Inicio de sesión

PostHeaderIcon 200 ekintzaile bilduko dira elikaduraren eta gastronomiaren sektoreko ekintzaileentzako Lehen Nazioarteko Foroan.

Hitzordua otsailaren 3an eta 4an izango da Basque Culinary Centerren, eta nazioko nahiz nazioarteko ekintzaile ospetsuek eskainitako hitzaldien eta tailer praktikoen bidez egituratuko da.

Den-denok ohartzen gara elikaduraren sektorea enpresa-jardueraren sektore garrantzitsua dela eta herrialde baten ekonomiaren adierazle handiak mugiarazteko gaitasuna duela. Negozio horrek hainbat eta hainbat jarduera garatzeko aukera eskaintzen duten azpisektore ugari ditu, eta horietako batzuk, ziurrenik, oraindik deskubritu gabe daude. Negozio berrietara, negozio-aukeretara, negozioaren etorkizunera, erronketara eta funtzionamendu-mekanismoetara zuzendutako enpresa-ikuspuntutik sektore horri buruz hausnartzeko asmoz, Basque Culinary Centerrek elikadura- eta ekonomia-alorreko ekintzaile guztientzako topagune aktiboa izan nahi duen ekimena jarri du abian. Hain zuzen, sukaldaritza-alorreko ekintzailetzara zuzendutako topagunerik garrantzitsuena antolatzea da asmoa. Helburua? Sektore horretan enpresa-asmorik duen pertsona orok asmo hori garatzeko aukera izan dezala, mundu osoko ekintzaile aitzindarien aldetik horretarako behar duen aholkularitza eta laguntza jasota. Azken batean, ideia bat edo negozio-eredu berri bat abian jarri eta arrakasta izateko eta joerak eta negozio-aukera berriak identifikatzeko gakoak ezagutaraztea da helburua.

 

Topagunea bi egunetan, otsailaren 3an eta 4 egingo da Mondragon Unibertsitateko Gastronomia Zientzien Fakultatea-Basque Culinary Centerren, eta erreferentziako adituen hitzaldien eta tailer praktikoen bidez egituratuko da. Horretaz gain, baina, partaideek 7 tailer espezializaturen artean aukeratu ahal izango dute.

 

590 (id: 3713216)

 

 

Sektore zabal-zabala

 

'Elikaduraren zakua’ betetzen duten osagaien inguruan pentsatzen hasiz gero, ziurrenik harritu egingo gara zenbat ekuaziok osatzen duten ikusita; izan ere, elikagaiak, errestaurazio-lokalak, bertako sukaldaritzari esker bezeroak erakartzen dituzten ostalaritza-establezimenduak, sektoreari lotutako ikerketa, erakartzen duen turismoa, ardoaren eta sommeliergintzaren mundua eta abar luze bat sartzen dira bertan, elikaduraren eta gastronomiaren kontzeptu zabala bete arte.

 

Horiek guztiak aztertu eta sektorerako hurbilpen zehatza egiteko asmoz, Basque Culinary Centerrek hitzaldi eta tailerrak antolatu ditu. Horien bidez, gainera, negozio berriak sortu eta dinamizatzeko eragile-eginkizuna azpimarratzen du BCCk. Guztira bederatzi hitzaldi aurkeztuko dira, sukaldaritzaren sektorean nazioartean ospetsuak diren ekintzaileen eskutik. Zehazki, honako hauek izango dira hizlariak: Andoni Luis Aduriz, chef handiekin lanean hasi zen chefa, Mugaritzen bakarka hasi ondoren, gaur egun munduko jatetxerik ezagunenetakoa bihurtu duena, bi Michelin izarrekin; Fraser Doherty, 14 urte zituela amonaren errezeta erabiliz % 100ean frutaz egindako mermelada saltzen hasi eta gaur egun, 25 urterekin, munduko 2.000 supermerkatu baino gehiagotan saltzen duena; Carlos Yescas, Mexikoko Gaztaren Institutuaren sortzaileetako bat, arrebarekin batera Mexikoko artisau-gaztak sustatu eta tokiko ekonomia bultzatzen duen Lactography enpresa sortu zuena; Antonio Muiños, kontserbako perretxikoekin lanean jardun ondoren, algen merkatuan sartu eta gizakiek jateko algak bildu, eraldatu eta banatzeko munduan erreferentzia bihurtu dena; Domingo Ojea, Happy Pills markaren bidez gominolak berriztatu et lokalen eta packagingaren diseinuari esker, pertsona helduentzako marka sortu duena; Xavier Güel serieko ekintzailea, besteak beste Tendencias-TV, Cava&Twitss eta abar abian jarri ondoren, Sinabritus.us, mokofinentzako lehen klub pribatua sortu berri duena; Gianola Nonino Nonino italiar markako zuzendaria, Italiako grappa berpiztu eta edari horren merkatua irauli eta berritzea lortu duena; Víctor Alarcón, emaztearekin batera Madrilgo San Miguel handizkako merkatua birgaitu eta gastronomia kultur ekintza bihurtzen duen Sukaldaritza Kultur Zentroa sortu duena; eta Garikoitz Rios, Bizkaiko mahastizaintza berreskuratzen aritu ondoren, ingurumena errespetatzen duen Itsasmendia upategia sortu zuena, txakolina ez ezik beste ardo batzuk ere prestatzeko.

 

Hizlari horiekin batera, beste hainbat adituk ere hartuko dute parte, hala nola Maria Canabal joera-bilatzaile eta argitalpen ospetsuen laguntzaileak; Marta Fernandez Gatroeconomyko gastronomia-kazetariak; Xabier de la Maza serieko ekintzaileak; eta Aiala Hernando kontsultore sortzaile, argazkilari eta sukaldaritza-estilistak.

 

 

Tailerrak

 

Hizlari eta adituekin batera, Basque Culinary Centerrek ekintzaileen neurrira egokitutako 7 tailer ere antolatu ditu, sektoreak hartzen dituen negozio eta jarduera-eremuen ikuspegi zabala eskaintzeko asmoz.

 

-  Negoziotik ideiara: 48 hours food incubator

48 ordu igaro aurretik ideia bat negozio-plan erreala bihurtzeko gakoak eskainiko dituen tailerra. Inbertsiogileek dinamizatuko dute tailerra, eta beraiekin proiektuetarako feedbacka eta monitorizazioa jasotzeko aukera egongo da.

 

- Produktutik finantzaketara: ideiak mostradorearen beste aldetik

Finantzaketa- eta inbertsio-alorreko adituekin batera arituz, gaur egun merkatuan dauden finantzaketa-iturriak aztertzea da tailerraren helburua: ekintzaileentzako laguntzak, crowdfundinga, inbertsio pribatua, etab.

 

- What is next: "elikagai bat, negozio bat" elikadura

Nekazaritzako elikagaien sektorea zehaztuko duten joerak era aktiboan erakusteko tailerra izango da. Honako galdera hauei erantzungo zaie, besteak beste: zein dira gaur egungo joerak? Nora begiratu behar dugu? Nork zehazten ditu joera horiek?

 

- What is next: gastronomiako joerak

Tailer honetan, jatetxeen alorreko joerak zehaztuko dituzten negozio-ereduak aurkeztuko dira. Euren negozioen barrenak erakutsiko dituzten chefek hartuko dute parte tailerrean.

 

- Zure negozio-eredua diseinatzeko osagaiak

Tailerrari esker, proposamen balioduna eta negozio-eredua diseinatzeko oinarrizko tresna eta teknikak ezagutuko dira, bertara negozio-ideia zehatz batekin joan behar izan gabe.

 

- Ekintzailea izatea: pasiotik negoziora

Tailer honetan, arrakasta eskuratu duten bi ekintzailek pasioa lanbide bihurtzeko euren sekretua kontatuko dute. Aldi berean, gainera, hainbat galderari ere erantzungo diete: nola lotu pasioa eta lana? Zein dira arrakastaren gakoak? Nola ikasi porrotetik?

Matrikulak 120 euro balioko du, eta 80 euro lanbide heziketako eta unibertsitateko ikasleentzat. Informazio gehiago nahi izanez gero, www.culinaryaction.com webgunea bisita dezakezu.                   

Iturria: MONDRABERRI.com

http://gipuzkoakoartisauak.net/images/logo_dipu.jpg