hartzeko eta gatazka gune den munduko beste puntara joateko…

Bueno, ez dut uste horrenbesterako denik. Miresmena? Ez zait beste munduko kontua iruditzen. Hori bai, eduki behar duzu garbi zer egin gura duzun. Probatu eta txarto irteten bada, itzuli. Horixe da filosofia.

Arabiera ikasten badiharduzu?

Bai, baina bizitza osoko ikasketa prozesua izango da. Oso zaila da-eta. Gainera, sortaldeko arabiera eta Egiptokoa ez dira igualak, asko aldatzen da tokiaren arabera… Ingelesez aritzen gara gu.

Palestinara itzuli zinen 2011ko apirilean?

Bai, eta Udaberri Arabiarraren eraginarengatik protestak izan ziren Palestinan ere, gazteen artean bereziki, Fatah eta Hamasen arteko gatazka konpontzeko eskatzeko. Lortu zen akordioa eta oso interesgarria izan zen. Baina konturatu nintzen momentu hori ganoraz jarraitzeko ez zela nahikoa Palestinan geratzea eta protesta uholde haiek jarraitu nituen Tunisian, Egipton…

Une erabakigarrian eta dagokion tokian egotea tokatu zitzaizun.

Bai, zortea izan nuen. Orain iraultza haren biharamuna tokatzen da. Baina une hura ilusio handikoa izan zen eta albiste ugari sortu zuen.

Udaberri Arabiarra, batetik, Palestina eta Israelen arteko, bestetik. Konponduko da inoiz gatazka hori?

Uste dut ezetz. Konponduko da benetan nazioarteko komunitateak bere erantzukizuna hartzen badu, baina ez dut uste hori gertatuko denik. Geroago eta argiago ikusten dut bi estaturen arteko irtenbidea ez dela posible. Israelek geroago eta kolonia gehiago ditu Zisjordania okupatuan eta Ekialdeko Jerusalemen. Zigorgabetasun osoz jarduten duten bitartean ez dauka atzera itzulerakorik. Gainera, Israelek ez dauka presarik. Oso-oso zaila izango da gatazka konpontzea. Ez da Israel bakarrik, lobby sionista guztia dauka. Izugarrizko eragina dauka nazioarteko politikan. Palestinako Aginte Nazionalaren lehen baldintza izan da juduek koloniak eraikitzeari uztea, baina Israelek ez du hori beteko. Ameriketako Estatu Batuek bitartekari lanetan dihardute, baina, benetan, Israelen alde dago.

Une gordin-gordinak gertutik jarraitzea tokatu izan zaizu.

Iaz, Gazaren aurkako erasoa oso gertutik jarraitu nuen, bertatik bertara, eta gogorra izan zen. Gazatarrek sentitzen duten inpotentzia gogorra da. Zaila izan zen horren berri ematerakoan inpotentzia hori islatzea, erabat blokeatuta baitzaude dagoen toki batetik berri ematen. Badakizu kazetari izatearren ez zaituztela erasotuko, baina erasotua izaten ari den herri batetik informatzen zabiltza eta hori gogorra da. Orain arte kontatu ditudan kronikarik gogorrenak handik egin ditut.

Beldurra gertu-gertutik sentitu izan duzu?

Beldurra zeurekin doa beti. Baina neurriak hartzen ditugu. Esaterako, beti goaz kazetarien hoteletara.

Egipton, Kairon, zaude orain eta tokatu zaizu mundu guztia hara begira dagoenean zu zeu bertan egotea. Zortea?

Intuizioak gidatzen nau, baina jakin egin behar da dagokion tokian eta unean egoten. Apustua egin dut azkeneko urtean Egipton geratzeko, gauza asko gertatzen ari dira-eta. Palestinatik harantz egin nuen. 2011tik ezegonkortasun politikoan murgilduta daude Egipton. Egiptoarrekin hitz eginda, usain zenezake ze etor daitekeen. Esaterako, iazko estatu kolpea iragar zitekeen. Sinadura kanpaina antolatu zen Morsiren aurka hauteskundeak aurrera zitzala eskatuz. Morsik ez zuen kasurik egin. Manifestazioak antolatu ziren eta militarrek hori aprobetxatu zuten estatu kolpea emateko.

Aukera horiek aprobetxatzen jakin behar du kazetariak?

Bai, bai, freelance naizen aldetik, are gehiago. Izan ere, esaterako, EITBko Ekialde Hurbileko berriemailea Mikel Aiestaran da.

Libanon ere ibilia zara.

Bai, 1991n amaitu zen gerra, baina gerra isil baten murgilduta daude, sunien eta xiiten artean. Liskarrak daude ia astero eta hamar egunetik behin lehergailuren batek eztanda egiten du Beiruten. Haien arteko gatazka horrek, akaso, ez dauka horren oihartzun edo garrantzirik mendebaldean, baina Siriako gerrak Libanon izan duen eraginak bai. Errefuxiatu siriar asko dago Libanon, hura oso herri txikia izanik. Interesgarria da lantzean behin Libanora ere joatea.

Zelakoa da zure egunerokoa Kairon?

Asko irakurtzen dut, kalean asko kuxkuxeatzen dut eta gero proposamenak bidaltzen dizkiet hedabideei. Gaiaren arabera, hedabide bati edo besteari proposatzen diot. Esaterako, gazteen gaineko kontua bada, Gaztezulo-ri; gai sakonagoa bada, Argia-ri; politikako erreportajeak, Berria-ri… Gero, Euskadi Irratian astero sartzen naiz eta zerbait handia gertatzen bada, ETBrako egiten dut. Txileko aldizkari espezializatu batzuendako ere egiten ditut kronikak: La Tercera… Niretako luxua da Ekialde Hurbilean berriemaile ari eta neure herriko hedabideendako eta neure hizkuntzan ematea albisteak.

Ze albiste, kronika edo erreportajerekin geratu zara gusturen?

Lanpedusan, Siriako errefuxiatuekin egon ginenean egin nituenekin. Oso interesgarria iruditu zitzaidan. Gero, Egiptoko lider feminista bati egindakoa ere polita izan zen. Elkarrizketatu nuen eta markatu egin ninduen. Gero, askotan, jende arruntarekin asko ikasten da eta sekulako titularrak ematen dizuete. Bestalde, Egiptoko estatu kolpea iragarri nuenekoa...

Zaila da telebistatik kontatzea jendeak oso urrun bizi duen egoera baten gaineko albisteak?

Kezka horrekin geratzen naiz beti, jendeak ulertuko ote duen kontatzen diodana. Saiatzen naiz gauzak kontatzen edozeinek ulertzeko moduan, nire amak ulertzeko moduan. Oso zaila da Egiptoko egoera azaltzea minutu eta erdiko kronika baten.

Zein da freelance moduan aritzearen gauzarik onena eta txarrena?

Gauza ona da zeu zarela zeure buruaren jabe, eta horrek askatasuna ematen dizu hein baten. Eta okerrena da, batzuetan, bakarrik sentitzen zarela, galduta, erreferentziarik barik eta zu zeu zarela erreferentzia bakarra, nahiz eta beste kazetari batzuengandik ikasi.

Zelako harremana daukazue kazetarion artean?

Oso harreman ona da, guztiak garelako freelance-ak, nahiz eta gure lana oso indibidualista izan. Harremanak egiterakoan, toki batera joaterakoan, elkarri laguntzen diogu. Esaterako, Alexandriara bazoaz, Siriako errefuxiatuak elkarrizketatzera, akaso, beste hedabide bateko kazetari batekin zoaz, hari ere interesatuko zaiolako gaia. Konpetentzia handiagoa dago, esaterako, Espainiako hedabide handietan, El Pais edo El Mundo-ko berriemaileen artean… Zeure bidea egin behar duzu inor zapaldu barik.

Lorik hartu ezineko egoerak asko izango dira.

Bai, bai, sarritan, 15 orduko lanegunaren ostean ohera sartu eta begirik itxi ezinda ibiltzea ohikoa da. Halakoetan lasaigarri bat hartu, baleriana bat, eta lo seko!

Kazetari 24 orduetan?

Jakina, informazio guneetara lotuta eta telefonoa beti piztuta eta eskura, inoiz ez itzalita.

Zeintzuk dira zuen informazio iturriak?

Albiste agentziak, webgune alternatiboak, kalea, jendea, sare sozialak…

Ze albiste ematea gustatuko litzaizuke?

Palestinarrekin gutxieneko justizia egin dela kontatzeak asko poztuko ninduke. Baina geroago eta eszeptikoagoa naiz gai horrekin eta ametsa eta ilusioa galdu ditut, Udaberri Arabiarrarekin gertatutakoaren ostean bereziki.

Unerik gordinena?

Bonbardaketa baten ostean, ospitalera joan eta gorpu piloa ikusi izana edo emakume bati kalean zela egiten dioten eraso zeure begien aurrean ikusi izana.

Ez da oso ohikoa freelance kazetaria, euskalduna, Ekialde Hurbilean diharduena eta emakumea izatea. Baldintzatu du zure lana emakume izateak?

Ez dut hori pentsatu gura. Egia da une batean emakumeen aurkako erasoak egon badira, inteligentea dela hara ez joatea emakumea bazara… Baina ez dut sentitu emakume izatearren gauza ez naizela leku batuetara iristeko. Gainera, emakume izatea, batzuetan, balio erantsia ere bada, emakumeekin sortzen den harremanarengatik. Eta Ekialde Hurbileko emakumeak dira benetako indarraren adibiderik garbiena. Nire miresmen guztia dute Ekialde Hurbilean ezagutu ditudan emakumeek. Niretako, haiengana heltzea, emakume izanda, abantaila bat da, kazetari gizonezkoen aurrean. Egia da, beste batzuetan, kostatu izan zaidala batzuek serio hartzea emakume izatearren. Halakoetan, distantzia markatu, tinko jarri, eta lanera zoazela argi utzi behar diezu, serio har zaitzaten. Halakoetan oso gogorra naiz.

Aisialdirako unerik baduzue?

Bai, eta bidaiatzeko aprobetxatzen dut nik. Hori bai, telefonoa beti ondoan. Lagunen bisitak ere izan ditut. Mundua ezagutzeko beste aukera bat da.

Zeregin honetan ikusten duzu zeure burua hurrengo urteotan?

Bai. Baina zaila da esatea bihar non egongo zaren. Edozertarako gertu egon behar duzu, proposamen berrietarako malgutasuna eduki behar duzu. Orain ez naiz gauza hemendik bi hilabeterako plan bat egiteko.

Kazetariak askotariko dohainak izan behar ditu gaur egun. Freelance baten kasuan are eta gehiago?

Bai. Idatzizkoan, Interneten, kameraren aurrean, kameraren atzean, irratian… denetan emateko gauza izan behar duzu. Hori zela egiten den? Praktikatuz. Beste gauza bat da ahalegindu arren denetik eta ondo egiteko gauza garen.

Non egongo da notiziaren fokua datozen hilabeteotan?

Sirian, eta ikusi beharko Siriak ze eragin izango duen Libanon, ze han gerrak ere eztanda egin baitezake. Eta ikusteko dago zer gertatzen den Israelen eta Palestinaren artean, Turkian ere ezegonkortasun handia dago… Ekialde Hurbila beti da albiste-foku. Azkenaldian, Italian ere ari naiz asko.

Geroago eta mendebaldekoago ala islamaren aldekoago dira Ekialde Hurbileko herrialdeak? Zein da joera?

Islamiarren eragina gero eta nabariagoa dela, Europaren edo mendebaldearen eraginaren erreakzio moduan. Gero, Ekialde Hurbileko eskualdean bertan dago gerra garbi bat Saudi Arabiak inposatutako joeraren eta Iranenaren artean. Bi herrialde horien arteko joerak gainerako herrialdeetan zabaltzen ari dira. Ikusi behar zein gailentzen den. Borroka ekonomiko eta politiko izugarrizkoa dago. Saudi Arabiak, esaterako, Egiptoko militarrak babesten dihardu, Anaia Musulmanen aurka.

Iturria: GOIENA.net

http://gipuzkoakoartisauak.net/images/logo_dipu.jpg