Inicio de sesión

PostHeaderIcon Aldundiak Arrasateko Kiro Robotics enpresa bisitatu du.

Aldundia enpresa ezberdinei bisita egiten ari zaizkio. Jon Peli Uriguen Berrikuntza diputatuak azpimarratu du Gipuzkoak berrikuntzan inbertitzeko gogoa duela. Bestalde, gai ekonomikoekin jarraituz, Fagor Etxetresnen auzian, diputatuak nabarmen du “guretzat proiektu interesgarriena dela enplegua epe luzera bermatzen duena”.

595.Kiro.Robotics.Aldundi.Bisita2 (id: 6630845)


Testua eta argazkiak: Gontzal Landa Herbias / 2014ko apirilak 28, astelehena

Aldundiko ordezkariak bisitak egiten dabiltza Gipuzkoan zehar, eta gaur eguerdian Garaia Berrikuntza Guneko Kiro Robotics bisitatu dute. Enpresa hau Mondragon Talde barruan kokatzen da. Bileran ordezkari hauek parte hartu dute:

  • Jon Peli Uriguen, Aldundiko Berrikuntza diputatua
  • Pedro Iturbe, Aldundiko Garapen Ekonomikorako diputatua
  • Naiara Telleria, Kiro Roboticseko gerentea
  • Mikel Alvarez, Mondragon Healtheko zuzendaria
  • Javier Sotil, Mondragon Korporazioko ordezkari

Ahaldun nagusiak, Martin Garitanok, bertan parte hartu behar izan zuen, baina osasun arazoengatik ezin izan du. Gaur eman diote ospitaleko alta.

 

Goizean Candy enpresa bisitatu dute Bergaran. “Candy etxetresnen sektorekoa da, eta zigortuta egon da, bai behintzat astindua, Fagor Etxetresnen aferaren ostean. Arriskuan dagoen sektore bat da”. Candyko bisitan Aldundiari azaldu dizkiote “ze arazo, behar,… dituen enpresak”.

 

595.Kiro.Robotics.Aldundi.Bisita (id: 6727095)

Kiro Robotics, berriz, berrikuntzan oinarritutako enpresa bat da, medikuntza sektorekoa, “sektore zaila”, baina “Kiro Roboticsek lortu du medikuntzako sektorean leku bat egitea”.

Horrek erakutsiko luke “Gipuzkoak badaukala berrikuntzan inbertitzeko gogoa. Gipuzkoak Europako batez bestekoak baino gehiago inbertitzen du berrikuntzan”.
Debagoienean 100 milioi baino gehiago inbertitu ziren berrikuntzan eta garapenean 2012an.

Berrikuntzako diputatuak, Jon Peli Uriguenek, adierazpenak egin ditu bilera hasi aurretik, eta azpimarratu du “bere garaian, Fagor Etxetresnekin gertatu zena gertatzerakoan, apustu egin genuela hemen ere lanketa egiteko. Milioi euro bat baino gehiago inbertitu da berrikuntzan”.

Arrasateko berrikuntza alorrarekin jarraituz, Aldundiak berretsi du Saiolan finantzatzen jarraituko duela:

“Hasieratik Aldunditik adierazi dugu Saiolan estrategikoa dela. Orain hausnarketa fase batean ari gara, bai Saiolanen, bai Bic Berrilanen, gauzak nola hobetu daitezkeen zehazteko. Jaurlaritzak ere apustu egin du Saiolanek Arrasaten jarrai dezan”.

Fagor Etxetresnetako jarduera ekonomikoki bideragarriei dagokienez, “guk hasieratik adierazi genuen bideragarriak diren jarduerei garrantzia eman behar zaiela. Mondragon Taldea bere lana egiten dabil birkokapenekin, eta egia da jende asko birkokatu duela”.

Bestalde, Aldundiak sustatuko du Cevital eta Cataren erosketa? “Gu hasieratik izan gara ahalik eta enplegu gehien salbatzearen alde. Guretzat proiektua ez da epe motzekoa, proiektu interesgarriena da enplegua epe luzera bermatzen duena. Horretan jarraituko dugu”.

Iturria: MONDRABERRI.com

http://gipuzkoakoartisauak.net/images/logo_dipu.jpg