Inicio de sesión

PostHeaderIcon Amaia Albes: "Zer egingo nukeen berriz? Nire negozioa muntatu"

Ekintzailea eta diseinatzailea da Amaia Albes arrasatearra. Moda eta diseinua ditu bokazio, eta bere kontura ireki zuen negozioa. Mankomunitateak Arrasaten ekintzaileendako dituen lokaletako baten dauka tailerra. Bere ezaugarria da soineko eta arropa guztiak neurrira eta enkarguz egiten dituela.
Amaia Albes, bere tailerrean | Ikusi handiago | Argazki originala

Zelakoa da Amaia Albes?

Pertsona zabala, perfekzionista eta, jendeak esaten didanez, beti irribarrez, poz itxura duena.

Ze harreman daukazu sukaldearekin?

Oso txarra, kozinatzea ez zaidalako ezertxo ere gustatzen. Oso sukaldari txarra naiz; egin behar badut, egiten dut, baina mutil-laguna da biotatik sukaldaria. Jatun gisa, orain, hobea; lehen, mizkin samarra nintzen.

Zein da zure espezialitatea?

Postreak, oso gozozalea naizelako.

Zertara gonbidatuko zenuke lagunik onena, eta non?

Kostaldeko lekuren batera, arrain freskoa plantxan edo txingarretan erreta jatera.

Eta etsairik handiena, zertara?

Gustatuko ez litzaiokeen zerbaitera.

Gustura zeinekin jesarriko zinateke mahaiaren bueltan?

Mutil-lagunarekin. Pertsonaia ezagunen batekin ahal izango banu, Balentziagarekin, beharbada.

Zergatik diseinatzaile?

Txikitatik gustatu izan zaidan zerbait delako.

Zelakoa da modaren eta diseinuaren mundua, kanpotik ikusten denaz aparte?

Gogorra, zaila eta lan ordu asko eskatzen dituena. Lehiakorra ere bada, baina zeri begiratzen diozun arabera; adibidez, Txinatik ekartzen den arropak kostu txikia duela jakinekoa da; bestalde, arropa asko badago, baina neurrira egindakoa, ez… Ze baloratzen duen norberak...

Zein miresten duzu modan?

Gori de Palma; azkenaldian geldi samar dabil, baina bere estiloa asko gustatu izan zait betidanik.

Zertan zabiltza orain lanean?

Ezkontzak, ezkontzak eta ezkontzak! Horietarako arropak egiten nabil.

Moda-diseinatzaile izango ez bazina, zer izango zinateke?

Diseinuarekin zerikusia izango lukeen beste zerbait; etxe barruko diseinatzaile, beharbada. 

Zer da zuretako ezinbesteko bizimodu horretan?

Sormena eta esku ona izan behar dira.

Iratxoek hiru desio betetzeko aukera eman dizute... 

Bi eskatuko ditut: denbora libre luzeagoa izatea eta bidaiatzeko asti luzeagoa izatea.

Damu zara…

Ez da damua, daukadan pena bat baizik: Erasmus programarako izena eman nuen, Milanera joateko, eta ez zen aukerarik izan. 

Berriz egingo zenukeen zerbait?

Nire negozioa muntatu. 

Zerk beldurtzen zaitu?

Armiarmek izugarrizko beldurra ematen didate. 

Lanetik irten, etxera iritsi, sofan eseri eta…

Sofan jesartzerik banu… Normalean, sofan esertzen naizenean domeka bazkalostean izaten da. Une horietan filmen bat ikustea gustatzen zait.

Nora egingo zenuke ospa gustura?

Uharteren batera, edo Jamaikara, adibidez.

Anekdotaren bat…?

Animaliendako arropak egitea eskatu izan didatenekoa. Egin nituen, baina orain ez nituzke egingo, mesede gisa ez balitz, behintzat. Ez dut animaliendako diseinatzaile gisa espezializatu nahi!

Ze aholku konpartituko zenuke?

Bizi ezazu egun bakoitza azkenekoa balitz bezala.

Iturria: GOIENA.Net

http://gipuzkoakoartisauak.net/images/logo_dipu.jpg