‘Putzutik Plazara’ podcast serie bat egin dute MUko ikus-entzunezko graduko ikasleek.
Podcast serie bat sortu dute Mondragon Unibertsitateko ikus-entzunezko graduko lehen mailako ikasleek. Podcast guztiek hartu dute euskara abiapuntutzat. Euskararen egoeraz ari diren abesti baten letratik abiatuta osatu dute ordu erditik gorako podcast bana: hamabi talde, hamabi kantu, hamabi gai, hamabi podcast. Euskal musikaren krisia, euskararen erabilera, beste hizkuntzen mehatxua, euskalduntze prozesua eta gaur egungo egoera, aurreiritziak, boterea, estres linguistikoa, langile borroka, euskararen eta teknologiaren arteko harremana… Podcast guztien artean 58 elkarrizketatu daude, haien artean, Sagrario Aleman, Pako Aristi, Xamar, Kike Amonarriz edota Bea Salaberri. Astero argitaratuko da atal berri bat, Zuzeu-n eta Spotify-en.
Bizardunak taldearen “Nazi de fresa” kantua aztertzen dute lehen podcasten. Hariari tiraka, “euskal” itxura ulertzeko erak eta erakutsi nahi den irudiari buruzko gogoetak egin dira. Nolako itxura eman nahi dugu eta nolakoak gara benetan? Gai honetaz hitz egiteko, Jose Mari Carlos, Asisko Urmeneta, Koldo Leoz eta Monika Depriten elkarrizketak egin dituzte.
Iturria: mondraberri.eus